Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
FATHER MOTHER SISTER BROTHER

Keinu txikien indarra

Veneziako Zinemaldiko aurreikuspenetan “The Voice of Hind Rajab” goian ageri bazen ere, “Father Mother Sister Brother” gailendu zen, eta azken film honek eskuratu zuen Urrezko Lehoia.

Gertaera beraren inguruan egituratutako hiru ataletan banatuta dago filma: familia bateko kideen berrelkartzea. Dagoeneko helduak diren anai-arrebak, urte luzez elkar ikusi gabe egon ondoren, berriz topatuko dira. Topaketa horrek, baina, konpondu gabeko tentsioei aurre egitera eramango ditu, baita emozionalki urrun dauden gurasoekin dituzten harreman tirabiratsuak berriro aztertzera ere.

Hiru istorio hauetako bakoitza herrialde desberdin batean girotuta dago: “Father” AEBn; “Mother” Dublinen; eta “Sister Brother”, berriz, Parisen.

Filmaren gai nagusietako bat denbora da: distantzia gisa eta izan ginenaren eta gaur garenaren artean tartekatzen den elementu gisa. Atal bakoitzean, familia loturak arrastoz beterik agertzen dira: urrunaldi luzeak, hitzez adierazi gabeko gaitzespenak eta galdutako aukeren sentsazioa. Jarmuschek melodramatik ihes egiten du; konfrontazio leherkorren ordez, keinu minimoak, elkarrizketa itxuraz hutsalak eta esanahiz betetako isiluneak lehenesten ditu. Filmaren emozioa, hain zuzen ere, zirrikitu horietan sortzen da.

Triptiko delikatu eta pausatua da; istorioa xumea da itxuraz, baina zuzendaritzaren zehaztasunak eta sotiltasunak sakontasun handia ematen diote kontakizunari; izan ere, filmaren indarra ez dago erakusten den horretan, ikusitakoaren inguruan eraikitzen eta irudikatzen den horretan baizik. Narratibak klimax dramatiko handiak saihesten ditu, eta itxuraz hutsalak diren momentuetan, isiluneetan eta elkarrizketek baino gehiago azaleratzen duten begiradetan zentratzen da.