«Gure esperantzak elkarlan zail baten mende daudela onartzea da erronka»
Uharte Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria da Oskia Ugarte (Iruñea, 1978). Arte historialaria eta kultura kudeatzailea, besteak beste, Oteiza Museoan, San Telmo Museoan eta Kursaal Elkargunean aritu da aurrez. Arteak zubiak eraikitzen dituela sinetsita, zentroaren norabide aldaketaren lemazaina da.

Uharte Arte Garaikideko Zentroa Nafarroan arte garaikideari eskainitako azpiegiturarik handiena da, baina 4.500 biztanleko Iruñerriko herri txiki batean dago kokatua. 2007an inauguratu zuen Udalak ekinbide propioz eta 2009az geroztik lagapen moduan kudeatzen du izen bereko fundazioak; Foru Komunitateko Administrazioaren babespean dago eta Kultura eta Kirol Departamentuak kudeatzen du. 2016an zentroaren proiektuak eraldaketa bide bati ekin zion.
Bira asko eman ditu zentroak bere ibilbide laburrean.
Pentsa dezakegu Uharte Zentroa modu ezegoki batean jaio zela. Udal txiki batek holako tamainako proiektu bat sustatu zuen eta, nola ez, handik urte batzuetara Nafarroako Gobernuak sartu behar izan zuen ekuazioan jasangarria izan zedin. Artean, bereziki arte garaikidean, oso ohituak gaude halako erabakietara. Eta halaxe ikusten du gizarteak, erokeria moduan. Hego Euskal Herrian hainbat adibide daude, zeinetan lehenik edukiontzia dugun eta ostera zentzua eman behar zaion. Hemen ere arazo hori dugu eta lehen lerroan bizi dugu galga hori. Uharteko biztanleekin harremana askotan horrek markatu izan du.
2016an Elisa Arteta, Nerea de Diego eta Betisa Ojangurenekin batera zuzendaritza talde berria osatu zenuten. Nolako giroa sortu zen proiektuan?
2015ean aldaketa politikoa izan zen Nafarroan eta ate berriak ireki ziren. Arte garaikidea beti ibili izan da apur bat noraezean eta erakunde publikoetatik at geratu izan da. Garaia zen komunitate artistikoan zer gertatzen zen begiratu eta nola lagundu pentsatzeko.
2016an Patronatuak ateratako lehiaketan parte hartu genuen. Bertan zehazten zen baldintza edo ikuspegia hori zen: ez dezagun soilik erakusketaren une horretan jarri arreta eta beha diezaiogun balio kate horri guztiari, zer gertatzen den aurretik eta ondoren. Zer gertatzen da prozesu artistikoarekin? Zer behar du artistak? Nola lor dezakegu komunitate artistiko sendo eta kritikoa izatea? Lantalde bat hasi ginen pertsona bakarrak betetzen zuen kargu horretan modu kolektiboan lanean eta aldaketa oso handia izan zen. Zentroa benetako laborategi bihurtu zen, kultura kudeaketari dagokionez baina baita eraikinaren erabileran.
Uharteko herritarrekin harremanak orduan hobetu ziren?
Elkar ulertze desberdin bat lantzen hasi zen. Argi dugu afera hori ez dela modu bakarrean ebatziko, denbora beharko da. Bederatzi urte pasa dira eta pozik gaude emaitzekin baina lanean jarraituko dugu berdin. Orube honetan hestebeteak egiten zituen lantegia egon zen 40 edo 50 urtez. Jaten eman zion herriari. Enpresak porrot egin zuen eta eraikina bota zuten. Herriko idearioan zeuden gauza guztiak bat-batean akabatu ziren eta, leku berdinean, arte garaikidearentzako gauza bat sortu zuten. Jendeak ez zuen ulertzen zertarako zen. Gizartearen edo herriaren eta Uharte Zentroan gertatzen diren gauzen artean lotura bat ezarri nahi badugu, haien historiaren parte bihurtu behar dugu. Beraiek izan behar dugu, herria izan behar dugu.
Udalak, zentroarekin batera luxuzko spa bat eta izotz pista bat eraiki zituen. Jendeak hemen ez du inongo tradiziorik izotzean patinatzeko, ez dago ur termalik. Ez zieten herritarren premiei erantzun. Kultura eskubideak ez dira bermatzen egitasmoa kanpotik badator. Ez du funtzionatuko. Kultura eskubideak bermatzen dira kultura ikusi, erabaki eta parte izateko ditugun beharrak asetzen direnean. Zurea sentitzen duzunean mobilizatzen zara, bestela oso zaila da. Guztiok kultura egiten dugulako kontzientzia piztu beharko genuke. Ez da hain beharrezkoa jakitea zer diren zehazki kultura eskubideak, baina bai argi izan beharko genukeela sortzen dugun hori kultura dela, gobernuek babestu behar dutela eta bermatu behar dutela momentu horiek gertatzea. Nik uste horretan datzala gehienbat gaur egun kultura kudeaketan eta eskubide kulturaletan gabiltzanok kontuan izan behar duguna.
2019an Nafarroako Parlamentuak Kultura Eskubideei buruzko Foru Legea onartu zuen. Nola baloratuko zenuke egindako ibilbidea?.
Nik uste urrats garrantzitsua izan zela. Une horretan Kultura Departamentuak egin zuena ia bisionarioa izan zen, oraindik ez baitzen gehiegi entzuten kultura eskubideen afera. Orain 2025ean gaudela, interesgarria litzateke lege horrek izan ahal dituen aplikazioak garatzen hastea eta ikustea. Bestela asmo oneko deklarazio hutsa izango da. Euskarari dagokionez, esaterako, legean ez du ezer zehatzik proposatzen, baina legearen bidez zerbait zehatza egin daiteke. Erakusketa bat Tuterara eramaten bada, erakusketa elebiduna izatea oso garrantzitsua iruditzen zait, badagoelako portzentaje txiki bat euskaraz hitz egin nahi duena, euskaraz bizi nahi duena. Beraz, zergatik ez dizkiegu bermatuko pertsona horiei beren kultura eskubideak? Eta hori lege horren bidez egin daiteke.
EAEn ere aurreikusia dago 2026an kultura sistema arautzeko lege proiektua aurkeztea. Nola eragiten du lurralde zatiketak?
Erronka handiena elkarlana da. Jar gaitezke ametsari heltzen eta pentsatzen etorkizunean herri bakar bat izango garela, baina oraintxe bertan lanerako daukagun bide bakarra elkarlana da. Elkarlana, beti, zerbait deserosoa. Elkarlana egitea ez da erosoa. Niretzat hor dago oraintxe bertan erronka handiena: gure esperantza guztiak elkarlan zail baten mende daudela onartzea.
Kultura eta hizkuntza bat partekatzen dugu eta, hori ez baldin badugu partekatzen erakunde publikoetan, ez dago lan handirik egiteko. Gizarteak, herriak, beti egingo du. Beti egin izan du eta horregatik iritsi gara iritsi garen tokira, baina, egia esan, aurrera egin nahi baldin badugu, erakundeen arteko lankidetzan ikusten dut erronkarik handiena eta aldi berean aukerarik politena.
Kultura bitartekaritza defendatu izan duzu tresna gisa.
Bai, bitartekaritza da nire ustez arteak duen tresna handiena. Kultura zubiak eraikitzea da. Egun erakusketen eredua agortua dago, baina badira bestelako modu hurbilago eta lasaiagoak. Jatorrizko artistaren eta ikuslearen artean dagoen hierarkia deseraikitzen baldin badugu, beste agente batzuk sartzen baditugu, eta zu artista zaren bezala ikusle bazara eta alderantziz, nik uste dut hor badagoela bitartekaritzarako oso eremu emankorra.
Patronatuak ezezkoa eman dio Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektuari. Zer ondoriozta liteke?
Berri pozgarria da, alde batetik, kanpotik datozen proiektuak lurralde txiki batean bonba bat izan daitezkeelako. Uharte Zentroa hori zen neurri batean, kanpotik zetorren amets bat. Udalak hartutako erabakia zen, baina kanpotik zetorren eredu bati erantzuten zion eta ez horrenbeste hemengo beharrei. Urdaibain gertatu behar zuenak horixe bera zirudien. Eta ziur aski ez zien bertako biztanleen beharrei erantzuten. Turistifikazioaren aurkako hausnarketa ere nahasten da kasu honetan.
Arteari begiratzen badiozu, sorkuntza prozesuak ez dira horrela gertatzen. Bilbora joanez gero, mugimendua ez dago Guggenheimen, Guggenheimen turistak daude. Mugimendua dago Okelan, Bulegoan, La Taller-en, Consonnin, Iruñean La zurda izan zenean… Halako espazio txikietan sortzen ari da gure kultura eta artea.
Nolako kultura erakundeak behar ditugu?
Arte erakunde asko eta mota askotakoak behar ditugu. Pribatuak eta publikoak, ekimen handiak eta txikiak, auzokoak eta hirikoak. Artea ez baita gertatzen toki edo modu bakar batean. Geruza guztietan sortu behar ditugu arte erakunde eta mugimenduak. Eta ez gaude puntu horretan, beste aldean gaude. Uharte Zentroan harremanei ematen diegu garrantzia. 2016an egin genuen lehen gauza jantoki bat egokitzea izan zen. Bazkaltzeko momentu hori oso anekdotikoa gerta daiteke, baina errealitatera eramaten gaitu askotan. Garrantzitsua da prozesuari, ikerketari eta esperimentazioari tokia ematea. Akatsa hor dagoelako eta akatsa oso interesgarria da. Uste dut, besteak beste, horrek Uharte Zentroa zer den definitzen duela eta baita ere oso esportagarria dela beste toki batzuetara.
Ekitaldi handien garaian, non gelditzen dira egitasmo txiki edo autogestionatuak?
Beste maila batean gelditzen ari dira eta oso garrantzitsuak dira. Gauza interesgarriak gertatzen ari dira Iruñean zein Euskal Herrian. Hemen adibidez La zurda gunea edo DLC Kultur plataforma daude. Guretzat seinalerik hoberena da halakoak sortzea. Baina egia da garai ilunak direla eta halako proiektuek ez dutela babes handirik. Erakundeen babesa falta zaie espazio horiei.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
