Ansa II.a eta Zubiri txapeldun, «gora erremontea!» oihukatu den egunean
Hiru setetan irabazi diote Ezkurra II.ak eta Larrañagak osatu duten bikote handiari (2-1). Urdinak emozioz beteriko lehen jokoan gailendu dira, baina gorriz jantzitako erremontistek ez dute txapela janzteko aukera galdu nahi izan eta markagailua irauli dute.

Denek badakite erremontea ez dagoela bere momenturik onenean. Baina atzo Hernaniko Galarretan ikusitakoa kontuan hartzen badugu, alde guztiek baliabideak jarri beharko lituzkete mahai gainean etorkizun labur-ertainean kirol honek bere bidea egiten jarraitu ahal izateko.
Oriamendi 2010 enpresak erremonte profesionalaren kudeaketa utziko du urte honen amaieran eta diziplinaren etorkizuna kolokan dago. Azken hilabete edota asteetan aurrerapausoak eman direla baieztatu badute ere, benetan hala dela ikusi arte inor ez da lasai geratuko. Baina gauza bat argi dago: erremontistek kantxa barruan dena ematen jarraituko dute beti.
Hala erakutsi zuten atzo, Binakako finalean, Ansa II.a-Zubiri eta Ezkurra II.a-Larrañaga bikoteek. Goraino bete zen Galarretan, lau pilotariek sekulako maila erakutsi eta zaleek ikuskizunaz goza zezaten lagundu zuten. Pentsa, hiru setetan erabaki zen eta txapelak, lehen aldiz, Ansa II.aren eta Zubiriren buruetan ezarri ziren.
Egia da galtzaileek zapore gazia izango dutela, noski, baina dena bikain atera zela esan behar da. Hasteko, finala egun bat aurreratzearen ideiari bikain erantzun zioten zaleek. Goraino bete zen Galarreta eta azken momentuan sarrerarik ez zutenak ere pilotalekura sartzeko asmoarekin iritsi ziren. Eta, ondoren, lau erremontistek kirol honen edertasuna zeruraino eraman zuten.
Kolore guztietako tantoak egin zituzten lau protagonistek. Partidaren hasieran, gorriek hartu zuten aurrea, Imanol Ansari pilotarik ez baitzioten kentzen urdinek. Binakako Txapelketa bakarrik falta zitzaion urnietarrari eta amorru biziz ekin zion lehiari. Horren erakusle da 5-3koa. Kasu horretan, gorriak kexu ziren sakean Ezkurra II.ak pilota jo zuelako eta epaileek tantoa jarraitzen utzi zutelako.
Gauzak hala, gorriak 10-6 aurreratu ziren eta bazirudien lehen seta bideratuta zutela. Gaizki pentsatua, ordea. Txapela jokoan dagoenean, inork ez du amore eman nahi, eta urdinek, Larrañagak sakearekin asmatuz eta Ezkurrak min eginez, 0-6ko partzial bat sinatu zuten 10-12raino.
Ez zen nahikoa izan gorrien morala apurtzeko. Izan ere, urdinek ez zuten elkar ulertu, eta 12na berdintzea lortu zuten, eta denek pentsatu zuten Ansa II.a-Zubiri bikotearen aukera izango zela lehen jokoa irabazteko. Inor ez zegoen prest seta oparitzeko eta baliteke partidako tantorik ederrenak orduan ikustea. 12-14koan, lau pilotariak bikain aritu ziren borrokan eta erasoan, baina Ezkurra II.a izan zen saria jaso zuena bi pareta ikusgarri batekin. «Gora erremontea!» oihukatzeko unea izan zen.
Hala ere, Ansa II.ak bi tanto egin zituen jarraian (14-14) Galarretan instalatuta zegoen emozioa gehiago pizteko... Eta berriro agertu zen Josetxo Ezkurra bere maila erakutsi eta lehen jokoa urdinei emateko.
HIRUGARREN SETEAN
Emozioak sekulako beherakada izan zuen bigarren setean. Gorriak nahiko erraz gailendu ziren (15-6), bereziki Aritz Zubirik sakearekin asko asmatu zuelako. Goizuetarrak partida sakez egindako hamar tantorekin amaitu zuen eta horietako bost set honetan izan ziren.
Urdinek ez zuten pilota usaindu. Agian atseden hartzeko baliatu zuten joko hau, hirugarren eta azkenekoan dena eman ahal izateko, baina ez zitzaien ondo atera.
Azken setean, dena orekatua hasi zen. Ezkurrak 0-1ekoa egin zuen bien tartera, Larrañagaren huts batek 1-1ekoa ipini zuen, Ansak 2-1ekoa egin zuen atzean, Zubirik sakez asmatu zuen 3-1ekoan, Ezkurrak abantaila txikitu eta atzelariak berdinketa ipini zuen berriro...
Baina hortxe amaitu zen partida. Berdinketarekin, Iban Larrañagak sakez pasa egin eta hurrengo jokaldian motz geratu zitzaion, 4-3koa gorrientzat izanda. Ansa II.ak eta Zubirik seigarren martxa ipini eta zortziraino joan ziren aurkariak gailendu eta lehen aldiz Binakako txapela janzteko.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
