GARA

Estatu Batuen esku-hartzeak ez dira arrotzak Latinoamerikan

Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako erasoa Latinoamerikan egin duten azken esku-hartzea baino ez da. Hildako asko eragin dituzte bai aitortutako erasoek, bai beren gain hartu gabekoek. Hugo Chavez zenak eta Nicolas Madurok 2002an bi egunez Chavez boteretik kendu zuen estatu-kolpe saiakera ere egotzi zioten AEBri.

Soldadu estatubatuarrak Panaman, 1989an, «Kausa Justua» operazioan.
Soldadu estatubatuarrak Panaman, 1989an, «Kausa Justua» operazioan. (Manoocher DEGHATI | AFP)

Hugo Chavez presidente ohiak bezala, Nicolas Madurok, orain bere emaztearekin batera AEBk bahituta dagoenak, behin baino gehiagotan egotzi izan diote Washingtoni estatu-kolpe saiakerak babestea; esaterako, 2002an bi egunez Chavez boteretik kendu zuena.

Gerra Hotza zelakoa hasi zenetik, AEBren esku-hartze ugari izan dira Latinoamerikan, bere gain hartu ez dituenez gain.

GUATEMALA

1954ko ekainaren 27an, Guatemalako presidente Jacobo Arbenz Guzman kargutik kendu zuten Washingtonek entrenatu eta finantzatutako mertzenarioek, nekazaritza erreforma bat zela-eta enpresa estatubatuar boteretsu baten interesak mehatxatzen baitzituen.

2003an, AEBk bere historia ofizialean jaso zuen CIAk estatu-kolpe honetan izan zuen papera, «komunismoaren aurkako borrokaren» izenean.

KUBA

1961eko apirilaren 15ean, AEBk bidalitako B-26 hegazkinek Kubako baseak bonbardatu zituzten, CIAk entrenatutako mertzenarioek osatutako 2506 Brigada zelakoa Playa Gironen lehorreratzea errazteko. Hilaren 19ra arte saiatu ziren Cochinos badian lehorreratzen, Fidel Castroren Gobernua bertan behera uzteko, baina ez zuten lortu Kubako Armada mendean hartzea.

Borroka haietan ehun bat hildako izan ziren bando bakoitzean.

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

1965ean, «arrisku komunista» zela eta, AEBk 20.000 marine eta paraxutista bidali zituen Santo Domingora, Juan Bosch-en, 1963an militarrek boteretik kendu zuten ezkerreko presidente ohiaren, aldeko altxamendu bat menderatzeko.

HEGO KONOKO DIKTADUREN ALDE

1970eko hamarkadan, Washingtonek hainbat diktadura militar babestu zituen.

Augusto Pinochet Txileko diktadoreari lagundu zion 1973ko irailaren 11n Salvador Allenderen aurkako estatu kolpean.

Henry Kissinger AEBko Estatu idazkariak, 2003an desklasifikatutako dokumentu estatubatuarren arabera, 1976an gerra zikina lehenbailehen amaitzera animatu zuen Argentinako junta militarra. Gutxienez oposizioko 10.000 argentinar desagertu ziren.

70 eta 80ko hamarkadetan, “Condor Plana”-ren barruan eta Estatu Batuen laguntzarekin, Argentina, Txile, Uruguai, Paraguai, Bolivia eta Brasilgo diktadurek bat egin zuten ezkerreko oposizioa desagerrarazteko.

ERDIALDEKO AMERIKAKO GERRAK

Nikaraguan, 1979an iraultza sandinistak Anastasio Somoza diktadorea boteretik kendu zuenean, Ronald Reaganek baimena eman zion CIAri Nikaraguako Contra 20 milioi dolarrekin finantzatzeko, neurri batean Irani armak legez kanpo salduz. Gerra hartan 50.000 pertsona hil ziren.

Reaganek, orobat, El Salvadorrera aholkulari militarrak bidali zituen FMLNren matxinada menderatzeko. 1980 eta 1992 artean 72.000 pertsona hil ziren.

GRANADA

1983ko urriaren 25ean, Granadako uhartean batzorde militar batek Maurice Bishop lehen ministroa hil ondoren, AEBko marineek eta rangerrek esku hartu eta iraultza baino lehenagoko erregimena ezarri zuten.

PANAMA

1989an, George Bushek Panamara bidali zuen Armada, Manuel Noriega jenerala, CIAren kolaboratzaile ohia eta Washingtongo justiziak narkotrafikoagatik jazarria, atxilotzera.

Panaman Ameriketako Eskola sortu zen 1946an, komunismoaren aurkako borrokan espezializatutako heziketa militarreko zentroa, 1984ra arte Estatu Batuen kontrolpean egon zena. Bertan diktadore ugari prestatu ziren.

Noriega bezala, narkotrafikoagatik auzipetu du AEBko justiziak Venezuelako presidentea. Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidente ohia ere badago zerrenda horretan. 2024an New Yorkeko auzitegi federal batek erruduntzat jo zuen narkotrafikoarekin eta armen erabilerarekin lotutako karguengatik eta 45 urteko kartzela zigorra ezarri zion; hala ere, joan den abenduan aske irten zen Donald Trump presidenteak indultua emanda.