Aurrekaririk ez?
Zapokeriaren egileak ez ezik, iruzkingile ospetsuenek heldu diote unprecedented hizño magikoari. Aurrekaririk ez omen du Trumpek Maduroren aurka egindakoak. Hala ere, guztiek dutenez gogoan Estatu Batuek mundu osoan baina batez ere Latinoamerikan, aspaldi gabe ere, egindako eraso militarren segida, hortik aurrera etortzen da konparazioak ñabartu beharra. Aurrekaririk gabeko lotsagabetasuna ez bada... Deigarria egiten da, haatik, nola guztiek ez ikusiarena egin nahi dioten antzekotasun larregia, zirraragarria, duen aurrekari bati. Ez zen AEBk egina izan, baina ezta guztiz arrotza ere. Eta ederki dokumentatuta dago. Gainera, sasoi hartan KGBkume hasiberria zen Putinek emango lizkioke Trumpi azalpen paregabeak, beharbada protagonistaren baten ahotik jasoak.
1979ko abenduak 27. Gautu du Kabulen. Iparraldeko mugan bi egun lehenagotik ralentian abian jarrita dagoen “Baikal-79” isilpeko operazioari atxikita, “Shtorm-333” operazio are sekretuagoa egikaritzen da Kabulgo Tajbeg jauregi txit gotortuan. Sobietar indar armatuetako eta KGBko ekintza-unitate iaioenek Hafizullah Amin Afganistango jaun eta jabe basapiztiaren gotorlekuari eraso eta menderatzen dute ordubete baino gutxiagoan. Amin, eta haren hurbileko dezente, hil egiten dituzte, planak aurreikusi bezala.
Operazioa «bikain» egikaritu omen zen. Erasotzaileen bajak oso bakanak izan ziren eta zendutakoei zein bizirauleei dominaz bete zieten bularra. Iparraldeko mugan zain zeuden tankeak abian jarri ziren hegoalderantz, eta egun gutxiren buruan okupatu zuten Afganistan osoa.
Hasiera besterik ez zen hura, ordea. Bederatzi urte baino gehiagoko gerra etorri zen ondoren sobietarrentzat; askoz luzeagoa afganistandarrentzat. 1989ko otsailaren 15ean zeharkatu zuen Hairatango zubia B. Gromovek, iparralderantz. Eta “Shtorm-333” operazioak ia xuxen-xuxen 12 urte bete zituen egunean desagertu zen Sobietar Batasuna.
Ez zen bata bestearen ondorio hutsa izango; baina bazuten lotura. Eta zer pentsatua ematen du, ezta?

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
