Errege Magoen aldez aurretiko oparia Jaka eta Iztuetarentzat
Ostiraleko porrotari buelta eman eta laugarren garaipena lortu zuen Baikoko bikoteak enpresa bereko Larrazabal-Mariezkurrena II.aren aurka, 10-15ekoa irauli eta Tolosan gailenduta. Sailkapena estu-estu dago, bost bikote lau punturekin baitaude.

Erik Jakak eta Martxel Iztuetak inork baino lehenago jaso zuten Errege Magoen oparia atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Binakako Txapelketako laugarren garaipena eskuratuta. Horretarako, Larrazabal-Mariezkurrena II.a bikoteari 22-17 irabazi zioten 11-0ko partzial bat sinatuta.
Esaten da porrot baten ostean hurrengo partida ahalik eta lasterren iristea nahi izaten dutela kirolariek. Jaka-Iztuetak 22-16 galdu zuten Altuna III.a-Ezkurdiaren aurka iragan ostiralean Zornotzan. Norgehiagoka horretako fase batzuetan bazirudien Baikokoak aurkariei min egiteko gai izan zitezkeela, baina Aspekoak izan ziren 22raino iritsi zirenak -bigarren jardunalditik ez zuten garaipena lortzen-. Hala, atzokoan puntuaren beharra zuten Jakak eta Iztuetak, baita lortu ere.
Ez zen izan txapelketako partida gogorrena, ezta luzeena ere, ezta gutxiago ere. Baina Tolosako hotzari aurre egiteko bizi jokatu zuten lau pilotariek. Erik Jakak abiadura erakutsi zuen iragan ostiralean, eta atzo ere erritmoa berak ezarri zuen aurreko koadroetan. Bederatzi tanto egin zituen aurrelari gipuzkoarrak; zortzi airez eta bestea dejadaz.
Hori aski ez balitz, bi huts baino ez zituen egin. Atzean, Iztuetak ondo erantzun zuen eta hiru tanto egin bazituen ere, egia da beste lau ere galdu zituela. Hala, gorriek 10-15eko markagailua irauli behar izan zuten garaipena erdiesteko. Beotibarreko giroak lagunduta, 11-0ko partziala sinatu zuten helburua lortzeko.
Iztuetak atzean zeukan aurkariak baino huts gutxiagorekin amaitu zuen. Mariezkurrena II.a jotzaile handiak sei huts egin zituen eta lau tanto, horietako hiru atzean eta bestea, beste askotan egin izan duen bezala, dejadaz.
Bestalde, Larrazabalek aurrean oso tanto onak egin zituen -zazpi guztira; sei airez eta bat sakez-, baina lau pilota galdu zituen eta urdinek, gorriek egindako irauliaren ostean, ezin izan zuten oparirik jaso.
SAILKAPEN ESTUA
Binakako Txapelketako sailkapena oso estu dago bigarren eta seigarren postuen artean, denek baitituzte momentu honetan lau garaipen. Laso-Albisuk, aldiz, zazpi puntu bildu dituzte are eta liderrago izateko.
Kasualitatez, gaur Eibarren Altuna III.ak eta Ezkurdiak irabaziko balute, hauek ere lau punturekin jarriko lirateke.
Gaur itxiko da 8. jardunaldia Eibarko Astelena pilotalekuan
Atsedenik ez duen Binakako Txapelketako 8. jardunaldia, bigarren itzuliari hasiera ematen dion jardunaldia alegia, gaur itxiko da Eibarko Astelena pilotalekuko partidarekin. Bertan arituko dira, aurrez aurre, azken neurketan aspaldiko partez garaipena erdietsi zuten Altuna III.a-Ezkurdia eta puntuen beharrean diren Peio Etxeberria-Rezusta. Irabaziz gero, gorriek lau puntu batu eta are hondoratuago utziko lukete bikote urdina, orain arte puntu bakar bat besterik ez baitu lortu. GARA

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
