Galdera pertinenteak eta espekulazio hutsalak
Galderak erantzunak baino gehiago direnean, espekulazioak lur emankorra topatu ohi du. Emaitza, ordea, antzua izaten da gehienetan. Zer gertatuko da orain Venezuelan? Nicolas Maduro presidentea eta bere emazte Cilia Flores bahitu arren, Caracaseko Gobernuak bere horretan jarraitzen badu, nola egin behar du Trumpek, iragarri bezala, Venezuela gobernatzeko? Eraso gehiago egongo dira edo dagoeneko negoziatutako bide-orri bat jarraitzen ari dira denak? Oraintxe bertan erantzun fidagarririk ez dute galera horiek guztiek.
Washingtonek helburuak garbi ditu, baina ez dirudi plan zehatzik daukanik. Testuinguru honetan, emankorragoa izan daiteke gertakariek zein galdera berri mahaigaineratzen dituzten asmatzea. Horretarako, ordea, gertatutakoak zer argitzen duen ulertu behar da aurrena. Nagusiki, Venezuelaren aurkako erasoak baieztatu egiten du azaro bukaeran Etxe Zuriak argitaratutako Segurtasun Nazionalaren Estrategia berria gauzatzeko asmo irmoa. Atzerri politikaren gida bakarra interes nazionala dela ezartzen du dokumentuak, eta bide horretan, Latinoamerikan Monroe doktrina biziberritu eta baliabide estrategikoak bereganatzeko helburua nagusitzen dira. Venezuelako petrolio erreserbak eskuratzeko Maduroren aurka militarki esku hartzeko prest zegoela esan nahi zuen horrek? Bada, erantzuna ezaguna da orain.
Eta honek eszenatokia argitu eta galdera berriak plazaratzen ditu. Hurrengo helburua Kuba, Kolonbia edo Groenlandia izango den espekulatzen denbora gal daiteke, baina jakinda erasoa posible dela hiruretan, probetxuzkoagoa dirudi horren aurrean gainerakoek zer egin behar duten galdetzea. Atlantikoaren bi ertzen artean bada alderik. Mexiko, Bogota eta Habanako gobernuek, esaterako, gaitzetsi egin dute; Europak, aldiz, ezer ulertu ez izanaren seinaleak eman ditu. Baina halako batean marineak Groenlandian lurreratzen badira, inork ezingo du dagoeneko sorpresa aurpegia jarri.
Internazionalismo militantea eta herrien subiranotasunaren defentsa dira inperialismo berritu honi aurre egiteko erantzun posible bakarra.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
