Ikatza bota dute BECeko 639 minipisuen eraikinaren sarreran

Gizarte bazterketaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataformak protesta egin zuen atzo goizean Barakaldon etxebizitza duina izateko eskubidearen alde. “Ikatza EAJ eta PSEri, etxebizitza eskubidea urratzeagatik” lelopean, plataformako kideek, Errege Magoez jantzitza, dozenaka kilo ikatz utzi zituzten BECeko 639 minipisuen eraikinaren sarreran.
Errege Magoek ere etxebizitza duinaren eskubidearen alde protesta egiten dutela adierazi zuten egindako ekintzaren bidez: «Etxebizitza arazoaren irtenbidea ez dira negozioa eta espekulazioa».
«Espekulazioarekin elkarlanean» aritzea aurpegiratu zioten Barakaldoko Udalari. Jakinarazi zutenez, Udalak aukera eman dio inbertsio-funts bati BECen ondoan 639 minipisu eraikitzeko. Halaber, Gurutzetako Dinamita auzoan 150 etxebizitza kudeatuko dituzte, hilean 900 eta 1.200 euro arteko prezioan.
«7.678 familia barakaldarrek etxebizitza eskuragarria eskatu dute Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan. Bestalde, kontuan izan behar da hiriko batez besteko alokairua 880 eurokoa dela, eta gela baterako sarbidea hilean 425 eurokoa dela»; hala eman zuten herritarren egoeraren berri eta irtenbiderik ez dagoela salatu zuten.
UDAL POLITIKARIK EZ ETXEBIZITZA DUINERAKO
Era berean, Berri Otxoak plataformak salatu zuen Barakaldo etxebizitza eremu tentsionatua den arren, «egunetik egunera etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera» murrizten ari dela. Izan ere, eremu tentsionatu izendatutako Bizkaiko lehen udalerria izan da baina, hala ere, gaur-gaurkoz herritarrentzat etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez dagoela salatu zuten.
Horrez gain, hiriko kaleetan 100 pertsona bizi direla esan zuten, eta «arazo horren aurrean, udalak ez die gutxieneko gizarte-baliabiderik eskaintzen»; egun etxebizitza duin bat lortzeko udal politikarik ez dagoela ohartarazi zuten.
Amaitzeko, gaineratu zutenez, dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira etxerik gabeko emakumeentzako baliabidea itxi zutenez geroztik.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
