Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Itxaropena

Kontu zaharretako heroiak ez dira zinemetan erakusten dizkiguten heroi fantastikoen antzekoak. Ez. Herri ipuinetako pertsonaiak, gehienetan, txiroak izan ohi dira, bizitza hobeago baten bila etxetik irten eta hamaika gertakari biziko dituztenak. Bide hori ez dute bakarrik egingo, ordea; izango dute lagunduko dienik; betiere inor elkartasunerako eta laguntzarako prest baldin badago. Berekoikeriaz, maltzurkeriaz edo zekenkeriaz aritzen denak zigorra eta kaltea baino ez ditu jasoko. Itxaropenak bultzatuko du heroia bidaiara, bideko zailtasunak eta trabak gaindituz, sarri urteak eta urteak beharko dituela horretan. Baina, badakizue, ipuinetako denbora fantastikoa da. Etsipenaren kontrako denbora da, itxaropenarena.

Venezuelako kontalarien sare nazionalak euren herrialdeak jasandako eraso militarrak eta mehatxuak salatu ditu. Bakearen kultura defendatzen dute ahozkotasunetik eta aniztasunetik eta, Venezuelaren kontra ez ezik, Amerika osoaren kontrako erasoa dela salatzen dute. Itxaropen hitzak dira, beste mundu bat posible dela erakutsi nahi dutenak. Kontu zaharrek irakasten diguten bezala, bide hori egiteko elkartasuna ezinbestekoa da, bideko zailtasunak bakarrik elkar lagunduz gainditu ahal baitira. Itxaropenaren denboran gaude, etsipenean gal ez gaitezen.