Urte berria berrikuntzaz beterik dator, onerako zein txarrerako
Gutieneko soldata eta erretretak guti igo arren oinarrizko tarifak aise garestituko dira 2026an Ipar Euskal Herrian. Bestalde, frantziar Errepublikaren balioen inguruko «azterketa zibiko bat» gainditu beharko dute Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrek egoitza-baimena eskuratzeko. Urte hastapenean indarrean sartu diren aldaketa nagusiekin bilduma osatu du Kazeta.eus-ek.

2026. urtea hemen da eta, ohi bezala, hainbat aldaketa indarrean sartu dira urtarrilaren lehenarekin batera. Egutegiarekin guztiz lerratu gabe, berrikuntza bi baieztatu ziren hamabi kanpaikadak jo aitzin. Lehen neurria abenduaren 29an sartu zen indarrean. Hala, baimendutako abiaduraren muga «orduko 50 kilometroan» gainditzen duten gidariak delitugile gisa hartuko dituzte eta auzitegian hitzordua izanen dute.
Erreforma abian eman aurretik azeleragailua gehiegi zapaltzen zutenek isuna jasotzeko arriskua baizik ez zuten. Hemendik goiti hiru hilabete arteko kartzela zigorra jaso dezakete abiadura muga «asko gainditzen badute». Horretaz gain, 3.750 eurorainoko isuna jaso dezakete neurri berria bortxatzen duten auto-gidariek. «Gehiegizko abiadura delitu gisa sailkatuz, erantzun judizial azkarrago bat ematen dugu, eta mezu zinez argia pasatzen dugu: ez dugu gehiago onartuko bide indarkeria», azaldu du Marie-Pierre Vedrennek, Barne ministroaren albokoak.
Bigarren neurriak arrangura sortu du familia berrien artean. Frantziar Gobernuak 2025eko abenduaren 26an baieztatu zuenez, gurasoek heldu den uztailera arte itxaron beharko dute jaiotza-baimen berriaz gozatzeko. Jaiotza-tasak etengabe behera egiten duen unean, ohiko gurasotasun geldialdia luzatzeko apustua egin du frantziar Gobernuak eta guraso berriei lanerako buelta hilabete bat edo bi gibelatzeko aukera emanen die.
GUTIENEKO SOLDATA
Urte hasierarekin batera, gutieneko soldataren (Smic) eta erretreten «neurriko emendatzea» heldu da. Hala, %1,18an emendatu da Smic delakoa. Ondorioz, 17 euro gehiago jasoko dute hilero gutieneko soldata horren pean jarduten duten beharginek.
2026an gutieneko soldata gordina 1.823,03 eurokoa izanen da Ipar Euskal Herrian.
Iazko urte hondarrean erretreten erreforma izozteko urratsa egin zuen Sebastien Lecornuren gobernuak. Hala, ondoko bi urteetan behintzat ez da jubilazio adina gibelatuko eta 62 urte eta 9 hilabetean mantenduko da. Erretreta-saria %0,9 emendatuko da.
Alta, herritarren poltsikoak are gehiago zulatuko dituen ohiko prezioen gorakada baieztatu da. Kontsumitzaileen elkarteen aurreikuspenen arabera, etxe-asurantzak %8 eta 11 artean emendatuko dira. Klima aldaketari loturiko ezbeharren kopuruak gora egin duenez, kuotak igotzera behartuta daudela azaldu dute aseguru-etxeek. Hiru urteotan %30 igo da gastu hori.
Eraso informatiko baten ondorioz zailtasun larriak izan ditu eguberrietan La Poste-k. Pribatizazioranzko bidea hartu ondotik, aipaturiko zerbitzuari buruz herritarrek agertzen dituzten kexak ez dira seguruenik baretuko, tarifak %3,4 eta %7,4 emendatuko baitira. Etxea berotzeko gasa baliatzen duten herritarrek ere abonamendua 13,10 euro garestiago ordainduko dute.
AZTERKETA BERRIA
Migrazio legeak gogortzeko planak ez dira aldatuko, ez onerako behintzat. Horren ordez, frantses Estatuan bizi ahal izateko beharrezkoa den egoitza-baimena edota frantses nazionalitatea lortzeko baldintzak gogortuko dira. Frantses hizkuntzaren oinarrizko ezagutza (B1) frogatzeaz gain, hemendik goiti beste azterketa bat gainditu beharko du «Europar Batasunetik kanpoko» migratzaile orok. Baimenaren eskatzaileak 40 galderaz osaturiko «azterketa zibiko bat» beharko du osatu, 45 minutuan. Frantziar Errepublikaren balioei eta bere lurraldean bizi diren herritarrek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko test horretan gutienez 32 erantzun ongi asmatu beharko ditu Estatuan legalki bizitzeko prozedurarekin segitzeko.
Aldaketa hori indarrean sartu aitzin, abenduaren 27an, erabaki hau agertu zen frantziar administrazioaren aldizkari ofizialean: George Clooney aktore estatubatuarrak, bere emazte Amal Alamuddin abokatu britainiar-libanoarrak eta semeek frantses nazionalitatea jaso dute azterketa hori egin gabe.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
