Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Lanerako jantzia soinean, Altunak eta Ezkurdiak sailkapena bizitu dute

Amezketarrak eta arbizuarrak osatutako bikoteak laugarren garaipena eskuratu du, Eibarko Astelenan Peio Etxeberria eta Rezusta mendean hartuta. Orain, sei bikote daude lau punturekin berdinduta, sailkapen zuzena zein kanporatzea eskura dutela.

Altunaren erremate bati adi-adi begira lau pilotariak.
Altunaren erremate bati adi-adi begira lau pilotariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikusgarritasun gutxiko baina lan handiko puntua batu zuten atzokoan Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak, Eibarko Astelenan Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta 22-15 mendean hartu ostean. Laugarren garaipena da amezketarrak eta arbizuarrak osatutako bikotearentzat, eta, hala, sailkapena erabat estutu dute, sei bikote baitaude puntuz berdinduta.

Goialdean, Laso-Albisu dira nabarmentzen direnak, zazpi punturekin; behealdean, berriz, Etxeberria-Rezusta, bakarrarekin. Bi bikote horien artean dauden gainontzeko seiak, lau punturekin, eta sailkapen zuzena zein kanporatzea, bi aukerak, dituzte eskura. «Polita dago txapelketa», onartu zuen Ezkurdiak, atzoko garaipenak eragindako irribarrea aurpegian zuela. Halere, kontziente da bikoteak dituen mugez eta «partidaz partida» joan behar dutela gaineratu zuen. Ongi adierazi legez, duela ez asko kanpoan ikusten zituen zenbaitek baina txapelketaren parekotasunak agerian utzi du puntu bakoitzak daukan balioa.

Burumakur bukatu zuten atzokoan Peio Etxeberriak eta Rezustak, beste behin. Dinamika eskasetik ezin aterata daude eta Astelenan gogotik ordaindu zuten hutsegite bakoitza. Gainera, partidaren bigarren zatian fisikoki eustea ere kosta egin zitzaien, bai eta pilotarekin gozatzea ere. Rezustak oso gutxitan lortu zuen Ezkurdia atzeko koadroetan sartzea, sufriaraztea eta gainera, lortu zutenean ere, tantoa asko luzatu zuten gorriek, defentsa handiarekin, eta urdinek amore eman zuten.

Partida hasieran Etxeberriak hartu zuen protagonismoa, egindako bat eta huts egindako beste birekin. Gorriek abantaila zutela, Altunari bizkorrago ikusi zitzaion aurreko koadroetan, partida zikinari ikusgarritasun apurra emanez (5-1).

Urdinek sakea errekuperatuta eta Ezkurdia errebotean iltzatuta, markagailua estutu zuten (5-4) eta piloten aukeraketak bideratu zuen partidaren lehen erdia. Pilota baxuagoarekin erosoago gorriak, biziagoa nahiago urdinek. Horrekin zabaldu zituzten aldeak atsedenalditik bueltan (8-11). Gorrien bederatzigarrenean sufritu egin zuen Rezustak eta airea hartu zuten gorriek, 22rainoko bidean freskoago arituta.

Bigarren erdi horretan jokatu zituzten partidako tantorik luzeenak eta azkenean, nahiz eta urdinak hasi menderatzen, gorrien alde jausi ziren, horien defentsa ona tarteko. Hor ere ikus daiteke gako garrantzitsua Etxeberriaren eta Rezustaren dinamika eskasa azaltzeko. Hiru puntura dauzkate kanporaketak baina lehia inoiz baino estuago dago sei bikoteen artean.



Goitia eta Lekerikaren garaipena finalerdietan

Gernikako Winter Series txapelketa bere fase erabakigarrienean sartu berri da aste honetan. Herenegun jokatu zen finalerdietako ligaxkako lehen partida, multzoen faseari erreparatuta, faboritoak izan daitezkeen bi bikoteen artean. Goitiak eta Lekerikak eraman zuten partida Urreistiren eta Lopezen aurka, hiru setetan (13-15, 15-10 eta 4-5); eta partida parekatua izateaz gain, tentsioak ere goia jo zuen kiterako jokoan, bideo arbitrajea jokoan sartu zenean.

Lekerikak xisteran botea egin zuela erreklamatu zuen Urreistik, berdeek 4-5ekoa egin eta garaipena eskuan zutela. Jokaldia argigarria izan zen, Urreistik arrazoia zuela erakutsi baitzuen bideoak; hala ere, Goitiak aurreko jokaldia berrikustea eskatu zuen, Urreistik pilota ukitu zuelakoan, Lopezek eraman aurretik. Kasu honetan, bideoak ez zuen ezer argigarririk eskaini baina, hala ere, tantoa berdeentzat izan zela ebatzi zuen epaile taldeak.

Ia hamar minutu eman zuten bertan bildu ziren bi mila zaleek zer gertatu zen jakin gabe. Dena dela, partida ikusgarriaz disfrutatu ahal izan zuten, tanto ikusgarriak zein defentsa gogorra erakutsi baitzituzten lau protagonistek. Goitiak eta Lekerikak hiru puntu batu zituzten; bat, Urreistik eta Lopezek, baita puntuen aldea ere, bi tanto gehiago eginda. Ligaxkan hori ere garrantzitsua izango da. Hurrengo astelehenean, Johan-Gorka eta Barandika-Basque, aurrez aurre. GARA