Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

CBS ala Youtube?

2025. urtea streaming plataformen inguruan hitz egiten bukatu nuen; bueno, azken bi hilabeteak eman nituen kontuarekin, atzera eta aurrera, bueltaka. Nahikoa kaka eman dudala ohartuta, zin egiten dizuet ez dudala, pisuzko arrazoiren bat tartean ez bada, gaia berriro aipatuko. Baina, ate hori itxi baino lehen, plataforma horiek negozio musikala maneiatzeko moduarekin zerikusia duen zerbait aipatu nahiko nuke: gauza jakina baita plataforma hauek sortzaileen “lan” baldintzak okertu dituztela. Eta nostalgia moduko bat sumatu dut inguruan; Spotifyren aurretik hobea zela industria musikalak musikariei ematen zien tratua, edo halako zerbait. Gajoak...

Bideak aurretik zehaztutako lerro zuzenari eusten dio. Zer da ba streaming plataformena, hasieratik, kapitalismo asegaitzenaren negozio ereduaren bilakaera logikoa baino? Tankeak, torlojuak edo kantuak, berdin dio, salgaiak dira denak; ahalik eta gehien saldu behar da, ahalik eta merkeen ekoitziz, berdin dio noren lepotik. Entziklopediak daude industria musikalak, sortu zenetik, XX. mendearen bigarren laurdenean edo, musikariei emandako tratu txarren adibideez beterik, eta ez da oso urruti joan behar horrelakorik topatzeko. Argitaletxeak, managerrak, ekoizleak, komunikabideak... Hainbeste aldatu al da sortzaileekiko tratua, ziur?