Maider IANTZI GOIENETXE
KORRIKAREN IBILBIDEA PLAZARATU DU AEK-K

2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze eginen ditu 24. Korrikak

AEK-k prest du 24. Korrikaren ibilbidea. Euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ondotik, Bilbon amaituko da, 29an. Gutxi gorabehera 460 herritatik igaroko da. Xehetasunak aplikazioan eman zituzten atzo esklusiban, eta bertan eta Korrika.eus-en kontsulta daitezke.

Korrikaren ibilbidea Euskal Herriko mapan.
Korrikaren ibilbidea Euskal Herriko mapan. (GARA)

Inoizko parte-hartzaileena izateko helburua jarri dio AEK-k aurtengo Korrikari. Atzo plazaratu zuten ibilbidea. Xehetasun guztiak Korrika.eus webgunean eta bertatik doan deskarga daitekeen aplikazioan daude. Bidez bide, euskara garela erakutsiko du ekimen erraldoi honek 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze eginen ditu euskararen herrian zehar martxoaren 19tik 29ra. 460 herritatik igaroko da.

Ohitura denez, aitzineko edizioa bukatu zen lurraldean abiatuko da, Zuberoan. Atharratzek emanen dio hasiera Korrikari martxoaren 19an, osteguna, 15.30ean, hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren «itzalguneetako» bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, lasterraldia ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen eta azken aldia 1985ean izan zen. Alta, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekula baino agerikoagoa da bertan.

BILBO, HELMUGA

Amaierari dagokionez, eta Korrikaren bertze ohitura bati segituz, bost hiribururen artean txandakatzen da: Baionan finitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin. Goizeko zazpiak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barreneko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu dena. Gero, egun osoko amaiera-jai handia eginen da.

Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehenik Korrikak: Atharratzetik atera eta 16.45ean helduko da horra. Donibane Garazin, hurrengo egunean, martxoaren 20an, ostirala, sartuko da, gaueko ordu txikietan (02.50ean). Iruñera bazkalorduan iritsiko da bete-betean, 13.50ean, martxoaren 22an, igandearekin; Donostian martxoaren 25ean, asteazkenean, ibiliko da. 8.15ean Altzan, 9.30ean Intxaurrondon, 11.00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian… Atsedenik hartu gabe, 27an, ostirala, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia, eta martxoaren 28an, larunbatean, Baionaren txanda iritsiko da, 20.30ean.

HERRIAK

Lehenbiziko egunean, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi zeharkatuko ditu Korrikak. Gauerdiak Makean harrapatuko du eta goizeko ordu txikietan Nafarroa Garaian sartuko da. Pirinioetan ibiliko da ostiralean, eta Erribera bustiko du pozez larunbatean.

Igandean, Gares, Obanos, Barañain, Lizaso, Iraizotz eta Lizarra bisitatuko ditu, bertze aunitzen artean, eta astelehenean Araban sartuko da. Nafarroara itzuli, eta gaueko bederatzi eta erdiak inguruan Gipuzkoara helduko da. Irundik Berara, Nafarroara, igaroko da eta Zugarramurditik Sarara, Lapurdira. Asteazkenean, Gipuzkoan eta Bizkaian ibiliko da eta ostegunean Bizkaian segituko du: Lekeitio, Ibarrangelu, Gernika-Lumo, Bermeo, Getxo, Barakaldo, Zalla... eta Balmasedatik Artziniegara, Arabara. Ostiralean Laudiotik Arakaldora joanen da Bizkaira bueltan eta larunbatean, Leintz Gatzagan barna, Gipuzkoan sartuko da. Azken eguna Bizkaian eginen du.

Korrikaren aplikazioak lasterketa zuzenean non dagoen jakiteko aukera emanen du furgonetaren geolokalizazioaren bidez. Gainera, zuzeneko irudiak eskainiko ditu 24 orduz.