Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
RENTAL FAMILY

Mundu isolatzaile baten aurrean

Darren Aronofskyren “The Whale” (2022) filmaren arrakastaz geroztik, eta urte luzez itzalean egon ostean, Brendan Fraser aktore gisa berriro berpizten ari dela esan daiteke; bera da Hikarik zuzendutako “Rental Family” filmaren bihotza.

Tokion girotuta, Fraserrek aktore estatubatuar baten rola jokatzen du. Zazpi urte daramatza hirian lanean, baina bere bizitzari norabide edo zentzu bat aurkitzeko borrokan ari da eta ezohiko lan bat onartuko du: “alokairuko familien” agentzia baterako aritzea, ezezagunentzat ordezko senide edo lagunen rolak interpretatzen. Bezeroen bizitzetan sakontzen duen heinean, lanaren eta errealitatearen arteko mugak lausotzen joango dira, eta benetako loturak sortuko dira.

Hikarik, 80ko hamarkadan sortu zen fenomeno berezi hori oinarri hartuta, gaur egungo gizarteak bizi duen bakardadeari buruzko hausnarketa hunkigarria sortu du. Gai unibertsala modu xarmagarri eta zintzoan lantzen du: mundu moderno eta batzuetan isolatzaile batean giza konexioa aurkitu eta eraikitzea.

“Rental Family” filmaren indargune nagusia Brendan Fraser aktorearen lana dela esan daiteke. Phillipen interpretazioa gizatiarra eta enpatikoa da, eta gidoia nahiko hauskorragoa izan zitekeen arren, pertsonaiak euskarri emozional sendoa eta sakona du eta ikuslearen barruko emozioekin konektatzen du.

Filmak, gainera, herrialde horren turismo-panfleto bihurtzeko arriskuaren aurrean, kultura japoniarra errespetuz integratzen du eta gizartearen alderdi errealak modu sotilean erakusten ditu.

Komedia eta drama modu harmoniatsuan uztartzen dituen film atsegina da, goxoa eta emozioz betea.