«Mugaziklo», Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria bidegorriz lotzeko ekimena
Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria bidegorri bidez lotuko dituzte «Mugaziklo» egitasmoarekin. Bizikletaz ibiltzeko 26 kilometro pasatxoko bidea egingo dute guztira, eta disuasioko aparkalekuak ere eraikiko dituzte ekimenaren baitan, bizikletaren erabilera bultzatzearren. 5,9 milioi euroko aurrekontua du proiektuak.

“Mugaziklo” proiektua jarri dute martxan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania Berria -eta beraz, Ipar Euskal Herria- lotuko dituen 26,6 bidegorri kilometro egokituko dituena. Disuasioko aparkalekuak ere eraikiko dituzte ekimenaren barnean, jendea bizikletaz ibiltzera bultzatzeko.
Proiektuaren berri emateko, Iruñean egin zuten prentsaurrekoa, atzo. Oscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak adierazi zuen «mugaz gaindiko lankidetzaren adibide» dela “Mugaziklo”, eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko ibilbide berdeen aldeko «apustu garbia» dela.
Ekimen horrek 5,9 milioi eurotik gorako aurrekontua du, FEDER funtsen bidez finantzaketaren %65 osatuko baita, Interreg VI-A POCTEFA programaren esparruan.
SENTSIBILIZAZIOA ETA ELKARLANA
Sentsibilizazio plan bateratu batez gain, proiektuak aurreikusten du eskualde horietako bizikleta bideen egoera aztertzea jardunaldi eta tailerren bidez, zortzi aparkaleku seguru jartzea, bizikletak alokatzeko eredu berriak ezartzea eta mugikortasun urriko pertsonentzako zerbitzuak eskaintzea, besteak beste.
Proiektuaren aurkezpenean parte hartu zutenen artean zeuden Montagne Basqueko kontseilari Annick Trounday-Idiarte, Gipuzkoako Iraunkortasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensio, Syndicat des Mobilites Pays Basque Adourreko lehendakariorde Jean-Pierre Etchegaray eta Nafarroako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusi Berta Miranda.
“Mugaziklo” ekimenaren helburua Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako AFOMEF espazioan mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzea da, bizikleta bide berriak sortuz, jendea sentsibilizatuz eta partekatutako bizikleta sarearen zerbitzuak eta gobernantza hobetuz.
Ekimena AFOMEF Estrategiaren bigarren erronkaren barnean garatuko dute, zeina «mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria, interkonektatua eta multimodala bultzatzera» bideratua baitago, eta Europa berdeago bat lortzen lagundu nahi du, emisioak murriztuz eta mugitzeko modu aktiboak sustatuz, sustatzaileen hitzetan.
2029. urteko maiatzera arte, “Mugaziklo” hiru alorretan garatzea da asmoa: azpiegiturak, sentsibilizazioa eta gobernantza. Hala, aurreikusitako emaitza nagusien artean, hauek nabarmendu zituzten atzoko aurkezpen agerraldian: 26,6 bidegorri kilometro berri egitea eta sentsibilizazio estrategia bateratu bat eta estrategia komun bat diseinatzea bizikleta azpiegiturei lotutako datu geografikoak lantzeko eta tratatzeko.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
