Euskal Herri osoko abeltzainek Behobiara eraman zuten protesta
Behobia ingurura eraman zituzten atzo traktoreak Euskal Herri osoko nekazari eta abeltzainek, Europar Batasunak eta Mercosurrek sinaturiko akordioak ekarriko dizkien kalteak salatzeko. Horrekin batera, dermatosi nodular gaitzari aurre egiteko hartu diren neurriak kritikatu zituzten. Madrilen jarrera «otzana» ere salatu zuten.

Euskal Herri osoko abeltzain eta nekazariek traktoreak eraman zituzten atzo Behobia ingurura, bertan protesta egiteko: batetik, Europar Batasunak Mercosurrekin lorturiko akordioak izango dituen kalteez kexatu ziren, eta, bestetik, dermatosi nodular gaitzari aurre egiteko harturiko neurriak sortzen ari diren arazoak salatu zituzten.
Araba, Nafarroa eta Lapurditik heldutako traktoreek Behobia inguruan bat egin eta eskuineko erreia hartu zuten, horrela trafikoa oztopatzeko.
Gipuzkoako abeltzainak Zarauztik, Andoaindik eta Alegiatik abiatu ziren goizean Behobiara Ertzaintzaren begiradapean. Zaisa aparkalekura eraman zituzten ondoren traktoreak. 60 ibilgailu eta 300 bat lagunek parte hartu zuten protestan. Mobilizazioak lau kilometroko auto ilarak eragin zituen.
Behobiako mobilizazioa ENBA, EHNE, UAGN eta ELB sindikatuek deitu zuten. Semilla y Belarra taldeak ere sostengua adierazi zion.
Nekazari eta abeltzainak Biriatuko ordainlekura joan ziren oinez, eta sei traktore ere eraman zituzten. Han agiri bat irakurri zuten traktoreak autobidearen eskuineko erreian jarrita, ezkerrekoa trafikorako libre utzita.
Bertan EHNEko Garikoitz Nazabalek eta UAGNko Felix Bariainek Gobernu espainola kritikatu zuten, Mercosurren akordioaren eta dermatosiaren aurrean izan duen «jarrera otzana» dela eta.
SEKTOREA EGOERA LARRIAN
«Dermatosiak eta Mercosurrek sektorea larri uzten dute», esan zuten biek, Europako abeltzaintza sektoreari bizkarra eman eta haragiaren sektorea «Hego Amerikako haragi sektore boteretsuaren menpe utziz, enpresa eta korporazio handien mesederako».
«Mercosur osatzen duten herrialdeetatik inportatutako nekazaritza eta abeltzaintzako produktuek Europako elikagaien kalitate eta segurtasun-arau berberak bete ditzatela eskatzen dugu, ingurumen- eta animalien ongizate-baldintza berberak bete ditzatela, EBk bere produkzio-sektoreari eskatzen dien lan-eskakizunez gain, europar jatorriko elikagaiak kontsumitzen dituztenean lortzen duten elikadura-berme bera izan dezaten», azpimarratu zuten.
Horrekin batera, europarlamentariei, bereziki Euskal Herrikoei, Mercosurren akordioaren aurka bozkatzeko eta bertako abeltzainen interesen alde egiteko eskatu zieten.
DERMATOSIA
Dermatosiari dagokionez, Estatu frantsesarekin muga egiten duten elkargo gutxietan txertaketa masiboak egiteko eskatu zuten. «Ez da nahikoa Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldeko zerrenda batean txertaketa egitea», adierazi zuten.
Horretaz gain, osasun arrazoiengatik Estatu frantsesetik ganadua ekartzea debekatzeko eskatu zioten ere Madrilgo Gobernuari.
14.00ak aldera eman zioten amaiera mobilizazioari nekazari eta abeltzainek.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
