Nafarroako sagardoak bere tokia egitea lortu du zaletuen artean
Hiru hamarkada baino gehiago dira Nafarroan sagardotegiak irekitzen hasi zirenetik, eta denbora horretan beren tokia egitea lortu dute zaletuen artean, bertako sagarrarekin egindako kalitatezko produktua eskainiz. Horien artean dago aurtengo denboraldia zabaldu duen Lekunberriko Toki Alai sagardotegia.

Nafarroan bost dira une honetan sagardoa egin eta sagardotegiko menua eskaintzen duten upategiak: Lesakako Linddurrenborda, Lekarozko Larraldea, Madozko Perkatzenea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai. Azken honi egokitu zaio aurten Nafarroako irekiera ofiziala egitea, ostegun honetan bertan.
Lekunberriko upategi hau beteranoen artean kokatu dezakegu, hiru hamarkada baino gehiago baitaramatza urtez urte sagardoa egiten. Bertan egindako sagardo botilak ezagunak dira gaur egun inguruetako taberna eta jatetxeetan, baina beti ez da horrela izan. Hasierako urteetan lan handia egin behar izan zuten Nafarroa ere sagar lurraldea dela erakusteko, hala gogoratzen du behintzat Toki Alaiko Ismael Urbizuk.
«Gure gurasoek apustu handia egin zuten 1994an sagardotegia zabaltzea erabaki zutenean. Alde batetik, hemen ez zegoelako ohiturarik tabernetan sagardoa edateko. Eta bestetik, jendeak ere ez zuelako uste Nafarroan sagardoa egiten zenik. Hortaz, oso hasiera zaila izan zen, asko kostatu zitzaigun gure sagardoa merkatuan sartzea», gogoratzen du Ismaelek.
Halere, urteetan zehar Urbizu familiak egindako ahaleginari esker, Lekunberriko sagardoak bere tokia eta izena egitea lortu du sagardozaleen artean. «Guk orain sagardo asko saltzen dugu Larraun eta Leitza aldeko taberna eta elkarteetan, baita Nafarroako supermerkatuetan ere», dio Ismaelek.
Aldaketa horren arrazoi nagusia, Toki Alaiko arduradunak dioen moduan, kalitatezko produktuaren aldeko apustua izan da. «Guk hasiera-hasieratik zaintzen dugu produktua, eta dolarean sartzen dugun sagar guztia kalitate gorenekoa da, aukeraketa zorrotza egiten baitugu».
Horrekin batera, bertako sagarraren aldeko apustua nabarmentzen du Ismael Urbizuk, izan ere, Nafarroako iparraldeko bailaratan betidanik izan da sagarra, eta hori erabiltzen saiatu dira hiru hamarkada hauetan. «Sagardotegia zabaldutakoan gure aitak 8.000 metro koadroko sagastia erosi zuen Sakanako Arruazu herrian, eta horrekin hasi zen. Baina hori ez zen nahikoa, eta falta zena Ultzamako herrietatik ekartzen hasi ginen», dio Ismaelek.
Sagar urtea egokitzen denean, Nafarroako sagarrarekin nahikoa izaten dute sagardotegi honetan egiten dituzten 60.000 litro inguru osatzeko. Sagar urte eskasa denean, ordea, urrutirago joan behar dute sagar bila eta Gipuzkoatik eta Bizkaitik ekartzen dute.
MAIATZERA BITARTEAN
2016an gurasoek erretiroa hartu zutenetik Ismael eta David anaiak dira Toki Alai negozioarekin jarraitzen dutenak. Botilako salmenta urte guztian egiten dute, eta txotx denboraldia urtarriletik maiatzera mugatzen dute. «Guk modu tradizionalean lan egiten dugu. Sagardoa prest dagoenean, urtarrila erdi aldera, denboraldiari hasiera ematen diogu eta maiatza amaiera arte luzatzen dugu», dio Urbizuk.
Aurten larunbata, igande eta jai egunetan zabalduko dute bazkariak emateko, eta gainontzeko egunetan enkarguz bakarrik, eguerditan edo gauetan. «Lehen afariak ematen genituen, baina gauetako mugimendua asko jaitsi da eta, enkarguz ez bada, ez zabaltzea erabaki dugu».
Menuari dagokionez ere tradizioari jarraitzen diote: txorizoa, bakailao tortilla, bakailaoa piper berdeekin eta txuleta parrillan. Postrerako, gazta, irasagarra eta intxaurrak izaten dituzte, baina ardi esnearekin egindako mamia nahiago duenak ere eska dezake.
Toki Alai sagardotegiko jangelak ehun pertsonarentzako tokia du eta, datozen hilabeteetan beteta egongo da egun askotan. Lehenbiziko hitzordua ostegun honetan izan dute, txotx denboraldiaren hasiera ofizialean. Bertan bildu dira Nafarroako beste sagardotegietako ordezkariak, baita herri kiroletako ordezkari ugari ere, tartean Iker Vicente aizkolari txapelduna.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
