ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Nobela beltzen trilogia itxi du Prat Urzainkik lan berriarekin

“Muga hautsien hegalak” argitaratu berri du Ernesto Prat Urzainkik. Honekin, “Lurra, Larru, Larra” izendatu duen trilogia itxi du. Baztan «arrunta» irudikatzen duten liburuen idazketa prozesuan, nobela beltzarekin adiskidetzea lortu du. (H)ilbeltzan aurkeztuko du.

«Muga hautsien hegalak» argitaratu berri du Ernesto Prat Urzainkik.
«Muga hautsien hegalak» argitaratu berri du Ernesto Prat Urzainkik. (Gorka RUBIO I FOKU)

Ernesto Prat Urzainki idazleak bere hirugarren eleberri beltza argitara eman berri du, Elkar argitaletxearen eskutik. “Muga hautsien hegalak” honekin trilogia ixten du, berriozartarrak “Lurra, Larru, Larra” izendatutako eleberrien hirukoa, hain zuzen. Datorren astean Baztango (H)ilbeltzan, euskarazko nobela beltza sustatzeko topaketan, aurkeztuko du lan berria.

Ale honetan, Larrak -lehenik Lurra eta gero Larru izandakoak- bizitza berri bat hasi du: drogak eta gehiegikeriak utzita, gaztak egiten ikasi du Pirinioetan, eta artzaintzan dabil orain osaba Luzio eta Mirtaren Belzebenea baserrian, pandemia garai betean.

Bizimodu lasaia eraman nahi izanda ere, berez datoz arazoak, ordea: batetik, muga pasatu nahi duten gazte afrikarrak bolada batean gordetzeko eskatuko diete lagun batzuek; bestetik, espekulatzaile eta agintariek Telleria urbanizazio-proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dute; azkenik, Itoitzekiko Solidarioen borroka zaharrak ere badu bere lorratza hemen.

Atzo Xabier Mendiguren editorearekin batera egindako aurkezpenean azaldu zuenez, hiru liburuetan protagonista berberak «bere burua berrasmatu» eta izena aldatu badu ere, beste osagai batzuk bere horretan mantendu ditu; esaterako, hirurak «Baztan zehatz batean» gertatzen direla, «postal turistikotik ihesi doan Baztan batean», hain zuzen.

Azken atal hau idaztearekin batera, nobela beltzaren generoarekin adiskidetzea lortu du idazleak. Aurkezpenean aitortu zuen 2017an “Telleria eta gero, zer?” idaztea «traumatikoa» izan zela berarentzat. «Trama osatzea eta korapiloak sortzea erraza da; horietatik ateratzea da zaila dena», zehaztu zuen. Orduan genero beltzarekiko distantzia hartu zuen, 2024an bigarren atala, “Mendeku eskubidea”, etorri zen arte.

Berria hiru hariren «txirikordatzean» oinarritzen da. Lehena migratzaileen igarotzea da. Pandemia garaian kokatzen denez, orduan itxita zegoen Biriatuko mugatik igaro ezinik Baztanetik pasatzen ziren pertsonen errealitatea jaso du.

Bigarrena Telleria izeneko egitasmo urbanistikoa eta horren aurkako borroka da. Praten hitzetan, Aroztegiaren irudikapena da proiektu «espekulatzaile» hau.

Horrekin lotuta dago hirugarrena; 20 urte lehenago lurraren defentsan egindako ekintza bat, alegia. Itoiz herria hutsarazi ondoren hustear zeuden Artozkin 2003an hainbat artistak beraien artelanak eman eta erakusketa bat antolatu zuten. Idazleak azaldu zuenez, gaur egun batzuk berreskuratu dira eta beste batzuk ez dira agertu