Beti Onak, Europan eta bere historian beste pauso bat eman nahian
Talde nafarrak final-laurdenak ditu helburu gaur eta hilaren 24an Bursa turkiarraren aurka jokatuko duen EHF European Cup-eko kanporaketan.

Kirol arlotik begiratuta, asteburu polita du hau Replasa Beti Onak taldeak. Izugarrizko pausoak ematen ari dira jokalariak. 2021-2022 denboraldian Guerreras Ligara igotzea lortu zuten, iaz Kopako txapeldunorde izan ziren finalean Bera Bera ahalguztidunaren kontra galduta, eta horrek aurtengo Superkopa jokatzeko aukera eman zien. Orain, berriz, EHF European Cup-eko final-laurdenak oso gertu dituzte.
Horretarako, erronka handia dute aurrean, bi partidara jokatuko den kanporaketan Bursa Buyuksehir talde turkiarra izango baitute aurkari. Joanekoa gaur bertan jokatuko da Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian (18.00, Navarra TV), eta itzulikoa hilaren 24an izango da, Bursa hirian.
Irabazleak, esan bezala, final-laurdenetarako txartela eskuratuko du. Beti Onak-ek inspiratuta eta gogotsu ekingo dio hitzorduari. Aste honetan bertan, aurreratutako Ligako jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu du Aula Valladoliden aurka (26-19) sailkapeneko goiko postuetan jarraitu ahal izateko. Pentsa, nafarrak bosgarrenak dira, aurretik dagoen eta partida bat gutxiago duen Costa del Sol Malagarengandik puntu bakar batera.
Dagoeneko historia egin du Atarrabiako taldeak, iaz lorturiko Ligako sailkapenagatik sailkatu baitzen, lehen aldiz, Europara. Horrekin nahikoa ez, eta bi kanporaketa gainditu behar izan dituzte nafarrek honaino iristeko. Lehenengoan, HC Galychanka Lviv talde poloniarra kanporatu zuten (26-25 Atarrabian eta 24-26 Polonian), eta bigarrenean gauza bera egin zuten Yellow Winterthur suitzarrarekin. Kasu honetan, bi partidak Atarrabian jokatu zituzten; 30-26 gailendu ziren eta egun bat geroago 27-25 irabazi zuten.
MAILA BERTSUA?
Txapelketak aurrera egin ahala, normala denez, aurkariak ere gogorragoak izango dira. Baina Bursa Buyuksehir taldeak ez du eskarmentu handirik Europan, iaz egin baitzuen debuta eta Round 3 deritzon kanporaketan geratu baitzen lehiatik at. Aurten kanporaketa bakarra jokatu du, eta horretan AEK Atenas kanporatu du.
Halere, pausoak ematen ari den taldea da. Bere Ligako liderra da egun, Kopa eta Superkopa irabazi ditu eta jada Turkiako erreferenteetako bat da.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
