Maddi Ane Txoperena garaile Bardozen, eta osatu da seikotea
Maddi Ane Txoperena gailendu zen atzo Bardozen jokatutako finalaurrekoan, eta, zuzenean, urtarrilaren 31n jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen. Berarekin batera kantatu eta bigarren eta hirugarren geratutako Aitor Servier eta Irantzu Idoate ere finalerako sailkatu ziren. Bestalde, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa ere aurkeztu zuten atzo: 57 taldek parte hartuko dute, 350 pertsonak denera.

Bardozeko ezkerpareta izan zen Xilabako azken finalaurrekoaren lekuko atzo, bertan erabakitzekoa baitzen nortzuek kantatuko duten urtarrilaren 31n Donibane Lohizuneko Jai Alain. Azkenik, Maddi Ane Txoperena gailendu zen atzo arratsaldean, 562 puntu eskuratuta, eta ondorioz zuzenean eskuratu zuen finalerako txartela. Berarekin batera hauek aritu ziren kantuan, eskuratutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera: Aitor Servier (546,5), Irantzu Idoate (639), Ramuntxo Chrusty (504), Patxi Iriart (502,5) eta Karlos Aizpurua (484,5).
Bigarren eta hirugarren geratutako Servier eta Idoate ere finalerako sailkatu ziren, eta, horrenbestez, honakoa da hemendik bi astera kantatuko dutenen zerrenda: Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Aitor Servier Etxetxuri, Irantzu Idoate Funosas eta Elixabet Etxandi Goihenetxe.
Ekhi Erramundegik jardun zuen gai jartzaile, eta epaile lanetan hauek aritu ziren: Abel Zabala Elizazu, Maialen Berra Zubieta, Iban Thicoipe, Jon Garmendia Martinez “Txuriya”, Lur Renteria eta Eneko Bidegain Aire.
57 TALDE GIPUZKOAKO HERRIARTEKOAN
Bestalde, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa ere aurkeztu zuten atzo, bertso komunitatearen topagune izan eta bertso eskolen arteko saretzean eragin nahi duen festa handia. «Gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat txapelketa erakargarria izango da, eta horien profila ahalik eta anitzena izango da», azaldu zuten aurkezpenean. Halaber, generoaren ikuspegitik emakumeen eta genero disidenteen parte hartzea sustatu dela ere nabarmendu zuten, baita belaunaldiartekotasuna presente egongo dela ere.
57 taldetan banatuta, guztira 350 pertsonak parte hartuko dute txapelketan; inoizko kopururik handiena. Izan ere, taldekakoa egiten den hirugarren aldia izango da; aurrekoetan 24 (1999an) eta 38 (2017an) taldek eman zuten izena; kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan da.
Talde bakoitzak bost partaide izango ditu gutxienez, baina saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute. Gai jartzaile eta epaile bana ere izango dute taldeek eta ordezkari bat ere bai bilketa, komunikazio eta antolaketa lanak egiteko. Lau fasetan banatuko da txapelketa: lehen fasea izango da bereziena, Gipuzkoako zortzi azpieskualdetan banatu eta bakoitza izango da fasearen sortzaile eta arduraduna. «Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahal izango du fasea», azaldu zuten. Fase hau urtarrilean abiatu eta martxoaren 28ra bitartean jokatuko da. Hala, bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira.
Fase honetatik zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana, eta lau saio jokatuko dituzte. Finalaurrekoetara lau talde iritsiko dira, eta bi saiotan erabakiko da finalean zein talde izango diren.
Finala maiatzaren 30ean jokatuko da Aiako probalekuan. «Finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da», aurreratu zuten, «finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa» izan nahi baitu.
Azkenik, azken faseetarako sarrerak martxoan jarriko dituzte eskuragarri www.bertsosarrerak.eus atarian -Xilabako finalerako sarrerak ere hor daude salgai-. Gipuzkoako Herriartekoaren nondik norakoak www.bertsozale.eus atarian jasoko dituzte.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
