haurrek egiten dute danborrada; auzoek, hiria
Honako mezua eman zuen atzo eguerdian Intxaurrondoko Haur Danborradak Donostiako udaletxeko balkoitik, 4.630 kideren desfilea abiatu aurretik: haurrik gabe ez dago danborradarik, ezta auzorik gabe mugimendurik ere Donostian. Handik gutxira, Xabier Anduaga Martinez opera abeslariak hunkituta jaso zuen Urrezko Danborra.

Hari ikusezin batek batzen ditu Donostiako Danborradako partaideak. Hala azaldu zigun Intxaurrondoko Haur Danborradako Marian Martinek. Hari hori urte osoan sentitzen dutela aitortu zigun, gainera, aurten danbor nagusia eta pertsonaiak gorpuzteko ohorea izan duen konpainiako kideak. «Elkartasun hori bizi dugu egunerokoan».
«Oso harro» daude auzoaz, eta aldarrikapen bat egiteko baliatu zuten Haur Danborradaren hasiera. Haurrik gabe ez dagoela danborradarik eta auzorik gabe ez dagoela Donostian mugimendurik nabarmendu zuten eguerdian udaletxeko balkoitik. «Balioak eta errespetua lantzen dituen auzoak badaude, festa honek zentzua izango du», adierazi zuen Valentina Errante Santos alkateak. Ondoan zituen Odei Albarca Lopetegi notarioa, Jon Saizar Viles jenerala eta Ane Martin Lopez laguntzailea. Danbor nagusia, Argoitz Echezortu San Jose izan zen.
1965. urtetik atera da Intxaurrondoko Haur Danborrada eta familia pila bat pasatu da bertatik. Atzoko pertsonaia batzuen gurasoak ere bertan ibiliak dira. 80 kide inguru izaten dira normalean, baina aurten gehixeago izan dira: 101.
4.630 HAUR
4.630 haur atera ziren guztira Haur Danborradan, eguzki bete eta goxo batek lagunduta, 45 konpainiatan. Alderdi Ederreko lorategien ingurua jendez lepo zegoen hamabiak jo baino dezente lehenagotik. Guraso, aitona-amona, haur txiki eta herritarrak leku on bat hartu nahian, dena ikusteko. Hesiz inguratuta zeuden buztanean trentzak zituzten zaldiak. Haurrak haien gainean paseatzen ari ziren, animaliak soinura ohitu zitezen.
Banan-banan iristen ziren konpainiak, bakoitza bere izena oihukatuz makilak astintzearekin batera. Berez ederra den udaletxe ingurua are politago ageri zen, bandera eta lore txuri-urdinez eta ikurrinaz apaindua.
Hamabiak bost gutxitan ikastetxeen izenak esaten hasi zen aurkezlea, eta Intxaurrondoko Danborradaren mezua aditu eta gero («Gora Donostiako Danborrada! Gora Intxaurrondo! Gora Donostia!» oihuarekin bukatu zena), “San Sebastian Martxa” jo zuten.
Makilatxo bat eskuan gora eta behera zerabilen umetxo baten ondoan, espaloian jarrita, ederki ikusi genituen gastadoreak, banderadunak, kantinerak, danborrak eta barrilak, Raimundo Sarriegiren musikaren erritmora pasatzen. Emozioen koktel bat ziren txikien aurpegiak: ilusioa, urduritasuna, harrotasuna... Baita begira zeudenenak ere. Izugarri gozatu zuten guztiek.
22.736 HELDU
Hala joan ziren danbor doinuak kalez kale josten, bai haurrenak, bai helduenak: Amara, Loiola, Altza, Intxaurrondo, Morlans... Parte Zaharrean barneratu ginen gu eta han elkartu ginen Amaikak Bat konpainiako Anarekin. «Emozio ikaragarria» sentitzen zuela adierazi zigun. «Donostiarra naiz eta konpainia batean atera arte ez dut hau bizi izan. Ezin da azaldu. Mundu guztia biltzen du egun eder bat pasatzeko, beti alai. Denok jota gauden garaiotan, hauxe da daukaguna».
2019an atera zen lehendabiziko aldiz, pandemia aurretik, kasualitatez, ordura arteko kantinera haurdun gelditu eta bere ordez ateratzea eskaini baitzioten. «Baiezkoa eman nuen, eta erabakirik onena izan zen. Santa Maria basilika, Konstituzio plaza, Sarriegi plaza, Trinitate plaza... Toki enblematikoetan desfilatzen dugu, eta ‘Bagera’ jotzen dugunean oilo-ipurdia jartzen zait. Jada nire gurasoak ez daude, umeak kanpoan bizi dira, eta hunkitu egiten naiz», kontatu zigun malkotan. Gu ere jaira gonbidatu gintuen, eta bertako zein kanpoko, festa hau denentzat dela azpimarratu zuen.
2.736 lagun eta 167 elkarte atera ziren Helduen Danborradan. Bi urteurren borobil ospatu zituzten. 150 urte dira Union Artesanak lehendabiziko danborrada antolatu zuenetik eta 100 urte lehen bandera igotzetik.
URREZKO DANBORRA
Udaletxe barruko emozioak ere intentsoak izan ziren. Xabier Anduaga Martinez opera eta zarzuela tenore donostiarrak hunkituta jaso zuen Jon Insausti Maiesterrena alkate berriak eman zion Urrezko Danborra. «Donostia ez da jaio nintzen lekua bakarrik, munduari begiratzeko ikasi nuen modua da. Gauza garrantzitsuak mantso, zaratarik gabe, irmo eta xume eraikitzen direla ulertarazi dit», esan zuen.
Alkateak nabarmendu zuen «opera abeslari bat baino askoz gehiago» aitortu eta saritu dutela: «Testuingurua eta ohiturak ezagutzen dituen pertsona bat. Kultura».
«Xabier, ezin hobeto islatzen duzu hiriaren taupada indartsu eta berritzailea», adierazi zion omenduari. «Donostiarren erreferente gazteen ordezkari gorena zara. Baita ispilua ere». Egun seinalatu honetan, donostiar guztien izenean, hau erregutu zion: «Ez dezazula sekula Donostiarekiko erakutsi duzun maitasuna galdu».
Anduagak pozik hartu zuen kultura eta honek batzeko duen ahalmena saritzea. Agertu zuenez, astelehen gauerdian banderaren igotzean Donostiako Orfeoiarekin “San Sebastian Martxa” kantatu zuenean bizi izan zuenak «musikaren eta tradizioen boterea» islatzen du eta ez du inoiz ahaztuko.
Gazteei ere zuzendu zitzaien, eta beren aurrean ikasten jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, «beren ondoan egoteko eta hiri honetan ametsak jaio daitezkeela sentitzeko. Bada etorkizuna, konfiantza dut zuengan», adierazi zuen opera abeslariak.
Gauerdira arte ez zuen etenik izan festak. Jarrai dezatela aurrerantzean ere bihotzek danbor doinuen alaitasunaz punpaka!

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
