GARA
BAIONA

Euskararen aldeko engaiamendua neurtzeko tresna berria

Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan hainbat tresna sortu dira «euskararen ikusgarritasuna eta erabilera areagotzeko» xedearekin, izan euskalgintzatik, izan instituzioek bultzaturik. Haatik, urrats horiek ukatu gabe, «euskarak ez du oraino bere toki osoa».

Euskal Konfederazioaren arabera, bi arrazoi nagusi dira egoera hori azaltzeko. Lehenik, herriko hautetsi batzuek euskararen garapena Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) eta Euskal Hirigune Elkargoari delegatzeko joera izan dutela. Bigarrenik, euskararena «hautuzko konpetentzia» gisa irudikatu daitekeela aditzera eman du elkarteak.

Euskal Konfederazioak oroitarazi du «euskararen berreskurapena ezinbestez herrietatik ere» pasatzen dela. Ildo beretik, «herriek zer egin behar duten» paradigmara iragateko garaia dela defendatu du hilaren 24an Baionan bere biltzar nagusia eginen duen eragileak.

Xede horrekin, “Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa” izena hartu duen galdetegiaren barnean bost ardatzen inguruan banaturiko hogei neurri zehatz bildu ditu. Barometroak xede bikoitza du. Alde batetik, boto emaileek jakitea «beren herrietako hautagaiek zer asmo duten» euskararen garapenari buruz. Bestetik, bozak egin aitzin hautagaiek «hizkuntza plana egituratu eta orekatua hobeki artikulatzeko» tresna lagungarria bilakatzeko xedea du barometroak. Horrez gain, behin hauteskundeak igarotakoan, agintaldi berrian «euskararen aldeko neurri eraginkorrak» hartzeko balio dezakeela agerian utzi du Euskal Konfederazioak.