Umiltasuna
Arkaitz Miner! Arkaitz Miner!» Horrela aurkeztu ohi ditu Ruper Ordorikak oholtzan berarekin batera jarduten diren Mugalariak taldeko kideak: banan-banan, birritan izen-abizenak ozen esanda eta jendearen txaloetarako tartea utzita. Musikari bikainak dira guztiak, ibilbide autonomoa ere badutenak, baina aldiro hunkitzen nau gainerakoen meritua nabarmendu gura izate horrek. Hunkitzen nau artistaren umiltasunak. Ez dut aurkitzen beste berbarik.
Jabetzen naiz umiltasuna ez dagoela modan. Izan ere, esan liteke umiltasunarekin borrokan ari den kultura batean bizi garela. Sare sozialak umiltasuna gutxiesten duten iruzkin zirikatzailez gainezka daude, aurkaria barregarri uzteko helburuarekin.
Apaltasunaren arrastorik ez da aurkitzen gizartean. Meritua ustez saritzen duten lanbideetan ere nork bere burua nabarmendu behar du aurrera egin nahi baldin badu. Onenak garela frogatu behar dugu behin eta berriz, amaierarik ez duen norgehiagoka batean. Eta horrek umiltasunarekin egiten du talka. Eta indibidualismo nartzisista bultzatzen du.
Alta, apaltasunak badu bere ifrentzua. Emakumeoi betidanik erakutsi izan digute umiltasuna dela feminitatearen berezko ezaugarria. Ondorioz, gutxitan egoten gara prest lehen lerroan egoteko, geure burua nabarmentzeko. «Zuek ez nauzue ezagutzen» erantzun zigun behin irakasle eta lankide bikaina zenak fakultateko dekanoa izateko proposamena jaso eta gero. Ederto ezagutzen genuelako joan ginen harengana! Beti itzalean, ezkutuan, egoteko joera hori kultura patriarkalaren emaitza da eta horregatik “emakumeok ahalduntzea” feminismoaren oinarri-oinarrizko ideia da. Nik neuk biziki maite dut emakume indartsuaren irudia. Berdin zait artista, politikaria, intelektuala edo herritar soila den. Muturrera eraman gabe, ordea. Indartsua izan zaitezke eta entzuten jakin, harrokeriarik gabe. Zinezko erronka bihurtzen da, horrela, apala izatea baina ez ikusezina; ahalduna eta umila aldi berean. Denontzat eta arlo guztietan. Umila izatea gizalegezkoa da, betiere.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
