Mundu arranoa
Mundua hankaz gora jarri nahi duten ultra aberats, telepredikadore eta ebanjelisten kontrakultura haize alde dabil. Lainezak hartuta Maga mugimendua demokraziaren esanguraz futitzen da, nazio kristauaren aldeko errezoak bultzatzen ditu eta koroarik gabeko errege gisa agintzen duen presidente kapritxosoak basailutza esportatu eta txikizioa eragiten du bazter guztietan. Estatu-enpresak gero negozioa egiteko. Pax americana zigilua du.
Jainkoak aukeratua ei den eta ilerik harrotu gabe munduaren ugazaba dela uste duen gizon histrioniko eta handiputzaren batutaren arabera bizi gara azkenaldion. Hark zer esango, zer ateraldi egingo, hurrengo atzaparkada nori tokatuko ote zaion... Noraeza da nagusi eta alarma gorri guztiak piztuta daude. Psikopatologikoki hain mendeko garela sentitze hutsaren ziztada nozitu dut. Nola iritsi gara hona? Zer egin dugu gaizki hau dena jasan behar izateko? Tamaina honetako atzerakada emateko? Inkreduloa naiz, badakit. Eta ez naiz neure baitakoa. Zumarragako seme eta Repsoleko kontseilari prestua den Imaz jaunak Etxe Zurian erakutsi duen pleitesia nola deklinatu ez dakidala nabil oraindik. Ez da txori kaka, petrolioa baizik. Baina auzo lotsak ere baditu bere Bizkaiko Golfoak.
Batzuetan galderak behar ditut; bestetan, alabaina, erantzunak nahi nituzke, erantzun konbintzenteak, baina garesti daude oso. Diotenez, gizabereok ez gara bereizten beste abereengandik pentsatzeko edo sentitzeko dugun ahalmenagatik, bizitzari zentzua emateko dugun gaitasunagatik baizik. Geroa proiektatzeko dugun izaeragatik. Txerri goseak ezkurra amesten duen eran amesten dugu mundu justuago bat; ordea, errealitateak fikzioa gainditu duenean edo apokalipsi jarraituaren amildegian sentitzen garen honetan, nola desblokeatu gure kolapso mentalak?
Emaiozu boterea ergel bati eta tirano bat egingo duzu. Platonek errana. Mundu zaharra hiltzen ari dela diote. Eta berria sortzen. Geopolitika deitzen da. Baina gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Beharrik Gorka Urbizu dugun.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
