GARA
DONOSTIA

Hertzainak taldearen errepertorioa «baimenik gabe» ustiatu du Elkarrek

Donostiako Merkataritza Auzitegi batek ebatzi du Elkar argitaletxeak Hertzainak taldearen errepertorioa baimenik gabe ustiatu duela zenbait plataforma digitalen bidez, nahiz eta epealdi gehiena preskripzio epetik kanpo legokeen. Ebazpenak, guztira, 21.473,05 euroko kalte ordaina zehaztu du taldeko kideentzat, jasandako kalte ekonomikoagatik eta estres emozionalagatik. Epaia ez da behin betikoa; Gipuzkoako Auzitegian helegitea aurkezteko aukera dago.

Josu Zabala, Hertzainak taldeko kideetako bat.
Josu Zabala, Hertzainak taldeko kideetako bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Elkar argitaletxeak Hertzainak rock taldearen errepertorioa zenbait plataforma digitaletan baimenik gabe ustiatu duela ebatzi du Donostiako Merkataritza Auzitegi batek. Hala ere, ustiaketa gertatu zen aldiaren zati gehiena preskripzio epetik kanpo dagoela ondorioztatu du eta, beraz, ebazpenak partzialki bakarrik onartzen du taldeko bost kideetatik hiruk argitaletxearen aurka aurkeztutako demanda.

Ebazpenak 21.473,05 euroko kalte ordaina zehaztu du, guztira, taldeko kide guztientzat, jasandako kalte ekonomikoagatik eta estres emozionalagatik. Epaia ez da behin betikoa; Gipuzkoako Auzitegian helegitea aurkezteko aukera dago.

Efe agentziak ebazpena aztertzeko aukera izan du, eta, zehaztu duenez, erabakiak kalte ordainetatik kanpo uzten du “Mundu berria daramagu bihotzean” (1991) lana, «demandatzaileek eurek onartu baitzuten lan horren ustiapen eskubideak Komite Internazionalistei laga zitzaizkiela», baina, aitzitik, barnean hartzen ditu “Denboraren orratzak” (1992) albumaren eskubide fisiko eta digitalak.

PLATAFORMA DIGITALAK

Iazko azaroan abiatu zen epaiketan, Hertzainak taldeko hiru kidek salatu zuten Elkar argitaletxeak taldearen katalogoko grabazioak zenbait plataforma digitaletan ustiatu zituela eskubideen titularren baimen espresurik gabe.

Orduan zehaztu zutenez, 1992an Oihuka diskoetxearekin kontratu bat sinatu zutenean ez zegoen ustiapen digitalik eta, beraz, diskoetxearen eta Elkarren arteko ondorengotza kontratuak ez lekarke berekin «eskubideen transferentzia automatikorik, inoiz ez baitziren ustiapen digitalerako baliozko moduan transferitu».

Auzitegiak argudio hori onartu du, uste baitu bai kontratutik bai garai hartako testuinguru teknologikotik ondorioztatzen dela eskubideen transferentzia soilik «euskarri fisikoen grabaketari eta disko fisikoen fabrikazioari eta salmentari» dagokiela.

Kontratuan «ez dago inolako aipamenik sare digitalen bidezko komunikazio publikoari, eskuragarritasun interaktiboari, zerbitzari bidezko erreprodukzio digitalari edo Internet bidezko ustiapenari», zehazten du ebazpenak, eta logikotzat jotzen du alor horiek «garai hartan hastapenetan zeudela kontuan hartuta».

Gauzak hala, ondorioztatzen du musikariek egindako lagapena «espresuki adostutako ustiapen moduetara» mugatzen dela, «euskarri fisikoei lotutako grabazio industria tradizionalean ohikoa dena», eta nabarmentzen du «ustiapen modu bakoitzak lagapen espresu, espezifiko eta indibidualizatu baten xede» izan behar duela, «eskubideen lagapen isilpekoak, inplizituak edo generikoak» onartu gabe. Argudio horiek mahai gainean, Donostiako Merkataritza Auzitegiko dokumentuak agerian uzten du Elkarrek ustiapen digitala «interpreteen eskubideen titularren baimenik gabe» egin zuela.

2018TIK 2025ERA BITARTEKOAK SOILIK

Hala eta guztiz ere, epaiak «2018ko irailaren 6ra arte sortutako erreklamazio guztiak» preskribatutzat jotzen ditu eta data horretatik 2025. urtera bitartean sorrarazitako kalteak bakarrik onartzen dizkie Hertzainak taldeko kideei. Alde horretatik, zehazten du «gutxienez, 2008. urtetik streaminga izan dela musika ustiapenerako kanal nagusia» eta azaltzen du demandatzaileek musikari profesionalen izaera izateak «barkagarria den ezjakintasuna» alegatzea eragozten diela.

Gaineratzen duenez, 2008tik 2023ra -helegitea aurkeztu zen urtea- «hamabost urte oso igaro ziren aipatutako interpreteek erreklamazio justifikatu bakar bat ere egin gabe», baina «urraketa jarraitua» egin denez, «preskripzioak ez du kalte ordainak erreklamatzeko eskubidea erabat iraungitzen». Behin betiko iraungitzen dena «azken bost urteko epea baino lehenagoko» kalte ordainak erreklamatzeko eskubidea litzateke epaitegiaren arabera, eta beraz, 2018ko irailaren 7tik aurrera eragindakoak onartzen dizkie.

Aipatutako kalte ordainaz gainera, epaiak Elkarri eskatzen dio berehala eten dezala «baimenik gabeko ustiapen digital oro», plataforma digitaletan eskuragarri jartzea barne. Eta ohartarazten dio etorkizunera begira ere «eskubideen titularren beharrezko baimenik gabe» berriro ere ustiapen horri ekitea saihestu behar duela.