GARA
IRUÑEA

Lizarran egingo du aurten Aberri Eguneko ekitaldia Euskal Herria Baterak

Euskal Herria Baterak Lizarran egingo du aurtengo Aberri Eguneko ekitaldia, martxoaren 28an. Plataformak gogoeta prozesu bati ekingo dio ordura arte.

Euskal Herria Batera ekimenak iaz Kursaalen egin zuen ekitaldiko une bat.
Euskal Herria Batera ekimenak iaz Kursaalen egin zuen ekitaldiko une bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herria Batera plataformak Lizarran egingo du 2026ko Aberri Eguneko ekitaldi bateratua, martxoaren 28an, “Bagara eta badugu” lelopean, Los Llanos kulturgunean. Hala iragarri zuten atzo, ohar batean.

Jakinarazi zutenez, plataformak hausnarketa prozesu bati ekingo dio eta Lizarran emango dute bukatutzat, non «Aberri Egunak behar duen instituzionalizazio mailaren inguruko gogoetaren ondorioak» partekatuko dituen.

Hausnarketaren baitan Euskal Herriko eragile nagusiekin bilera sorta egiten hasiko direla iragarri zuten. «Aberri Egunaren instituzionalizazioan jauzi baten beharra» partekatzeko.

Instituzionalizazio hori, Euskal Herria Bateraren ustez, «Aberri Egunari balioa emanda hasten da, norbera parte aktibo izanda». Finean, «keinu eta ospakizunak ugaritzeak» ekarriko du instituzionalizazioa.

Aurtengo ekitaldirako Lizarra hautatu izanaz plataformak adierazi zuen askorentzat Hego Euskal Herriko «hiriburu sentimentala eta udalerri erreferentziala dela», eta aurten efemeride garrantzitsua ospatzen dela.

EFEMERIDE GARRANTZITSUA

Izan ere, aurten 150 urte beteko dira foruak indargabetu zituztenetik. «Euskal pentsamendu nazionalean eklosioa ekarri zuen hark, eta horri aurre egiteko emandako formulazio ideologiko arrakastatsuen artean nabarmentzekoak dira ‘Zazpiak bat’ mapa-ideia formulatzea eta ‘Euzkotarren aberria Euzkadi da’, Sabino Aranak egindako ekarpena».

Horretaz gain, oroitu zuen Lizarra «harrera eta babes lekua» ere izan zela Espainiaren mendeko lurraldeentzat.

Euskal Herria Baterak nabarmendu zuen bere helburu nagusia hauxe dela: «Nazio bat garela gogoratzea eta, gainerako nazioak bezala, gure egun nazionala elkarrekin ospatu nahi dugula. Elkarrekin azaldu behar dugu zer garen eta zer izan nahi dugun».