M17ko greba deialdia ofizialki erregistratu dute Nafarroan
Martxoaren 17ko greba orokorraren deialdia ofizialki erregistratu zuten atzo Nafarroan ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Adierazi zutenez, CEN patronalak eta Nafarroako Gobernuak «erantzukizun zuzena» dute gaur egungo egoeran.

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorraren deialdia ofizialki erregistratu zuten atzo Nafarroan. “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lelopean egin zuten, «lan-baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa emateko» helburuarekin.
Sindikatuek salatu zuten azken urteotan «soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik» izan eta horrek «langileen bizi-baldintzak nabarmen okertzen dituela. Gutxieneko soldata duin bat «premiazkoa» dela azpimarratu zuten, eta 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dute, «hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua».
«Proposamen honek zuzenean 74.000 langileren egoera hobetuko luke Nafarroan. Eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatzen du, soldata igoera handiagoak adostu daitezen», gehitu zuten sindikatuek.
Era berean, gogorarazi zuten gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Nafarroatik urrun hartzen direla gaur egun, «langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta». Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena Nafarroan izatea «funtsezkoa» dela defendatu dute, «lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak» egitea helburu.
Gutxieneko soldata propioa lortzeko, sindikatuek bi bide erabili dituzte: Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera egin dute. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 18.000 sinadura baino gehiago jaso zituzten.
«Bi bideak blokeatu dituzte CEN patronalak eta horren mesedetan lerrokatu diren UGT eta CCOO sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak», adierazi zuten. Era berean, sindikatuen iritziz, hirugarren bide bat ireki beharra dago: «Gutxieneko soldataren afera Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea» beharrezkoa da.
«BORONDATE POLITIKOA»
Horren aurrean, sindikatuek adierazi zuten CEN patronalak eta Nafarroako Gobernuak «erantzukizun zuzena» dutela gaur egungo egoeran. «Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutral mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua da».
M17ko greba orokorraren bidez «soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa» exijituko dute, «azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera» izan dutela salatuz. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena «hemen izateko beharra» mahai gainean jarriko du. «Eta greba honek herritarren parte-hartze demokratikoaren alde ere jotzen du».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
