Auzipetutako lau gazteei babesa agertu diete Sopelako herritarrek
Joko areto baten aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzten lau gazteen absoluzioa aldarrikatu zuten atzo Sopelako kaleetan. «Sopelako 4ekin1» plataformak deituta, manifestazioa egin zuten udaletxetik abiatuta.

Joko areto baten aurka protesta egiteagatik epaitu behar dituzten lau sopeloztarrei elkartasuna agertzeko mobilizazioa egin zuten atzo Sopelako udaletxetik abiatuta. Jende andana batu zen lau gazteen absoluzioa eskatzeko eta gertatzen ari dena «asmakeria poliziala» dela salatzeko.
«Etorkizuna jokoan» leloa idatzita zeraman pankarta buruan zela igaro zen Sopelako 4ekin1 plataformak deitutako manifestazioa joko aretoaren aurretik. Izan ere, Izpine Bidaurrazaga eta Joseba Ugalde plataformako kideek GARAri azaldu ziotenez, auzipetuei akusazioak eskatzen dien zigorrak haien etorkizuna arriskuan jar dezake.
Zortzi urteko kartzela zigorra ezar diezaietela galdegin du akusazioak, hots, joko aretoaren jabeak. Horrez gain, guztira, 112.400 euroko isuna ere eskatzen die. Kalte jarraituak, hertsapena eta mehatxu egitea dira leporatzen dizkieten delituak. Birritan artxibatu dute auzia, baina akusazioaren errekurtsoek berriz irekitzea lortu dute. Hala ere, Fiskaltza erretiratu egin da.
ATZERAPENAK
Behin baino gehiagotan atzeratu diete epaiketa eta, printzipioz, martxoaren erdialdean dute jarrita hurrengo data. Atzerapenak auzipetuentzat «karga erantsia» direla salatu izan dute plataformatik, ia bost urtez luzatzen ari baita prozesua eta kostu pertsonala handia ari da izaten lau gazteentzat.
Zigor eskaerak jakinarazi zirenean plataformak salatu zuen guztia «asmakeria poliziala» dela. Izan ere, azaldu zuten garaiko testuinguruak eragina izan zuela lau herritar horien atxiloketan.
Adierazi zutenez, 2020a eta 2021a «bereziki mugituak» izan ziren Sopelan: «Zenbait herritar dinamika zeuden martxan garai hartan: eraikitze lanetan ari ziren supermerkatu baten aurkakoa, joko areto baten aurkakoa, bai eta Sopelako Udaltzaingoak zenbait gazteren aurka erabilitako indarkeria salatzen zuena ere».
Hori dela eta, uste dute operazioa abiatu zutela herri mugimenduan modu aktiboan parte hartzen ari ziren zenbait herritar jazartzeko helburuz.
Operazio horren arduradun eta sustatzaile gisa seinalatu dituzte joko aretoaren jabea, «zeinak dinamika herritar hori desagerrarazi nahi zuen», eta Sopelako Udaltzaingoa, «zeinak herri mugimenduan aktiboki lanean ari ziren zenbait gazte izutu nahi zituen».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
