Nerea LAUZIRIKA
ZORNOTZA
EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA

Hilketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu dute

Agerraldia egin aurretik, protokoloari buruzko solasaldia egon zen.
Agerraldia egin aurretik, protokoloari buruzko solasaldia egon zen. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Hilketa matxistei erantzuteko protokolo berritua aurkeztu zuen atzo Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Zornotzan, tresna «bizia eta dinamikoa» izatea nahi dutena. Besteak beste, erasoak zein ematen zaien erantzuna naturalizatzea eragotzi nahi du dokumentu berriak.

Emakumeen Mundu Martxak antolatu zuen goiz osoko egitarauaren barnean eman zituzten berrikuntzaren inguruko xehetasunak. Zornotza aretoan Euskal Herriko mugimendu feministaren historiaren eta etorkizunera begirako erronken inguruan aritu ondoren, agerraldia egin zuten aretoan bertan; eguraldia tarteko, ezin izan baitzuten, aurreikusita zegoen moduan, herriko plazan egin.

“Erailketa matxistei aurre egiteko protokoloa” Interneten egongo da edonoren eskura, hori baita dokumentuaren helburua, darabiltenek ekarpena egin ahal izatea. Izan ere, «ez da errezeta itxi bat», baizik eta «borrokaren bilakaerarekin osatuz joango den mapa». Azaldu zutenez, «askoren arteko eztabaidaren fruitua da, eta horregatik, denona da».

Zaloa Ibeasek azpimarratu zuen «dokumentua baino, borrokarako tresna» dela. Gogora ekarri zuen 2017. urtean, “Indarkeria Birpentsatzen” jardunaldian, ikusi zutela orain hamar urte adostutako protokoloak bazituela bere mugak. Aurretik Elene Lopetegi kideak mahaigaineratutako ideia azpimarratu zuen, esanez indarkeria berregituratzen den neurrian ere feministek beren burua birpentsatu behar dutela, erantzun eraginkorrak emate aldera.

Helburu argia du protokolo berriak: Euskal Herrian, erailketa matxisten aurrean, modu bateratuan erantzutea; hilketak baitira «sistema honen aurpegirik krudelena eta bortitzena». Horretarako, tokian tokiko mugimendu feministak aktibatzeko beharrean jarri zuten azpimarra.

Jakitun dira, halere, indarkeria matxistari aurre egiteko erantzun protokoloak ez direla aski. Hala, jendartea interpelatu eta erakundeei erantzukizunak exijitu zizkieten, argi aldarrikatzeko indarkeria matxistaren aurkako borroka ez dela mugimendu feministaren ardura soilik, jendarte osoarena baizik.

Erantzun kolektiboa ematen jarraitzeko premia berresten dute Euskal Herriko feministek. Zentzu horretan, Ibeasek adierazi zuen apustu «argia» egiten dutela autodefentsa feministaren alde: «Indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko dugun zilegitasuna aldarrikatzen dugu».

INDARKERIAREN DESNORMALIZAZIOA ETA MEMORIA ARIKETAK

Ariane Alberdik xehatu zuen protokolo berriaren edukia. Besteak beste, azaldu zuen lehen 24 orduko erantzuteko epea zegoela ezarria, baina orain 48 ordura zabaldu dutela, aukera izateko beharrezko informazioa jaso eta behar bezala erantzuteko.

Halaber, berrikuntzen artean dago Telegram kanala. Orain arte erabilitako komunikazio bideak baztertu gabe, hots, e-posta eta sare sozialak, mugimendu feministako kideei protokoloa aktibatu beharra jakinarazteko baliatuko dute, besteak beste.

Horrez gain, memoria ariketa egitearen beharra jaso dute plazaratu berri duten protokoloan, baita hura gauzatzeko proposamenak ere. Hala ere, Alberdik berak azpimarratu zuenez, irudimena landu eta dokumentuan jasotakoez gain bestelako ekimenak egitera deitzen du Emakumeen Mundu Martxak.

Hilketen zein ematen zaien erantzunen desnormalizazioan ere egiten du azpimarra tresna berriak, horretarako hainbat modu eta ideia proposatuta.

Protokoloa datozen egunetan egongo da eskuragarri Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren webgunean.