Aritz SANTAMARIA
DONOSTIA
Elkarrizketa
XABIER TOLOSA ABENDIBAR
Pilotari ohia

«Ahalik eta maila gorena ematen saiatu naiz, lasai eta harro nago»

Hamabi urtez profesionaletan aritu da Xabier Tolosa, 482 partida jokatuta. Besteak beste, B serieko Binakako bi txapel jantzi ditu, eta maila bikaina erakutsi du lehen mailan ere. Tolosa pozik doa: «Lasai eta harro nago egindako ibilbidearekin; kantxan ehuneko ehuna eman dut beti».

Tolosa eta Altuna, 2023ko Binakako Txapelketaren finalerdietan.
Tolosa eta Altuna, 2023ko Binakako Txapelketaren finalerdietan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ibilbide luzea eta arrakastatsua izan du Xabier Tolosa Abendibar (Anoeta, 1995) pilotariak, baina 30 urterekin erretiroa hartu du. Lesioek aurreratu duten erabakia izan dela azaldu digu. Izan ere, 2025eko urte amaierarekin bukatu zitzaion Tolosari Aspe enpresarekin zuen kontratua, eta enpresak ez zuen kontratua luzatu, lesio bat argudiotzat hartuta. Anoetarra NAIZ irratian izan da bere ibilbideaz hizketan, eta, besteak beste, Bainetek Aspe erosi izanak ekar ditzakeen ondorioak aztertu ditu.

Zer moduz dago Xabier Tolosa Aspe enpresarekin zenuen harremana eten zenetik hilabete igaro ostean?

Ongi-ongi. Egia esan nahiko barneratuta nuen. Aurretik ikusita eskumuturraren egoera zein zen, ideia eginda neukan. Aspe enpresak kontratua ez berritzea erabaki zuen eta orain etapa berri baten hasieran nago, gogotsu.

Nolakoa izan da azken hilabete hau? Mezu asko jasoko zenituen...

Erabakia zein zen ikusita eta publikoki zabaldu ondotik, jendeak babes handia eman dit, mezu asko jaso ditut. Egiari zor, ikaragarri eskertzen dut babes hain handia jaso izana. Errealitate berrira egokitu behar dut orain; bajan nago, eta, alta hartzean, etapa berri bati ekingo diot. Lan berria bilatu beharko dut, eta egunerokotasun zein ohitura berriak izan.

Duela pare bat asteburu omenaldia egin zizuten Anoetan.

Bai, lagunek. Anoetako Kuku Pilota Eskolak eta Behar Zana Pilota Elkarteak antolatu zuten omenaldia eta herritar ugarik hartu zuten parte. Egiari zor, sorpresa handia izan zen, ez nuen inondik inora ere espero. Nik umeei Behar Zanan pilota eskolak ematen dizkiet, eta haiek ere parte hartu zuten; omenaldi benetan polita izan zen, ikaragarri hunkitu ninduen. Lagunek eta herritarrek modu berezi horretan nire ibilbidea eskertu izana oso polita izan zen. Aipatu behar dut ez zela erraza izan hainbesteko jendetzaren aurrean eskerrak ematea.

Pilotari profesionala izateari utzi diozu lesio bat tarteko; eskumuturrean izan duzun lesioa, ezta?

Bai. Abuztuan, Altsasun partida bat jokatzen ari nintzela erorikoa izan nuen, eta eskumuturreko eskafoidea hautsi nuen. Dena den, lesioen zerrenda luzea da. Eskumuturrean hiru ebakuntza egin dizkidate, eta azken biak, hain zuzen ere, eskafoideko haustura izan nuen inguruan. Esango nuke oso ahuldurik dudala eskumuturra, mugikortasun mugatuarekin gainera. Horrek nire ibilbidea mugatu du, oso zail neukan pilotari profesional gisa jarraitzeko. Aitortuko dut pilota jotzen dudan bakoitzean mina nabaritzen dudala, eta, jakinda nire ogibidea pilotarekin aritzean datzala, ezinezkoa zen bide horri segida ematea.

Eskumuturreko lesioak izan dira kontratua ez berritzeko arrazoia, baina jarraitzeko gogotsu al zinen?

Aipatu dudan bezala, nire eskumuturraren egoeraren jakitun nintzen. Pilotan, kantxara ateratzen zaren une oro %100 eman behar duzu, eta azkeneko urteetan, aipatutako trabak tarteko, asko sufritu izan dut. Egoera iraultzeko nire esku zegoen guztia egin dut; profesionalek tratatu naute, eta nire kabuz besoko zenbait zati ere indartu ditut. Hala ere, ezinezkoa izan da, ezin izan dut mina gainditu. Aspek, hori ikusita, kontratua ez luzatzeko erabakia hartu du.

Hamabi urte eman dituzu Aspen, 482 partida jokatuta. Besteak beste, B serieko Binakako bi txapelketa irabazi dituzu. Nola oroitzen dituzu lehen urte horiek?

Oso oroitzapen politak ditut. Txikitatik nuen ametsa betetzeko aukera izan nuen. Ilusio handia egin zidan profesionaletara iristeak. Azken finean, telebistan ikusitako erreferenteekin jokatzeko aukera izatea izugarria da. Poztasun handia izan nuen debutaren egunean. Ondotik, bi txapel lortu nituen lehenengo urteetan, une zoragarriak izan ziren.

Lehen mailako Binakako Txapelketa hirutan jokatu duzu. Zein da balorazioa?

Bi txapel horiek irabazi eta gero lehen mailan aritzeko aukera iritsi zen. Oro har, oso pozik egindako lanarekin. Beti-beti saiatu naiz nire %100 ematen, nire lana ongi egiten. Horiek horrela, iritsi naiz iritsi naizen tokira, baina beti nire bikotea errespetatuz eta ahalik eta ondoen jokatzen. Denek ezin diogu Altunaren edo Zabaletaren mailari eutsi. Lasai eta harro uzten dut.

Zer partida gogoratzen dituzu? Altunarekin batera jokatutako finalerdi horrek zer aho zapore utzi zizun?

Binakako hirugarren txapelketan, Altuna III.arekin batera, txapelketa bikaina egiten ari nintzen. Finalerdietan izan nuen lesioak zapuztu zuen ametsa. Hala ere, ez dut inongo oroitzapen txarrik, edo ez naiz ezertaz damutzen. Hori bai: hankan izugarrizko zartada eman zidan, min handiena hori izan zen.

Bainetek Aspe bereganatu ostean, jaun eta jabe bihurtu da. Monopolioa izango du. Zer deritzozu honen inguruan?

Egiari zor, saltsa handia dago. Nik ez dut informazio gehiegirik, ez eta gehigarririk ere. Ez dakit enpresek zer politikari jarraituko dioten, salerosketa horrek nola aldatuko dituen pilota profesionalaren nondik norakoak. Akaso, oraindik goizegi da. Ikusi beharko dugu zer erabaki hartzen dituzten, zer jokabide duten, zein aldaketa proposatzen dituzten. Fernando Vidarteren prentsaurrekoa ikusi nuen, hedabideek eman duten informazioa ere irakurri dut, gertutik jarraitu diot gaiari. Ematen du egoera on bat izan daitekeela pilotan aldaketa bat egiteko. Posible da aldaketa positiboa eta onuragarria izatea.

Pro Ligak zenbait aldaketa egiteko asmoa omen du.

Nik beti esan dut taldeen kopurua handitzea onuragarria izango dela; batez ere, pilotarientzat. Izan ere, lehiakortasuna handitzeak pilotariei baldintzak hobetzeko aukera emango die. Dena den, ikusi beharko da talde horiek nola sortzen diren, eta horri gehitu behar zaio monopolioaren kontua, ez dakit zer punturaino horrek egoera hobetuko duen. Aipatu bezala, oraindik ere nahiko goiz da balorazio orokor bat egiteko, aurrerago ondorioztatuko dugu onerako edo kalterako izan den.

Salerosketa egiteko moduak ere hautsak harrotu ditu. Pilotariek ez zuten horren berri.

Pribatutasuna babesteko enpresak isilpean mantendu nahiko zuen. Dena den, nire ustez logikoa zen pilotariek horren berri izatea, prentsan agertu aurretik jakin behar zutela deritzot. Bestalde, nire eta enpresaren arteko harremana beti oso-oso ona izan da. Une oro lagundu didate, batez ere, eskumuturreko arazoak izan ditudanean. Oso ongi tratatu naute urte luze hauetan, nire osasuna asko errespetatu dute. Eta, era berean, ni ere oso ongi portatu naiz enpresarekin.

Jokoan dagoen Binakako Txapelketan zein da zure ustez txapela lortzeko bikote faboritoa?

Txapelketako bikote guztien artean berdintasun handia dago. Beharbada, Laso eta Albisu bikotea besteen aurretik doa, pare bat urrats aurretik. Ikusi beharko da zer gertatzen den hurrengo jardunaldietan, erabakigarriak baitira. Azken txanpa honek garrantzi handia dauka, play-offak ortzi mugan daudela oso inportantea izango da zein postutan sailkatzen den bikote bakoitza. Hori esanda, bikote bat esan behar badut, Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk osatutakoa faborito ikusten dut. Partida bikainak jokatu dituzte, maila oso ona erakutsiz eta akatsik egin gabe. Nik uste dut txapela lortzeko aukera asko dituztela. Anekdota bezala, lagunen artean, txapelketa hasi aurretik kinielatxoa egin genuen eta nik hasieratik Lasoren eta Albisuren alde egin nuen. Horrenbestez, nik nire apustua mantenduko dut.