Amaia, Enekoitz eta Ainhoa guztien alde
Gurasook pentsatu ohi dugu haurrak ez direla esaten dugunaz jabetzen eta ez dutela hitzen esanahia ulermenaren lur buztintsuetatik ateratzeko besteko eskarmenturik. Hori hala izanik, helduontzat, haurrak ginelarik gurasoei eta beste hainbati entzuniko berba txatal horiek jostea da bizitzako denbora-pasa behinenetako bat.
Duela egun batzuk literaturari buruzko mahai inguru batean hizlari batek aipatu zuen euskal idazleek idatzitako nobela beltzetan ikertzaile oso gutxi zirela polizia, munduko joera orokortuaren aurka. Are gehiago, iradoki zuen ideologikoki lerratuak zirela euskal nobela beltzak −poliziafoboak− eta onberak euskal gizartearen aje batzuekin, kritika oro kanpora zuzenduta. Haurrei helduon ulermena ukatzea eta helduei haurrak balira bezala berba egitea, nago ni aje bera eta bakarra direla. Euskaraz idazten dugunon bizkar jartzea ez garela aski pluralak. Argudio berritzailea, alajaina. Hizkuntza gutxituaren ajeak aurpegiratzea hizkuntza horretan aritzen denari; beti bada hori egiten duen norbait. Euskalduna izan ohi dena, bidenabar.
Eztabaidarako nagi, besoa altxatu beharrean diskretuki ekin nion nire baitan honakoa galdetzeari: zergatik ez da nire nobela beltzeko detektibea polizia? Lehenbizi oroitu nuen zer den metraileta baten kanoia buruaren kontra sentitzea. Hotza da metalezko tutua, gogorra, baina ez duzu hozkirririk sentitzen, edo ez nuen nik sentitu, beldurrak osorik blokeatu ninduenez gero. Errepide kontrol batean izan zen, Araban, gauez. Zortez ez nindoan bakarrik autoan. Poliziaren alde esan beharra dut bazuela arrazoia haserre egoteko, kasik autoz harrapatu bainuen. Nire alde, haiek ezarri zirela bide erdian, inolako seinalizaziorik gabe, lautadako behe laino trinkoaren mantapean.
Kontua ez zen gaizki bukatu, behingoagatik eta arrazoi surrealistengatik. Baina kanoi haren presioa nire azalean ez dut sekula ahaztuko. Azalak memoria du, kopetakoak eta boligrafoa eusten duen hatz puntakoak. Memoria horri fidel gatzaizkio, ez besterik.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
