GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA
Elkarrizketa
UNAI PELAYO «PELAX»
Musikaria

«Euskal talde mordoa dago, bai,baina ez dute euskaraz egiten»

«Mainstream»-aren eskuliburuari erreparatuz gero, normatik ateratzen den musikaria da Unai Pelayo (Donostia, 1989). Marearen kontra egin baino, ordea, nahiago du itsasertzetik ibili Pelaxek. Ertzaren apologiarik egin gabe, musikaz bizi ez, baina erraietatik bizi du. Banda formatuan zein bakarka, oholtza du habitat naturala. Musika irakaslea da ofizioz.

(Ibai ARRIETA)

 

Unai Pelayo 2013an hasi zen oholtzara igo eta zuzeneko musika egiten; lehenik bakarka, ostean banda formatuan. Lagunarteko «esperimentazioaren» bitartez, rocka, bluesa eta progresiboaren konpas artean, estilo eta toki propioa aurkitu du laukoteak. 2024an kaleratu zuten beraien azken diskoa, “Esan gabe doa”, eta urtebetera bakarka argitaratu zuen Pelaxek “Koberrak”, zortzi kantuz osatutako bertsio bilduma.

Masa taldea ez zarete, baina baduzue zuen publiko fidela.

Bai, egia esan horrekin oso pozik gaude. Ia urtebete pasa dugu jo gabe; urte amaieran hasi ginen berriz kontzertuak ematen, hiruzpalau egin ditugu, eta konturatu gara kantuak ongi jalki direla. Jendeak gogoz hartu gaitu. Nik asko erreparatzen diot jotzen ari naizen bitartean jendea nola dagoen, eta sartuta ikusten ditut. Agian ez dabiltza dantzan [barreak], baina, bai, denak ikusten ditut guri begira eta sentsazioa da konektatuta daudela.

Geroz eta gutxiago ikusten dira bertsioz osatutako albumak. Nola hautatzen dira hain pertsonala izan daitekeen disko baterako kantuak?

Argi nuen nire musikari ibilbidean gurutzatu ditudan lagunen kantuak izan behar zutela. Eta niretzat oso erreferentzialak direnak; nire osaba edo Beñat Antxustegi esaterako. Baita bidean topatu ditudan eta egin ditudan lagunak ere: Xabi Bizkai, Sorotan Babieseko kantaria; bai eta Iñigo Irazoki ere, gure disko guztiak grabatu dituena. Sofa pila bat miresten dudan taldea da, haien kantu bat ere badago. Era berean, Ane Garciak egiten duen musika asko gustatzen zait, bere ahotsa. Lurra taldea asko ukitu ninduen banda horietako bat da. Azken finean, bidean topatu ditudan lagun horiek omentzeko manera bat izan zitekeela iruditu zitzaidan. Taldearekin geldirik ginen, Iker Vazquez sorbaldako ebakuntza baten zain zegoelako. Pentsatu genuen momentua zela hau egiteko.

Iraungitzeko data duen musika asko egiten da?

Nik uste dut baietz, musika eta artea oso efimeroa da, geroz eta gehiago. Geroz eta azkarrago pasatzen gara beste zerbaitetara. Eta iraungitze oso laburreko nobedadeak eskaintzen dizkigu musika mundu honek. Batez ere, ikuspegi enpresariala duten hedabide, promotore zein taldeek. Dena momentuan irentsi beharrekoa da eta horretara bultzatzen dute entzulea bera. Badirudi kristoren antsia dagoela, eta berdin-berdin gertatzen da bai ikus-entzunezkoekin bai literaturarekin ere.

Autoekoizpenaren alde egin duzu hasieratik. Bide malkartsuak gustuko dituzun seinale?

Hori eta, bestalde, inork ez digulako beste ezer proposatu. Alegia, guregana ez da etorri bulego edo promotorerik kontzertu mordoa eskaintzen eta diskoen ekoizpen gastuak asumitzeko prest. Bide horretan sortu genuen “Balio Dute”. Ez da zigilu bat, ez baitugu taldeen ekoizpena laguntzeko horrenbesteko aurrekontu. Agian izan da modu bat jendeari esateko hemen ere badagoela mamia, itzalpean badirela balio duten talde asko. Ez jo bakarrik mainstream-era! Momentuz barrura begirako kolektibo bat da, elkarrekin lan egin eta babesteko. Batzuetan sentsazioa dut denak gabiltzala elkarri ukondoka erakusleihoaren tokirik onena hartzeko.

Kutixi jaialdia antolatzen duzue. Taldeei ikusgarritasuna emateko?

Bai, giro polita duen jaialdia da. Kartel erakargarri bat eskaintzen saiatzen gara, betiere kalitate filtro baten barnean. Publiko guztientzako jaialdia da eta uste dut nahiko orekatua dagoela estilo aldetik; genero aldetik ere saiakerak egiten ditugu eta euskarazko musika da. Kolektiboan sentsazioa dugu euskara ez dela erabiltzen lokalen barruan. Euskal talde mordoa dago, bai, baina euskal talde horiek ez dute euskaraz egiten. Datozen jaialdietan horri erreparatu nahi diogu.

Donostian musika espazio asko desagertu dira, nolakoa da egoera?

Hiria asko aldatu da, gu hasi ginenean toki mordoa zegoen jotzeko. Doka, Guardetxea eta abar. Gaur egun, desagertu dira, desagerrarazi dituzte. Badirudi ahaztu dugula 2016ko Kultura Hiriburutza. Baina bertan aipatzen zuten hiriaren beharrei erantzungo zien oinordekotza bat egongo zela eta errealitatea da emanaldiak egiten zituzten areto zein gaztetxe guztiek existitzeari utzi diotela, areto bezala gutxienez. Bukoswkin jada ez da kontzerturik egiten, gaztetxerik ez dago kasik...

Eta zer da gelditzen zaiguna? Instituzioek antolatutako kontzertuak, Kursaal edo edozein kultura etxeetan ematen direnak edo Dabadaba; areto pribatu bat, agenda antolatzerako orduan alor enpresarialari ere begiratu behar diona. Beraz, talde hasiberriek adibidez, ez dute tokirik 40 lagun bildu eta kontzertu bat eskaintzeko, ezta entseatzeko ere. Gero eta talde gutxiago dago baxu, bateria eta gitarra formatuan. Gehiago sortzen ari dira ordenagailu bat eta ahots mikrofono batekin. Finean, egongelan edo logelan entseatzeko aukera ematen dute. Zaila behar du izan 16 urte eduki eta talde bat sortu nahi izateak.

Makroekitaldien garaian, zein toki dute Pelax bezalako taldeek?

Ez dute, zuzenean. Eta tokia dutenek laguntza dutelako da. Promotoreek sustatzen dituztelako eta promotoreek antolatzen dituztelako horrelako ekitaldiak. Agente edo enpresa txiki pribatuak dira eta, askotan dirulaguntzak tarteko, lortzen dute halako makrojaialdiak egin eta etekin ekonomiko bat ateratzea. Entzule bezala ez naute asko erakartzen halako jaialdi erraldoiek. Ez da interesgune bat niretzat hor egotea. Jazzaldian, esaterako, bertako talde gisa jotzeko eskaintza egin ziguten, baina oso kondizio eskasetan. Horiek ez dira kondizioak “Frigopie” jartzen duen eszenatoki batean jotzeko. Gure helburua talde jasangarri bat izatea da, alegia, urteko balantzea izan dadila gutxienez zero eta lokala ordaindua edukitzea. Ez dut uste hortik pasatu behar dugunik hori lortzeko.

Zein rol jokatzen du horretan guztian musikazaleak?

Iruditzen zait exijentzia maila oso baxu dagoela eta, batzuetan, egiten den guztiari punta ateratzeko jarrera hartu beharko genukeela. Adibidez, euskaraz egiteagatik ez du esan nahi balio duela, ez diogu mesederik egiten gure kulturari. Uste dut oso konformistak garela eta muturren aurrean jartzen diguten lehenengo gauzarekin konformatzen garela. Autokontzientzia handiago batek gure gizartean sentsibilitate artistiko minimo bat garatzen lagunduko luke. Gaur egun ikusten ez dudana. Adibidez, tabernari batek musika jarri behar badu, joera da streaming plataforma bat zabaltzea, algoritmoak proposatzen dion botoi berdeari sakatzea eta martxan uztea egun osoan zehar, kezkatu gabe. Hori niretzat hanka sartze bat da.

Pelax Spotify utzi duen euskal taldeen artean dago. Aski al da musikariek alde egitearekin?

Ez da nahikoa. Ni ez nengoen erabat ados kanpaina horrekin, uste dut fokua entzulearengan jarri behar zela. Guri talde bezala ez zaigu kostatu Spotify uztea, asko kostatu baitzaigu bertan egotea. 2013an hasi ginen jotzen eta hamabi urte igarota sartu ginen, azkeneko diskoarekin egiazki, barne eztabaida sakon bat egin eta gero. Urtebete eskas pasatu eta proposamena iritsi zitzaigun, eta ez genuen asko pentsatu. Baina antolatzaileei helarazi nahi izan genien taldeak atera gaitezkeela eta ongi dagoela ez ematea gu entzuteko, Pelax entzuteko, aukera entzuleari bertan. Halere, ez zait iruditzen oso transzendentea izan daitekeenik. Baina arreta entzulearengan jarri behar zen; 1.001 alternatiba baititu gaur egun musika entzuteko. Pedagogia pixka bat egin, enpresa nondik datorren, zein irabazi dituen...

Zer da zuretzat musikari izatea?

Nik ulertzen dudan moduan, ni ez naiz musikaria. Bai, musika egiten dut, baina ez naiz sortzeaz bizi. Ni langilea naiz, nire jarduna egiten dut eta nire denbora librea hipotekatzen dut musika egiteko. Horregatik diot ez naizela musikaria, eta, horrenbestez, esan dezaket, pena handiz, Euskal Herrian musikari gutxi dagoela. Eszenako gehiengoa langilea da. Egia da ni musika irakaslea naizela, musika adar bat dela nire ogibidea, baina Iñigo Ozaeta taldekidea irakaslea da, Andoni Olaetxea, liburuzaina, eta Iker Vazquez, fisioterapeuta. Musika egiten musikaria ez den jende asko dabil, kristoren kalitateko musika egiten. Gustatuko litzaidake hau beste era batera izatea eta kalitate handiagoko eszena bat edukitzea; kondizio hobeetan mugitzea musikariak ez diren musikari horiek. Nik handitan musikari izan nahiko nuke, baina, bitartean, musikari saiakerak egiten ari den pertsona bat naiz.