Oier IRIARTE ARRONDO

Zizpa: hamarkada oso bat Baionako gazteria autogestioan hezten

Baionako Zizpa gaztetxeak oraintxe bete berri ditu hamar urte, eta otsailaren 4tik 7ra bitartean urtemuga biribila ospatuko du. Gazte Asanbladak adin eta publiko guzientzako moduko egitaraua antolatu du. Gaztetxearen ibilbide honetaz eta ondoko erronkei buruz mintzatu dira KAZETArekin Oihan Bouzigues eta Eneka Barnetche.

Oihan Bouzigues Indart eta Eneka Barnetche Borda, Zizpa gaztetxearen aitzinean.
Oihan Bouzigues Indart eta Eneka Barnetche Borda, Zizpa gaztetxearen aitzinean. (Nahia GARAT)

Hamar urte, bada zerbait. 2016. urteko urtarrilaren 23 hartan Baionako Lesseps karrikaren zazpigarrenean gazte andana batek Zizpa gaztetxea inauguratu zuen. Alta, ez zen bide erraza izan ordura artekoa: 2004an birsortu zen Baionako Gazte Asanblada, eta hamabi urte haietan hainbat mobilizazio eta ekintza egin zituen hiriko gazteentzako espazio bat galdegiteko.

Hori dela eta, aste honetan, 4tik 7ra bitarteko egitaraua antolatu du Zizpak: pailazoak, bisita historikoa, zinema topaketa, Gure Irratiaren aldeko kantaldia, eta nola ez, kontzertuak eta besta. Ospakizunari azken ukituak ematen buru-belarri dabiltza Oihan Bouzigues Indart (Baiona, 2005) eta Eneka Barnetche Borda (Lehuntze, 2004), eta une berezia izanen dela aitortu diote KAZETA atariari, behin bakarrik bete daitezke-eta hamar urte.

Barnetchek jakinarazi duenez, Baionako bestetatik at, lau eguneko jaialdia antolatzen duten estreinako aldia izanen da urtemugako hau, eta horretan azpimarra jarri nahi izan du Bouziguesek: «Ez da egun bat, ez bi, ez hiru: lau egun dira! Biziki motibatuak gara». Hala, egitarauaren bidez askotariko publikoa erakarri nahi du Zizpak, izan haurrak, gazteak, helduak edota adinekoak.

LEKUKOA, ESKUZ ESKU

Izan ere, hamarkada bateko ibilbidean fase anitz izan direla ekarri du gogora lehunztarrak. Beren aitzineko belaunaldiek -edo berak informalki izendatu dituen bezala, «zaharrek»- kontatu dietenez, egungo kideak sartu aitzin Zizpako militanteak kezkatuak ziren, aitzineko bi urteetan ez baitzen gazte berririk sartu asanbladara. Haatik, Barnetcherekin batera hamarkote bat iritsi zen Zizpara, ordura artekoen erreleboa hartzeko prest. Arrakastaz gainera, horietako hainbatek gaztetxean lan eta lan segitzen baitute.

Transmisio hori egiteko zenbait era direla nabarmendu du Bouziguesek, formalak nahiz informalak: «Harreman guzietan bezala, transmisioa egiten da mintzatzean, trago bat hartzean edo bilkura batean». Horrez gain, asko gaztetxeko kontzerturen edo bestelako jardueraren batera joan, eta hor eginiko harremanaren ondorioz batu direla asanbladara gehitu du Barnetchek. Halaber, hamar urteko historiaren transmisioa ere jaso dute, batez ere kide ohiengandik: «Nola ukan zen lokala, nola mantendua izan den, zer akordio... Hori guzia denok buruan dugu».

Aldiz, erreleboak egiteak badakar ohiko erritmoa apaltzea, eta Zizpan ere hala izan dela nabari du Eneka Barnetchek. Belaunaldi aldaketaren urteak izan dira azkenekoak, eta barnera begira jartzea eskatu du horrek, ekitaldi ireki gutiago egotea eraginez. Hala ere, trantsizio fasea gainditurik, egun Zizpa osasuntsu dagoela eta belaunaldi berria jo eta su dabilela baieztatu du bikoteak. Oihan Bouziguesek taldea biziki motibatua dela sumatu du, eta argi du pixkanaka proiektu geroz eta gehiago garatzen doazen heinean taldea egonkortzen joanen dela.

ERREFERENTZIAZKO GUNEA

Baionarrak hiri erdigunean gazteentzako gauza handirik ez dela deitoratu du. Horregatik, berebiziko garrantzia du Lapurdiko hiriburuak gaztetxe bat izateak, «jendeek kudeatzen ahal duten lokal bat, konfiantzazkoa eta irekia» izateak. Gainera, ez da nolanahiko lokala: euskara «zentroan» duen gunea da, eta Baionako hizkuntza egoera «kezkagarria» izanik, «baitezpadakoa» da.

Horrez gain, balore jakin batzuk hedatzeko hiriburuko eremu bakarrenetarikoa da. Horietako batzuk mahaigaineratu ditu Barnetchek: feminismoa, euskaltzaletasuna, antifaxismoa, ekologismoa -ahal den heinean-. «Autogestioa eta gazteen arteko harremanak sustatzen ditugu».

Dena dela, Zizparen erreferentzia ez da gazteengana soilik heltzen, Baionako elkarte munduan ere oso agerikoa da. Hain justu, Bouzigues Zizpan militatzen hasi zelarik harritua gelditu zen horrenbeste eragilerekin harremana zuela ikustean: «Zoragarria da!». Besteak beste, ikasturte honetan asanbladatik kanpoko lagunen ekimenez abiaturiko egitasmoetako bat oroitu du: antzerki tailerrak. Duela guti hamar urte hauetan Zizpa erabili duten eragileen zerrenda egin dutela jakinarazi digu Barnetchek, eta zenbaki zehatza ez baldin badaki ere, dozenaka eta dozenaka direla ziurtatu du.

HIRIAN GAINDI

Baionako Gazte Asanbladaren jarduna ez da gaztetxearen lau hormetara mugatzen, hiriko bazter guziak eraldatzeko lanean dabil. Ziurrenik, Baionako besta alternatiboetan Patxa plazan prestatzen duen gunea izanen da horren erakusle ezagunena. Lehuntzeko gaztearen hitzetan, asanbladako kideek ez dituzte beren baloreak haien lokalean bakarrik zabaldu nahi, Baiona osoan baizik.

Gainera, gaur egun jai alternatiboak asanbladak antolatzen baditu ere, asanblada bera besten ondorio dela gogoratu du. «Baionako bestetatik sortu zen Gazte Asanblada. Berez, gaztetxe baten beharra sentitu aitzin, Baionako gazteria euskaldun eta ezkertiarrak izan zuen lehen beharra Baionako besten beste eredu bat proposatzea izan zen, eredu kontsumistatik haratago. Horrela sortu ziren Baionako besta alternatiboak».

Ildo beretik, Bouziguesek ere lokal batean ez direla haien asmo guziak sartzen uste du. Hortaz, bestetan soilik ez, beste une batzuetan ere hiriko karrikak hartzeko hautua egiten dutela argitu du, hala nola urtemugan kaleetan barrena eginen duten poteoan.

NOLAKO GEROA?

Geroan ere egungo norabidea indartzen jarraitzea gustatuko litzaioke Barnetcheri: «Gure baloreak Baionan hedatzen segitzea, handitzen segitzea, eskaintza kulturala euskaratik eta feminismotik bultzatzea, bai eta gure artean ongi pasatzea ere».

Gisa guziz, bada aurreikusitako etorkizun hori kolokan jar dezakeenik. Hain zuzen, nahiz eta Zizparen lokala Baionako Herriko Etxearena izan, eraikinaren zati handiena pribatua da. Gauzak horrela, dena eraisteko eta bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoaren berri jaso zuen gaztetxeak, baina ez dakite ziurtasunez noiz iritsiko den une hori. 2026. urterako lanak hasiak izanen zirela jaso bazuten ere, oraingoz denak bere horretan dirau. Alabaina, kideek jakin badakite Lesseps kaia uzteko momentua helduko dela, eta egun hori iritsitakoan Herriko Etxeak beste espazio bat emanen diela espero dute. «Bestenaz, arazoak izanen ditugu».