Adarragako oldarkotasunaren lehian, Laso-Albisu liderrak garaile
Laso eta Albisuk hamabigarren garaipena eskuratu zuten eta, finalerdietarako sailkatuta egon arren, ligaxka lehiakor bukatu nahi dutela erakutsi zuten. Txukun jokatu zuten Zabalak eta Martijak eta azken jardunaldian 3. postua defendatuko dute.

Logroñoko Adarragak dena eman zuen bere herriko semearen alde eta Javier Zabalak ere guztiz txundituta utzi zituen bertaratutakoak. Hala eta guztiz ere, urdinen esfortzu oro ezerezean utzi zituzten Binakako txapelketako lider handiek, bikote garaiezinak. Laso eta Albisu sasoiko iritsi ziren azken txanpara eta freskotasun hori gakoa izan zen txapelketako hamabigarren garaipena eskuratzeko.
Binakako txapelketa hasi zenetik, partida bakarra galdu du Baikoko bikoteak eta hori hirugarren jardunaldian gertatu zen; atzean geratu den abenduaren 6an, alegia. Finalerdietarako txartela ziurtatuta izanik ere, oso lehiakor aritu ziren gorriak, Zabalak jarritako erritmo bizira garaiz moldatu eta markagailua iraultzeraino.
Izan ere, Naiarako aurrelariak bereganatu zuen protagonismoa Adarragako partidan; bere etxean jokatzeagatik ez ezik, ohikoa duen joko oldarkorra lau haizeetara erakutsi nahi izan zuelako. Pilotakada gehien jo zuen pilotaria izan zen -178, bere bizkartzain Martijak baino kasik 30 gehiago-, baina aurrean Laso edukita, adoretsuenaren lehia bizi-bizi egon zen. Biek ala biek, gainera, bi atzelari sendo dauzkate, sasoi onean daudenak eta horrek ere, noski, laguntzen du pauso bat emateko orduan.
Lehendabiziko takadan agintzen hasi ziren urdinak, 1-3 aurreratuta. Gorriak, bestalde, gutxika-gutxika markagailua estutzen hasi ziren. Lasok bere gantxo ikusgarria erakutsi zuen lehendabiziko berdinketa jartzeko (3-3) eta, finean, errekurtso hori izan zen Bizkarreta-Gerendiaingoak gehien menperatu zuena. Bukaerarako, airez egindako 13 tantorekin bukatu zuen.
MARKAGAILUA ESTUTU
Hala ere, borrokarako grina izan zen lau pilotariengan nabarmendu zen gaitasuna. Defentsarako hanka onak erakutsi zituzten -horrelako dema batean funtsezkoa- eta Adarragan bildutako lagunek gogotik disfrutatu zuten. Akitzeraino borrokatu ziren tantoetan -8-11koa gogoangarria izan zen- eta kalitaterako tarterik ere atera zuten, batez ere aurrelariek.
Urdinek aldeko beste takada bat atera zuten, gorriak 5-4 aurreratu ostean. Bederatzigarren tantoraino urrundu ziren, bost tanto jarraian eginda. Gorriek, ongi borrokatuta, markagailua estutu zuten (8-10 eta 10-12), partidan erabat sartuta zeudela erakusteko.
Lehen etenaldi luzetik bueltan, Zabala eta Martija gehiago izan ziren. Etxebarrikoak ondo eutsi zion atzean. Beste partida bikain bat sinatu zuen bizkaitarrak, galdutako bat bera ere pilatu gabe eta Zabalak aurrean dominatzea ahalbidetu zuen. 12-16koan, esaterako, errioxarrak ongi irakurri zuen jokaldia eta, bi aurkarien artera botatako pilotarekin gozatu ez bazuen ere, txokoan ederki utzi zuen, Albisurentzat ezinezkoa izan zela.
Lasok defentsa ona erakutsi zuen tanto hartan, Zabalaren gantxoa eramanda, eta nekean zenbateraino eragingo ote zion ere zalantza piztu zen. Etenaldia eskatu zuten gorriek. Bai ongi eskatu ere -behin bukaerako emaitza jakinda, noski-. Jokoa gelditu zuten, bihotza hoztu eta buruarekin hobeto pentsatzeko.
Segidan, bi tanto egin zituen nafarrak: gantxoz eta moztuta, Zabalaren gainera. Oldarkortasunaren aginte makila bereganatu zuen Baikokoak eta Zabalaren akatsak behartu zituen -16-16koan txapara bota zuen-. Bost tanto jarraian eginda, partidan bigarren aldiz aurretik jarri ziren gorriak (17-16).
Martija atzean sartzea ere lortu zuten azken txanpa honetan. Albisuk berak onartu zuen akaso freskoago iritsi zirela azken txanpara: «Bukaeran gure onena atera dugu. Partidaren erdialdean beteta sentitu naiz, baina buelta ematea lortu dut eta gustura ibili naiz». Lasok galdutako pare batekin estutu zuten markagailua urdinek (19-18), baina beste bi gantxorekin bideratu zuen garaipena nafarrak, lidergoan are gehiago sendotzeko. Guztira, 16 egindako pilatu zituen, eta 8 galdutako; alegia, partidako 24 tantotan izan zuen eragina Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariak.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo
