GARA
OTXANDIO

Udalerri Euskaldunen Eguna Otxandion izango da aurten, maiatzaren 16an

Otxandion ospatuko da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 16an, UEMAk eta bertako Udalak antolatuta. Topaketak udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia azpimarratu, eta euskararen biziberritzea aldarrikatuko du, festa eta elkarlana uztartuz.

Otxandion izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna.
Otxandion izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna. (UEMA)

Otxandion egingo da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 16an, eta Udala eta UEMA hasi dira egun horretarako egitaraua prestatzen, herriko eragileekin lankidetzan. Bi urtean behin egin ohi da udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko topaketa. Aurrekoa 2024ko maiatzaren 18an izan zen, Lesakan.

UEMAko kide diren udalerriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, eta aurtengoa ere horrela izatea nahi dute UEMAk eta Otxandioko Udalak. Horretarako, eta eguna ahalik eta erakargarriena izan dadin, joan den ostegunean egin zuten lehen bilera herriko taldeekin eta eragileekin, Otxandioko Kultur Etxean.

Otxandioko Kirol eta Kultur Kontseiluan bildutako eragile guztiei eman zieten UEMAk eta Otxandioko Udalak egunaren asmoen, helburuen eta nondik norakoen berri, hitzordua herrikoia eta arrakastatsua izan dadin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzita.

Horrela, arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea eta euskararen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango da maiatzaren 16ko asmo nagusia, festa eta aldarrikapena uztartuz.

Egun osoko egitarau zabala izango da, eta, ohi bezala, UEMAk batzar nagusia ere egingo du egun horretan bertan Otxandion. Horretaz gain, herri bazkaria ere antolatuko dute egitarauaren barruan. Antolatzaileek hurrengo asteotan zehaztuko dituzte egitarauaren eta ekitaldien nondik norakoak, eta orain arte bezala «herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko bilgune» izatea nahi dute, «UEMAren beraren izaera islatuz eta euskal herritar guztiei euskarak behar duen pizkundera dei eginez».