Euskararen aurkako beste epai bat Gipuzkoako teknikari plazetan
Gipuzkoako Aldundiko Administrazio Orokorreko teknikariaren lan eskaintza publikoan eskainitako plaza guztietan hizkuntza eskakizuna baliogabetu du auzitegi batek, CCOO sindikatuak helegitea jartzearen ondorioz. Halaxe jakinarazi zuen atzo sindikatuak berak. «Proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatu» behar direla defendatu zuen.

CCOO sindikatuak epai berri baten berri eman zuen atzo, zeinaren bidez baliogabetu egin den, lehenbiziko instantzian, Gipuzkoako Aldundiko Administrazio Orokorreko teknikariaren lan eskaintza publikoan (LEP) eskainitako plaza guztietan hizkuntza eskakizuna. Deitutako 34 plazen %100ean, HE4-C2 maila baldintza zen plaza horietara iritsi ahal izateko.
Sindikatuak «hizkuntza eta lan eskubideak guztiz bateragarriak» direla adierazi zuen, baina «proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatu» behar direla azpimarratu zuen. CCOOk ohar batean nabarmendu zuenez, errekurritutako LEPak (34 lanpostuen %100) eta lanpostuen zerrenda osoak (2.000 lanpostu baino gehiagoren %98,70) «nahitaez bete beharreko indizea» gainditzen zuten.
«Administrazio Orokorreko teknikarien (AOT) lanpostuei dagokienez, Foru Gobernuak HE4-C2 eskatzen du plantillako 81 postuen %100ean, nahiz eta horien %70ek beste AOT batzuekin batera lan egiten duten atal edo zerbitzu berberetan. Horrela bermatuta dago funtzionamendu elebiduna, guztiei hizkuntza eskakizunik eskatu gabe», argudiatu zuen sindikatuak.
BALIABIDERIK EMAN GABE
«Euskal administrazio gehienek HE3-C1 eskatu izan dute unibertsitate gradua behar duten lanpostuetan, hala nola euskaraz irakasten duten unibertsitate irakasleen kasuan. Soilik 7.000 pertsonak egiaztatu dute HE4-C2 maila EAEn, eta hizkuntza profesionalentzat izan beharko luke, beste lanpostu batzuetara zabaldu gabe, administrazio batzuetan gertatzen den bezala», arrazoitu zuen euskara eskakizunen kontrako hainbat helegite ezarri dituen sindikatu honek.
Sindikatuak salatu zuenez, «administrazio batzuek behin eta berriz urratzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza araudia eta langileen lan eskubideak». CCOOren iritziz, euskal administrazioek «hizkuntza eskakizun masiboa eta LEPetan neurriz kanpokoa egiten dute, langileei euskara ikasteko baliabide eta bitarteko nahikorik eman gabe».
Horrela, «euskara ikastearen kostua pribatizatu» egiten dela eta «langileen diruaren eta denboraren gain» jartzen dela deitoratu zuen sindikatuak, eta horrek «gizartean arrakala handia» sortzen duela kritikatu.
CCOOk «politika alternatibo bat» defendatu zuen euskararentzat: «Euskaltegien doakotasunean oinarritua, bitarteko langileentzat eta azpikontrata pribatuentzat ere liberazioak, makro azterketarik gabeko akreditazio modu berriak, eta ahozkoak bakarrik diren eta ulermen hutsekoak soilik diren profilen aintzatespen ofiziala».
KONTSDEILUAREN SALAKETA IRMOA
Euskararen aurkako azken epai hau ildo bereko epai kate luze baten segida da. «Bi urte eskaseko epean 100 sententziatik gora izan dira euskararen normalizazioaren aurka emandakoak», Kontseiluak abenduaren 27ko Pizkundea izeneko ekitaldian Miribillan ohartarazi zuenez. Alegia, astero sententzia bat. Bere ustez, «oldarraldiaren aurkako hesi bat» jarri beharra dago eta indarraldi bat hasi euskaltzale guztiok batuta.
Atzoko epaiaren berri izan ondoren, oharra kaleratu zuen auzitegiaren erabakia salatuz: «Diputazioaren funtzionamenduan eta zerbitzu publikoetan euskararen sustapena eta normalizazioa kaltetuko ditu, eta herritarren eskubideen urraketak betikotuko».
Kontseiluaren ustez, botere judizialak hizkuntza politika egiteko eskumena «bereganatu eta baldintzatu» nahi du, euskara gaztelaniarekin parekatu nahi izatea «gehiegizkotzat joz» eta «euskara eta euskaldunak gutxietsiz». Behin baino gehiagotan gaitzetsi izan duen gisara, «legez elebiduna den lurralde honetan, epaileen %6k soilik du egiaztatuta euskara gaitasuna, eta epaiketen %0,1 ere ez da euskaraz egiten. Justiziarena administrazio elebakarra da».
Era berean, adierazi zuen euskararen egoera «kinka larrian» dagoen momentu honetan «oso kezkagarria» dela erabaki honek eragingo dituen «atzerapauso eta arriskuak».
Administrazio publikoko langile guztiek elebidunak (euskara eta gaztelania, biak jakitea) izan behar dutela aldarrikatu zuen, beste behin, herritar guztien eskubideak bermatu eta gure hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko bide bezala. Horretarako, gogora ekarri zuen 15 urtean Administrazioa euskalduntzeko euskal gehiengo sindikalarekin batera adostutako proposamena.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
