GARAZI CASTAÑO
BILBO

Mina Espazio, oroimenaren meategi

Bilboko Labayru kalean zegoen Mina Espazio gune artistikoaren historia berreskuratu du Libe Estebaranzek, izen bereko obrarekin. Publikoak bere egiten duen antzezlana sortu du, norberak bere «Mina» propioa eraiki dezan. Bihar, Mina Espaziok hirugarren aldiz zabalduko ditu bere ateak Pabellón nº6 espazioan.

Lantaldea Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, sormen prozesuan.
Lantaldea Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, sormen prozesuan. (MINA ESPAZIO)

Txikitatik izan du Libe Estebaranzek (Bilbo, 2000) Mina Espazioren berri. Irala auzokoa da, antzerkigilea, eta askotan pasatu da Labayru kaletik etxera bidean. Gurasoak Likiniano elkarteko kide izan ziren eta beraz, 1997an sortutako arte eta kultura espazio alternatibo eta diziplina anitzekoen inguruko kontuak entzunak zituen. «Ander Lipusek Utopia izeneko kolektibo bat zuen. Lehen bilera Likiniano elkartean egin zuten. Nire gurasoek asko hitz egin izan didate horren inguruan; kuriositatea nuen, espazioa oso hurbil baitago nire etxetik». Oro har, informazio falta zegoela sumatu zuen eta beraz, ikertzen hasi zen aktore eta zuzendaria.

Bizitza laburra izan zuen Mina Espaziok. 1997ko urriaren 3an, Guggenheim museoaren inaugurazioarekin bat eginez zabaldu zituen bere ateak. Ez zen ausazko erabakia izan. 22 eta 26 urte arteko gazte artisten artean kudeatu zuten espazioa, autogestioaren bitartez arte adierazpen askotarikoei etxe bat eskaintzeko 2000. urtera arte. Gazte horien artean zeuden Ander Lipus, Alex Gerediaga, Nerea Castro eta Jesus Pueyo. «Mina Espazioko kide guztiei idatzi nien. Azaldu nien proiektu dokumentala eta harreman antzerkian oinarritutako pieza bat egin nahi nuela horren inguruan. Orokorrean hiperjatorrak izan ziren nirekin, oso eskertuak zeuden. Hainbat elkarrizketa egin genituen. Gehienetan bikoteka egin nahi zituzten, espazioko beste kide batekin. Orduan, modu oso informal eta polit batean hasi ginen batzen, tabernetan eta etxeetan, besteak beste. Abentura bat izan da».

POETIKA ASKOTARIKOEN ESPAZIOA

Elkarrizketa horien bitartez bere susmoak berretsi zituen Estebaranzek. Mina Espazio egitasmoa laburra baina oso emankorra izan zen. «Oro har ez zuten konpainia moduan lan egin, bakoitzak artea ikusteko bere ikuspegi propioa zuen. Nahiz eta inguruan jende asko zuten, kolektiboan edo asanblada motorrean hamar lagun biltzen ziren gutxi gorabehera. Bakoitzak esperientzia eta interes desberdinak zituen. Adibidez, Jesus Pueyo artista audiobisual eta teatrala zen, Nerea Castrok zinema ikasi nahi zuen... Bakoitzak Mina bere eremuan ikertzeko erabiltzen zuen eta norbere poetika aurkitzeko modua izan zen». Mina “mineroen” bizimodu bihurtu zen: «Egunak eta egunak pasatzen zituzten han barruan. Haien bizitza hori zen, espazioan lan egitea. Horrez gain, egon zen maitasuna, laguntasuna, festak, gatazkak... Haientzat oso esperientzia pertsonala izan zen, haien bizitza eta artea betirako aldatu zuelako. Norberak bere bidea jorratzeko espazio bat izan zen, beste gauza askoren artean».

Bakoitzaren bizitza esperientziatik harago, zilarrezko museoaren hiria bihurtuko zenean arrakala bat zabaltzea lortu zuten. «Guggenheim museoarekin aldi berean inauguratu zuten espazioa, nahita izan zen, mezu bat zutelako emateko: ‘kultura horrek ez gaitu ordezkatzen, gu beste underground kultura bat gara, sortzeko beste modu batzuk bilatzen ari diren benetako gazteak. Eta espazio bat eman ez diguzuenez, guk geuk sortuko dugu’». Garaian arteak eta artistek aukera gutxi zituztela azpimarratu du Estebaranzek eta beraz, «haiek sortu zuten beraien aukera. Beraien espazioa eta beraien arauak».

Bi urte laburreko bizitza izan zuen Mina Espaziok. Zuzendaria ez du harritu horrek. «Horrelako potentzialtasuna ezin da mantendu hainbeste urtez». Kideen egoera zein den ere nabarmendu du: «Kontuan hartu behar da gazte horiek beren gurasoen etxean bizi zirela, ez zutela sarrera ekonomikorik... Espazioak bizirik jarraitzen zuen, baina haien bizitzak etenda zeuden». Horrelako gune artistikoak «esperimentuak» direla gehitu du eta, beraz, gutxi luzatzen direla denboran.

MEMORIA ESPERIENTZIA AKTIBO BAT

Mina Espazioren historia berreskuratzeko izen bereko antzezlana sortu du Estebaranzek. Memoria ariketa bat da, lehenik eta behin. «1970eko hamarraldian jaiotako euskal sortzaileen esperientzia alternatiboa eta kolektiboa berreskuratzen duen pieza dokumentala da». Iragana eta oraina biltzen dituen ekuazioan sartzen da ikuslea. Ikusleak berak ere eraikitzen baitu obra. «Oro har, egitura berdina da, baina sortzaile moduan bakarrik proposatzen ditugu jarraibide batzuk eta esperientzia aktibo bat publikoarentzat». Site-specific edo in situ metodo artistikoaren funtsa sortutako artefaktua edo pieza lokalizazio baterako pentsatua egotean datza. «Espazioaren arkitekturak zerbait ematen digu kasu bakoitzean eta ondorioz, premisa poetikoa ezberdina da aldi bakoitzean. Obra publikoa aktibatzen duen esperientzia da». 25 urte eta gero, Mina Espaziok berriz zabaltzen ditu ateak. Horixe da obra ikustera, obra eraikitzera, gerturatuko direnen abiapuntua. Hortik aurrera, jarraibide batzuk jaso eta ibilaldi kolektibo bat egingo du bertaratutakoak, Mina berrira iristeko. «Audioen bitartez kontatzen da pieza, hori da molde narratiboa, baina horraino». Espazioaren ateak zabaltzen direnean, interpreteen zein publikoaren ekintzak aktibatzen dira, «Mina agertzen hasten da eta bakoitzak bere ‘Mina’ topatzen du».

Antzezlanak badu bigarren funtzio bat, «bi belaunaldi artistiko ispilura begira» jartzen baititu. Behin bakarrik taularatu, edo hobeto esanda, kaleratu da pieza. Pasa den urteko maiatzaren 10ean Bilboko El Nidon Mina Espazio berri bat sortu zen. Emanaldira, gainera, Minako kide ohiak ere bertaratu ziren. «Zerbait benetan magikoa gertatu zen. “Mineroak” eta gu ispiluaren bestaldean jarri ginen. Eta hori ez da berriz gertatuko. Hori da politena». Finean, horixe da harreman antzerkiaren muina. Obra ez baita publikoak begiratu edo jasotzen duen zerbait; antzezlana topaketa bat da bere horretan. Parte hartzea funtsezkoa da, baina «lasaia da. Ez da intrusiboa, ez da biolentoa». Zuzendariaren iritziz Euskal Herrian halako korronteak antzerkigintzan ez daude aktibatuta. Badira antzerkigileak modu horretan lanean, «baina orokorrean publikoa ez dago ohituta». Desabantailak baino, abantailak ikusten dizkio horri: «Nire ustez ez da handicap bat, baizik eta gauza hipermagiko bat». Madrilen ikasi zuenean ezagutu zuen harreman antzerkia gertutik, eta onartu du han publikoa ohituagoa dagoen arren, «askatasun hori» ez dela «hain fidela». «Han jendeak badaki gutxi gorabehera nondik norako obrak diren, baina hemen ez. Askatasun hori ikustea oso polita da. Jendeak nahi duena egiten du. El Nidon kaosa izan zen. Askatasun hori oso serio hartu zuten. Jendeari mugitu behar zuela esan genionean, adibidez, batek erantzun zuen ez zuela nahi. Anarkia totala izan zen!»

LAGUN MINAK

Mina Espazion publikoarekin bat egiten dute antzezleek, eta beraz, El Nidon, bi minero belaunaldik egin zuten topo. Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Maider Mulone eta Ander Santxez aktoreek osatzen dute lantaldea. «Dena da keinu poetiko bat» dio zuzendariak. «Aktore guztiek 22 eta 26 urte bitartean izan behar zituzten. Metafora bat bilatzen nuen, guk Mina Espazioko kideen adin bera izan behar genuen. Hori mantendu behar zen». 2000. urtean desagertu zen Mina; urte berean jaio zen Estebaranz. Adinaz gain, interesak partekatzea ere nahitaezko baldintza izan da: «Nik lan egin nahi nuen Mina Espazio berri bat sortu nahiko lukeen jendearekin, espazio alternatiboen istorioak miresten dituztenekin». Izaera antzekoak bilatu zituen eta, nahi gabe ere, lotura emozionalak sortu dira aktore eta kide ohien artean: «Nerea Lizarraldek Miriam K. Martxanteren ahotsa egiten du. Biak dira oso punki eta errebeldeak. Gainera, Miriam Nerearen irakaslea izan zen txikitan».

Material grafikoa lagungarria da esperientzian. Garaiko argazki eta irudiak, besteak beste. Baina soinuak du pisu handiagoa. Ane Zugaza soinugilearen lana izan da. «Biak izan gara zuzendari, Anek ere sortu du pieza». Haiekin batera aritu dira lanean Victoria Ladron de Guevara, jantziterian, eta Joanes Altxu, diseinu grafikoan. Obraren alderdi kolektiboa azpimarratu du zuzendariak. Antzerkiaren mundua orokorrean «nahiko indibidualista» dela aitortu du eta proiektu honekin kolektibitate bat eraikitzen saiatu direla, «sare bat; ez soilik gure artean lana lortzeko, baita gure artean zaintzeko ere».