Amaia Antxustegi: «Zaintza gure ardura da, baina lan egoera ez»
Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean hainbat etxebizitza komunitarioren bueltan argitaratu diren salaketez galdetuta, langileen egoeran Aldundiak eskumenik ez duela erantzun du Amaia Antxustegi diputatuak. Ikuskaritza zerbitzuaren lana txalotu du.

Langileen egoera ez dela Foru Aldundiaren eskumena; horrela erantzun zuen Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak herrialdeko hainbat etxebizitza komunitario eta zahar egoitzatan LAB sindikatuak argitara emandako lan esplotazio sareaz galdetu zitzaionean. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako batzarkideak eginiko galderari erantzuteko egin zituen adierazpen horiek Antxustegik. Aurretik ere EH Bilduk Gizarte Ekintza Batzordera eramana zuen De Madariagak planteatutakoa.
Elkarrekin Bizkaiako batzarkideak adierazi zuen «erabat larria» ez ezik, egoera lan gatazka bat baino askoz gehiago dela; «zaintza sistemaren porrota», alegia. Era berean, azaldu zuen ez duela ulertzen nola luza daitekeen horrelako egoera bat hainbeste, ikuskaritzak neurririk hartu gabe. Izan ere, argi ikusten du enpresari honek kudeatzen dituen halako egoitza guztietan patroi bera erabiltzen dela.
Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu eta Alderdi Popularra ados jartzea lortu zuen Antxustegik, horiek adierazi baitzuten lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea estu lotuta daudela eta beharginek deskribatutako baldintzetan ez dagoela adinekoak behar bezala artatzerik.
Antxustegik, ordea, adierazi zuen Gizarte Ekintza Sailaren ardura dela zaintzaren kalitatea bermatzea, baina ez dela horren eskumena lan egoerari erreparatzea. «Kontatzen ari zaren gertaerak Lan Ikuskaritzari dagozkio», gaineratu zuen, eta ziurtatu zuen ez dutela inongo kexaren berririk izan, «hedabideetan baino ez».
De Madariagari erantzun zion zentro horietan ikuskaritzak ez duela «hutsune larririk» aurkitu; euste neurrien baimenik gabeko erabilerak eta espazioaren egoeraren ingurukoak baino ez.
Gaia desbideratzeko saiakera argia eginez, ikuskatzaileen lana goraipatu zuen, gainerako batzarkideek horien aurka deus esan ez bazuten ere. «Beren lana gutxiestea bidegabea da eta ez dauka ganorarik», adierazi zuen Antxustegik.
Urtzi Ostolozaga EH Bilduko batzarkideak, aldiz, ardura etikoa aipatu zuen, «eskumena izan zein ez». Galdera bota zion Antxustegiri: «Sinesten diezue salaketa egin duten langileei?»; ez zuen erantzunik jaso.
Gaineratu zuen etxebizitza komunitarioak arautzen dituen dekretua aspaldi berritu beharra zegoela eta agerikoa dela baliabide gehiago behar dela. Egungo zaintza sistema «eutsiezina» dela salatu eta berri baten beharra berretsi zuen Ostolozagak.
NOLAKO IKUSKARITZA
De Madariagak zehaztu zuen zalantzan jartzen dutena inspekzioak egiteko prozedura dela. Izan ere, azaldu zuenez, ikuskapena egiten denean unean bertan lanean ari den behargin kopuruari erreparatzen zaio, ez egoera orokorrari.
Ostolozagak ere ikuskapenak eguneroko bizitzaren funtzionamendua detektatu beharko lukeela esan zuen.
Antxustegik aitortu zuen ikuskapenetan ez direla langileekin zuzenean harremanetan jartzen. «Esaten zaie zein bide dauzkaten zerbait esateko», bota zuen.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
