«Hau ere gertatu zen» lan berria plazaratu du Xabier Amurizak
Maiz erran du Xabier Amurizak bere bizitzako urterik emankorrenak gizartearentzat apaiz garaikoak izan zirela, autoritate bat zelako, gaztea zelako, idealismo baten aroa zelako... Orduko kontuak bildu ditu «Hau ere gertatu zen» lan berrian. Amuriza.eus webgunean irakur edo jaits daiteke, idazlearen obra osoa bezala. Txabi Etxebarrieta lehen etakide hilari eskainitako mezaren gorabeherak kontatzen ditu lehen kapituluan.

“Konfesio inkonfesableak” aitzineko lanean bezala, “Hau ere gertatu zen” obra berrian apaiz garaiko gertaerak oroitu ditu Xabier Amurizak, horiek izan zirelako, maiz erran duenez, bere bizitzako urterik emankorrenak gizartearentzat. Zergatik? «Autoritate bat nintzelako, gaztea nintzelako, idealismo baten aroa zelako… Ez dakit. Izan zen. Araberako mugida orokor baten barruan, apaizek ere parte bat osatu zuten. Gutxiengo bat, noski, baina gutxiengo handia, ordena ezberdinetako fraideak barne. Kopuru bat emateko, izan gintezkeen Euskal Herri osoan ehunka batzuk», azaldu du idazleak.
Sasoi hartan ezagutu zituen kide borrokalariei eta «beste maila bateko lagun maitagarriei» eskaini die 24 atalez osatutako lana. Ohi duen gisan, Amuriza.eus webgunean jarri du nahi duenak irakurtzeko eta jaisteko.
«ZORTZI EGUNEKO MEZA BAT»
Izenburu horixe darama aurreneko kapituluak, eta Txabi Etxebarrieta lehen etakide hilari eskainitako mezaren gorabeherak kontatzen ditu. Don Fidelek modu hagitz berezi eta burutsuan aurre egin zien guardia zibilen debekuei, eta meza soil bat eragotzi nahi zutenek omenaldi ikusgarriena eskaintzea lortu zuen.
“Festibala” bukatu zenean, “Apaiz separatista baten igande turbulentuak” eta horrelako tituludun kronikak eta iritziak irakurri zituen apaizak, «irribarrera iristen ez zen aurpegi okerberaz, zeharka zekusan txakurraren imitazioz. Irakurri ahala, Don Fidelek sabelpeko sentsazio huts-bete bat nabaritu zuen, munduaren ardatz saltatua izatearena».
BANDERA ESPAINOLAREKIN
Bigarren atalean, berriz, alkatea eta agintariak bandera espainolarekin mezatara sartzeko asmotan zirela-eta sortu ziren gorabeherak jasotzen ditu. «Horrelakorik gerta baledi -ohartarazi zioten apaizari herriko gazteek-, zin dagigu, mezerdian himno nazional espainola hasiz batera, baseliza airean joango dela». Don Antonek zer egin zuen eta egin zuenak zer ondorio ekarri zizkion agertzen du Amurizak, “Fuldain” «frankista sutsu bezain asto-narruak» mendeku hartu baitzuen.
Apaiz izatetik aparte, «pertsonaia» batzuk aurkezten ditu idazleak, «euren mailan onerakoak izan zirenak, eta izaeraz maitagarriak»: Don Blas, ume guztien santua, gorreria abiatu zitzaionetik; Don Tomas, ameslari etsigaitza; eta Don Eustakio, independentzia beneratzen zuen izaki bakartia, bertzeren artean.
Amurizak (Etxano, 1941) bertsolaritza irauli zuen eta Euskal Herriko txapeldun izan zen birritan. Idazle, itzultzaile eta ikerlaria da, Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien irabazlea. “Nik ere badakit hiltzaile bat izaten”, honen itzulpena, “Yo también sé matar”, eta “Konfesio inkonfesableak” dira aurretik sarean kaleratu dituen lanak.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
