Sormenetik propagandara, gerra garaiko euskal kultura aztergai
EHUko Gabriel Aresti Katedrak “Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)” liburua aurkeztu du. Hainbat adierazpide kultural aintzat hartuta, lanean bildutako hamabost artikuluek kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak aztertzen dituzte.

Aurten 90 urte beteko dira 36ko Gerra hasi zela, eta urteurren horren harira, gerra garaian kulturak jokatu zuen rola aztertu dute hainbat egilek EHUko Gabriel Aresti Bildumaren barnean argitaratutako “Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)” liburuan. Unibertsitateak Bilbon duen Bizkaia Aretoan aurkeztu zuten liburua Patxi Juaristi eta Beatriz Zabalondo lanaren koordinatzaileek eta Leyre Arrieta ikerlariak.
Gerrako kultur bizitzari begiratzea da liburu honen helburu nagusia eta, horrekin batera, garaiko kultur ekoizpenean eta kulturgileengan eragin zuten politikak eta ideologiak ere aztertzen dira.
Kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen du. Kultura zentzu zabalean ulertuta, liburuak hamabost artikulu biltzen ditu, eta askotariko adierazpide kulturalak aztertzen dira: artea, dantza, musika, arkitektura eta hirigintza, antzerkia, bertsolaritza, zinema, hezkuntza, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelgintza, literatura, kazetaritza eta irratigintza.
ESPERANTZARAKO LEIHOA
Nabarmendu zutenez, lan hau «ahanzturaren aurkako liburua» izateaz gain, «esperantzarako leihoa» ere bada, «izan ere, euskal kulturak Gerra Zibileko errautsetatik berpizteko izan zuen gaitasuna erakusten du».
«Hein handi batean, lehenengo pizkundetik zetorren ibilbide kulturalean eten bat eragin zuen gerrak. Baina ez zen erabateko basamortua izan, eta garai zail hartan, ekimen kultural asko sortu ziren. Erresistentzia ariketa handi batean, ekimen eta estrategia kulturalak bultzatu ziren», azaldu zuen Zabalondok. Hala, Juaristik azpimarratu zuenez, kulturak funtzio ugari bete zituen. Ez zen soilik sormenerako baliabidea izan, propaganda eta komunikazio tresna ere izan zen, alde bakoitzaren interesak bultzatzeko. Gernikako kasua aipatu zuen, non Jaurlaritzak eta Gobernu errepublikanoak bonbardaketa salatzeko eta pairatzen ari ziren errepresioa agerian uzteko erabili zuten Picassoren obra; frankistek, aldiz, aldizkari eta kartelak erabili zituzten euren erantzukizuna ukatzeko.
Era berean, kultura nazio baten aurkezpen gisa baliatu zen. Jaurlaritzak bere gobernu egitura nazioartean ezagutarazteko baliatu zuen, “Karmele” filmean agertzen den moduan. «Herritarren eta soldaduen morala igotzeko, errefuxiatuen aldeko dirua biltzeko, armak erosteko eta egun bereziak ospatzeko ekimen kultural ugari egin ziren», azaldu zuen Juaristik
BEGIRADA UGARI
Fokua gerrako urteetan jarrita badago ere, liburuak ezinbestean jorratzen ditu gerraurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak. Horrenbestez, euskal pizkundea, Bigarren Errepublika, erbestea eta frankismoaren garaiko errepresioa ere presente daude lanean.
Lurraldeen araberako errealitate desberdinak ere kontuan hartzen dira: Nafarroan eta Araban estatu kolpea babestu zen bitartean, Gipuzkoak eta Bizkaiak Bigarren Errepublikarekin leial jokatu zuten. Esperientzia horien arteko aldeek kultura bizitzeko, bultzatzeko eta sortzeko moduak baldintzatu zituzten.
Liburuak nagusiki Errepublikari leial izan ziren eremuetako kultur erakunde eta eragileak aztertzen ditu, baina baita frankisten aldean gelditu zirenen edo haiek kontrolatutako lurraldeetan garatutako kultur ekimenak ere. Era berean, 1937an Hego Euskal Herri osoa frankisten esku geratu ondoren inposatu zen kultur ereduaren ezaugarriak eta frankismoarekin lerrokatutako intelektual eta artisten jarduna ere aipatzen dira.
Argitalpenean askotariko diziplinetako ikerlariek hartu dute parte: Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, ldoia Gereñu Odriozola, Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernandez, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegi Imaz eta Pio Perez Aldasoro.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
