GARA
BERGARA

«Valogreene Paper» egitasmoa bertan behera utzi du behin betiko Auzitegi Gorenak

Bergarako alkatea agerraldian Arnasako kideekin.
Bergarako alkatea agerraldian Arnasako kideekin. (Jon URBE | FOKU)

“Valogreene Paper” egitasmoa bertan behera utzi du Auzitegi Gorenak. EAEko Auzitegi Nagusiak haren aurka egin zuen, Bergarako Larramendi industrialdean paper hondakinak errausteko plantaren egitasmoak ingurumenari kalte larriak eragingo zizkiolako, eta balio gabe utzi zuen Lakuako Gobernuak onarturiko ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Lakuako Gobernuak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta, orain, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nagusiaren erabakia berretsi eta egitasmoa indargabetu du. Arantxa Tapia sailburu ohia proiektuaren defendatzailea izan zen, izan ere, 2022an aurrera egiteko baimenak eman zituen. Bergarako Udalak kontra egin zuen 2023an eta asteartean amaitu zen bide judiziala, egitasmoaren baztertzearekin. Amaia Barredok sinatu zuen baimena sailburuordea zenean.

Horrela azaldu zuen asteartean Bergarako alkate Gorka Artolak (EH Bildu) Larramendiko Arnasa plataformarekin batera egindako agerraldian.

«KEZKA BATEN AMAIERA»

«Hau ez da albiste hutsa. Hau urte luzez arrastaka eraman dugun kezka kolektibo bati amaiera ematea da. Herri honek ez zuen errausketa proiekturik merezi, eta justiziak esan du gaur hemen gaudenok esan genuena egia zela», adierazi zuen.

«Udalera lehen aldiz etorri zirenean, proiektuaren sustatzaileek ez zuten informazio osoa eman. Aurkeztutako dokumentazioak ez zituen benetan egin nahi zituzten jarduerak behar bezala jasotzen, eta, ondorioz, jardueraren benetako izaera ezkutuan uzten saiatu ziren. Bereziki, hondakinen errausketa barnean hartzen zuten jarduerak ez ziren modu argi eta esplizituan azaldu», gogoratu zuen alkateak.

Azpimarratu zuenez, Udaletik ikusi zuten egitasmoa ez zetorrela bat udal plangintzarekin, ez zuela lurraldearen garapen logikarekin bat egiten eta ez zuela bermatzen herritarren segurtasuna eta ingurumenaren babesa.

«Gaur, auzitegiek berretsi dute gure kezkak arrazoizkoak zirela eta frogatu da ez geundela oker. Orain frogatu da herritarren osasuna eta ingurumena defendatzea ez dela inoiz gehiegizkoa», nabarmendu zuen Bergarako alkateak.

«EZ DA ERRAZA IZAN»

Gauzak horrela, bergararrentzat egun handia izan zela azpimarratu zuen Artolak, baina urte hauetan une zailak bizi izan dituztela onartu zuen. «Urteetako lana izan da hau, eta ez da erraza izan». Horregatik prozesuan bidelagun izan den orori eskerrak eman zizkion.