GARA
TXIRRINDULARITZA

NSN taldea ez da Itzulian izango

Apirilaren 6tik 11ra egingo da Itzulia.
Apirilaren 6tik 11ra egingo da Itzulia. (Gorka RUBIO | FOKU)

2026ko Itzulia Basque Countryko antolatzaileek apirilaren 6tik 11ra arte garatuko den UCI WorldTourreko lasterketako irteeran egongo diren taldeen zerrendaren berri eman zuten atzo egindako ekitaldian.

Guztira, 22 talde lehiatuko dira euskal proban. Jayco-AlUlak eta NSN Cycling Teamek -azken hau Israel-Premier Techen ondorengoa- uko egin diote parte hartzeari.

Bi taldeek euren plaza zeukaten ziurtatuta WorldTourreko kideak izateagatik, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren arau berri baten ondorioz, WorldTour taldeek zenbait baldintzaren pean egutegiko probetarako gonbidapenari uko egiteko aukera dutenez, kategoria goreneko proba honetan izena ez ematea erabaki dute.

NSN enpresak Israel-Premier Techen tokia hartu du tropelean eta, azken horrek iaz egin bezala, uko egin dio Euskal Herrian lehiatzeari. Izan ere, Vueltan bezala, beste hainbat probatan ere boikoterako deiak izan zituzten.

Suitzar ikurpean erregistratuta baldin badago ere, egituran Israelgo txirrindulariak mantendu eta fitxatu ditu taldea osatzeko. Bederatzi ditu profesional taldearen eta harrobikoaren artean, beste inork baino gehiago.

EUSKAL TALDEAK

Apirilaren 6an Bilbon bai izango direnak, ordea, bigarren mailako hiru euskal taldeak dira. Izan ere, Euskaltel-Euskadik, Caja Ruralek eta Kern-Pharmak gonbidapena jaso dute, Burgos Cofidisekin eta Tudorrekin batera.

Txirrindulariei dagokienez, oraindik hilabete eta erdi falta da eta askok ez dute bere egutegi osoa baieztatu, baina, nolanahi ere, badira euskal errepideetan egongo direla konfirmatu duten hainbat. Besteak beste, Isaac del Toro (UAE), Juan Ayuso (Trek), Primoz Roglic (Red Bull), Paul Seixas (Decathlon), Tobias Halland Johannessen (UnoX), Antonio Tiberi (Bahrain) eta Euskal Herriko izar ugari: Mikel Landa, Pello Bilbao, Igor Arrieta, Alex Aranburu eta Ion Izagirre.

Euskal Herriko Itzuliaren 65. edizioa izango da aurtengoa. Eibarren aurkeztu zuten ibilbidea otsailaren 11n. Azaldu zutenez, exijentzia maila handitu egingo da aurtengo edizioan.

Bizkaiko hiriburuan hasiko da apirilaren 6an, eta Euskal Herriko errepideetatik 810 kilometro egin ondoren, lasterketa Bergaran amaituko du.