GARA
PILOTA

Material aukeraketa Galarretan eta Atano III.ean

Materiala aukeratzeko eguna izan zen atzokoa, bai erremontean bai esku pilotan. Hernaniko Galarretan, datorren larunbatean Masterseko finala jokatuko duten Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak hitzordua egin zuten pilotak aukeratzeko, eta badirudi faktore hori ez dela aitzakia izango.

Bi erremontistek pilota antzekoak aukeratu zituzten. Barrenetxea IV.a izan zen lehena kantxaratzen eta aurkariak baino material pisutsuagoaren alde egin zuen apustu: 126 gramokoa eta 127 gramokoa.

Ondoren, Ansa II.ak 124 eta 125 gramoko beste bi pilota aukeratu zituen; beraz, bi gramoko aldea dago hernaniarrak eta urnietarrak aukeratutakoen artean. Adierazi zutenez, ez dira pisutsuak, alaiak eta biziak baizik, txapelketan zehar jokatu duten materialaren antzekoa.

BINAKAKOA DONOSTIAN

Hernanitik ez oso urruti, Donostiako Atano III.ean, Elordik, Zabaletak eta Altuna III.ak larunbateko Binakako finalerdien lehen partidarako materiala aukeratu zuten. Ezkurdiak huts egin zuen, sukarrak jota baitzegoen, baina jokatzeko prest egongo dela ziurtatu zuten.

Kasu honetan, badirudi materiala oztopo izan daitekeela. Izan ere, bost pilotekin «pozik» geratu baziren ere, Zabaleta deseroso agertu zen seigarren batekin. Haren ustez, «frontisetik irteera gutxiago du eta behetik asko botatzen du». Are gehiago, «besteak baino ilunagoa» dela azpimarratu zuen.

«Pozik» agertu zen, aldiz, Altuna III.a. Haren ustez, pilota guztiak «pilotaleku honetarako egokiak» dira.