GARA
ERRENTERIA

Euskal Herrian erabiltzeko moneta sortzeko ekimena abiatu dute

Gure Moneta proiektua martxan da eta, moneta berriak oraindik izenik ez badu ere, datozen hilabeteetan Euskal Herriko zenbait tokitan -Baztan eta Oarsoaldea- erabili ahal izango da. Helburua etorkizunean mugaz gaindi ere erabili ahal izatea da, besteak beste.

Errenterian aurkeztu zuten Gure Moneta ekimena asteazkenean.
Errenterian aurkeztu zuten Gure Moneta ekimena asteazkenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskoaren esperientzian oinarrituta, tokiko moneta osagarri bat sortzeko urratsak egiten ari da Gure Moneta ekimena, etorkizunean mugaz gaindi erabili ahal izateko helburuarekin. Martxan daude dagoeneko eta asteazkenean Errenterian egindako aurkezpenean aurreratu zuten 2026ko azken hiruhilekoan moneta berria erabili ahalko dela Oarsoaldean zein Baztanen.

Bi urtez lanean aritu dira Ipar Euskal Herriko Eusko monetaren ereduari jarraituz. Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko tresna izango da, baina baita justizia soziala, trantsizio ekologikoa edota euskararen defentsa lantzeko tresna ere. Horretarako, azaldu zuten «ezinbestekoa» izango dela moneta ordaintzeko modu gisa onartuko duten merkatari, enpresa, ekoizle, elkarte eta abarren konpromisoa.

Gaineratu zutenez, Gure Moneta bakar bat ere ez da Euskal Herritik aterako. Horrek esan nahi du sortzen den aberastasun guztia lurraldean geratuko dela eta bertako ekonomia indartzeko balioko duela, bultzatzaileen aburuz.

Euskoaren inguruko hainbat datu esanguratsu partekatu zituzten: Euskal Elkargoko 158 udalerrietan erabiltzen da, 1.500 erabiltzaile profesional ditu, 4.500 erabiltzaile partikular, eta 38 herriko etxek erabiltzen dute; Euskal Elkargoa bazkideetako bat da eta ia 5 milioi eusko daude zirkulazioan gaur egun.

Aurkezpenean izan ziren Gure Moneta proiektuaren koordinatzaile Luix Intxauspe eta lehen proiektu pilotuak martxan jarri diren Oarsoaldeko eta Baztango lantaldeetako kideak, hots, Olatz Olaizola eta Aintzane Ariztegi, hurrenez hurren.

Nabarmendu nahi izan zuten monetak oraindik ez duela izenik eta billeteen diseinua oraindik ez dagoela erabakita. Udara bitarte hau lantzen arituko dira.

Proiektua aurkeztearekin batera guremoneta.eus webgunea ere martxan jarri dute. Bertan, proiektuaren xehetasun guztiak azaltzen dira eta, era berean, bazkide egiteko aukera ematen da.

Ekitaldian azaldu zutenez, Gure Moneta martxan jartzeko eta hurrengo urratsak egiteko, masa kritikoa sortu behar dute. Horretarako, “Herriz herri, moneta bat” kanpaina abiatu dute.

Kanpainaren helburua 2026. urtearen amaierarako gutxienez 1.000 bazkide laguntzaile lortzea da, proiektua ekonomikoki babestuko dutenak, beraien gaitasunaren arabera.

Proiektuak erakunde ugariren babesa dauka, besteak beste, Nafarroako Gobernuarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, eta Baztango eta Oarsoaldeko udalena.