GARA
BILBO

Mugimendu Feminista: «Antolakuntza eta borroka dira gure armarik onenak»

Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera aterako da heldu den Martxoaren 8an, beste urte batez, «Beste mundu bat feminismotik» lelopean. Mobilizazioak antolatu ditu Bilbon, Donostian, Baionan, Gasteizen eta Iruñean. «Gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguruan arrazoiak sobera ditugu karrikak hartzeko».

Martxoaren 8ko irakurketa eta mobilizazioak azaldu zituen atzo mugimendu feministak, Bilbon.
Martxoaren 8ko irakurketa eta mobilizazioak azaldu zituen atzo mugimendu feministak, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguru bete-betean» iritsiko gara Martxoaren 8ra eta, beste urte batez, Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera aterako da, «arrazoiak sobera» baititu: «Gure herri eta auzoetan ere lurreratzen baitira indarkeria horiek guztiak».

Agerraldia egin zuten atzo Bilbon, Martxoaren 8ko mobilizazioen berri eman eta irakurketa egiteko. Lehenik eta behin, Tatiana Rodriguez gogoan izan zuten, bere bikotekideak joan zen ostiralean Sarrigurenen hil zuen emakumea, baita larri zauritu zuen beste emakumea ere.

Nabarmendu zutenez, noraeza, etsipena eta beldurra gailentzen ari dira sarri, eta horrek immobilizaziorako joera ekar lezake. «Baina, guk aspaldi ikasi genuen kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geldituko, isilik eta otzan».

Oroitu zutenez, azken urteetan ugari izan dira Euskal Herriko Mugimendu Feministatik martxan jarritako borrokak: «Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak lantokietan, jai batzordeetan, kaleetan...». Eta, erantsi zuten, «urratsak egiten ari bagara ere, anitz dugu egiteko, baina batez ere anitz dute egiteko: instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek». Horregatik, «urgentziaz» adierazi zieten: «Hartu dagokizuen ardura!».

Horrekin batera, «egiturak sostengatzen dituzten horiek beraiek feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituzte», salatu zuten. «Itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean, bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte. Arrazakeria, esaterako».

Hori horrela, «feminista zuriei» deia egin zieten: «Horrekiko ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu».

BESTE DATA UGARI

Horrenbestez, Martxoaren 8an «feminismotik langile klasearen alde borrokatzera» aterako dira kalera, baina, horretaz gain, «borrokarako beste data ugari» ere badirela gogoratu zuten, eta horietan denetan parte hartzeko deia egin, «arduraz eta indarrez». Haietako batzuk zerrendatu zituzten: martxoaren 21a, Arrazakeriaren kontrako Eguna; martxoaren 30a, Etxeko eta Zaintza Langileen Eguna; eta martxoaren 31, Trans Ikusgarritasunaren Eguna. «Argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu ‘Beste mundu bat feminismotik’. Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak. Emakume, trans eta bollerak karrikak hartzeko prest gara», ohartarazi zuten.

Herri eta auzoetako mobilizazioetara deitzearekin batera, hiriburuetako hitzorduak jakinarazi zituzten: Baionan, 11.00etan tren geltokitik; Donostian, Iruñean eta Bilbon 12.00etan, Antiguako tuneletik, Antoniuttitik eta Jesusen Bihotzetik, hurrenez hurren. Eta Gasteizen 12.30ean, San Anton plazatik.