GARA
ZESTA-PUNTA

Sei bikote Euskotren Winter Seriesean

Puntistak, atzo, Durangoko Ezkurdin.
Puntistak, atzo, Durangoko Ezkurdin. (ERAMAN JAI ALAI)

Durangoko Ezkurdi pilotalekuak Jai Alai Leagueko bigarren proba hartuko du orain. Bigarrena, eta, ziurrenik, ospetsuena ere badena: martxoaren 2an, 9an, 16an eta 23an jokatuko den Euskotren Winter Seriesa.

Txapelketaren laugarren edizioa izango da aurten eta mailaz hazita dator gainera. Lau bikote izatetik, sei bikote parte hartzaile izatera pasatu da eta, beraz, jardunaldi bat gehiago jokatuko da. Sei bikote horietatik bi finalerdietan sartuko dira zuzenean, tartean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi, iazko txapeldunak.

Elaia Gogenolak ere -iazko finalista eta Jai Alai Leagueko egungo txapelduna- finalerdietan hasiko du txapelketa, Eneritz Lizardi lagun duela. Atzelari mutrikuarrak Winter Serieseko bi edizio galdu ditu lesio larri baten ondorioz. Aurtengoa, ezustekorik ezean, osorik lehiatuko duen lehen Jai Alai Leaguea izango da Lizardirentzat eta Durangokoa, Ligarako puntuagarria den bere lehen Euskotren Winter Seriesa.

Gainerako lehiakideak Maite Ortiz de Mendibil, Oaia Otaño, Ihart Arakistain, Maia Goikoetxea (Ligako txapelduna, Elaiarekin batera), Erika Mugartegi, Frida Watkins, Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal izango dira. Txapelketak Master Series kategoria izango du: 1.000 puntu irabazleentzat, 600 txapeldunordeentzat, 360 finalerdiak gainditzen ez dituztenentzat eta 180 final laurdenetan kanporatzen dituztenentzat.

MASTER SERIESA

Durangoko Ezkurdik beste aurkezpen bat hartu zuen atzo: gizonezkoen Master Seriesa. Jai Alai League denboraldiko 6. proba puntuagarria izango da eta Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika bikoteek hartuko dute parte.

Gorka Mugartegi Atain gazte markinarrak bere debuta egingo du, Ligako pilotari titular gisa. Hemendik aurrera eta Daniako denboraldia bukatuta, Eraman! enpresarekin jokatu du martxoaren 19an 22 urte beteko dituen atzelariak. Mikel Mancisidor Manci-ren kasuan, atzelari gipuzkoarra Ezkurdin berragertuko da. Abenduaz geroztik geldirik egon da, abdomeneko lesio baten erruz.