Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA 2026

Ezkurdiaren legeak eman die Altuna eta biei finalerdietako lehenengo puntua

Partidako aurreneko herenean Elordi eta Zabaleta aurretik izan baziren ere, azkenean Arbizuko «liberoak» jokoa menpean hartu zuen eta Altunaren luzimendurako lana bikain bete zuen. Urdinek azkenerako markagailua apur bat estutu zuten bederen.

Joseba Ezkurdiaren atzelari joko ero bikaina ezinbestekoa izan zen gorrientzat.
Joseba Ezkurdiaren atzelari joko ero bikaina ezinbestekoa izan zen gorrientzat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ez dago 22ra iristea baino hoberik sentsazio onak hartzeko». Horra Jokin Altuna, atzo Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako aurreneko partida irabazi ostean. 800 pilotakada baino gehiago behar izan zituzten Elordi eta Zabaleta gainditzeko, baina baita lortu ere, bereziki aurreneko herenaren ondoren jokoan eta markagailuan aurrea hartu ostean.

Txapelketako partidarik onena burutu zuen Joseba Ezkurdiak, jokoa lau eta erdiko marraz barrurantz eramanez tarteka oso gaizki pasatu zuen Zabaletaren aurrean. Urdinek ez zuten etsi, baina Altunaren talentua eta Ezkurdiaren jokoa larregi izan ziren.

«Joko ero hori behar dugu irabazteko. Eroso aurkitu naiz eta bolea eskuan ongi sartzen. Borroka horretan gaude eta puntu honekin oso gustura, baina lehian gaude eta, zentzu horretan, oso pozik gabiltza», onartu zuen Joseba Ezkurdiak, Atano III.a pilotalekuan eman zuen erakustaldiaren ostean oso gustura.

Nolanahi ere, konplexurik gabe hasi zen Aitor Elordi errematearen bila eta bikote urdinak arin samar lortu zituen aurreneko aldeak, nahiz eta gorriek zeukaten arriskuaren jakitun izan.

Arrisku horren erakusgarri, hirugarren tantoa, non Altuna eta Ezkurdiak defentsan hasi eta erasoan amaitu zuten, denak lau eta erdian sartuta, gorrien habitat naturala eta Zabaletarentzat bizileku arrotza. Estilo kontua baita Altuna eta Ezkurdiaren aurka aritzea, baita Arbizuko «liberoaren» parapetoari ihes egitea, bosgarren koadroan jarrita lekua hartu zein enbarazu egin, unean unekoa egiten zuelako -ezin ihes egin- Ezkurdiak.

ERRITMO KONTUA

Erritmoa bereziki itogarria izan zen; ia bi segundotik behin pilotakada jo behar; mugimenduan sarritan eta oinak tinkatzeko lanekin, ia kamera azkarrean filmaturiko tantoak jokatu zituzten, non prezisioaren lekuan bat gehiago jotzeak gehiago balio izan zuen maiz.

Era berean, aurrelarien keinuek eta Ezkurdiaren pilotakada originalek -dela bi hormakoa airez edo atzetik, dela dejada seigarren koadrotik ezker hormarantz- une oro partidaren abiadura bizitu eta aldatu egin zuten, Zabaletaren «klasizismorako» joera erabat hautsiz. Nolanahi ere, ia beti urdinek izan zuten agintea aurreneko heren horretan, batik bat Elordik berak ere bere zatia bikain bete zuelako.

Hala ere, aurreneko atsedenaldian 9-8 aurretik ziren Altuna eta Ezkurdia, beren jokorako oso egokia suertatu zen pilota oso ilun bati etekina aterata. Are gehiago, lehenengo geldialdi luzera are eta abantaila handiagoz iritsi ziren, urdinen erabaki oker pare bat baliatu ostean: 12-9, Ezkurdiaren jokora moldatu ezinik.

13-9raino joan ziren gorriak, Zabaletak txokoan luze moztuta bolada eten zuen arte. Alabaina, gorriek bigarren heren horretan jokoaren eta markagailuaren ekimena hartu zuten, urdinek beren maila apur bat jaitsi zutela baliatuz.

ALTUNAREN ORDUA

Jokin Altunak egin zuen gorantz tarte horretan. Nekea antzematen hasi zelarik lau pilotariengan, zuloak ere hasieran baino handiagoak bilakatzen hasi ziren eta hor aurkitu zuen Amezketako aztiak bere aztikeriak burutzeko tartea.

Hala, 17-11koa lortzeko ezker airez txokoan hilda laga zuen tantoa oso adierazgarria izan zen, urdinen balizko erreakzioa errotik eteteko sekulako tantoa amaitu baitzuen.

Ezin esan, bestalde, beherantz nabarmen egin zutenik Elordik eta Zabaletak, baina jokoa aurkariek markatutakoa izan zen eta askoz gehiago ibili behar izan zuten, maiz elkarri nahi gabe traba eginez, bien tartera joan ziren pilotakada horiek eramateko. Hala, nekea ere nahi baino gehiago pilatu zitzaien, eta Altunak atzean 18-12koa lortu zuenean, mundua burutik behera erori zitzaien azken atsedenaldi luzeari aurre egiteko orduan.

Zorte apur batekin akaso, Aitor Elordik txokoan moztuta hamahirugarren tantoa igo zuten urdinek markagailura, eta hurrengoan, berriz, Altunari behera joan zitzaion bere ezkerkada. Ez ziren etsitzeko etorri Donostiara urdinak, baina 19-14 amaitu zen tantoan utzi zituzten azken indarrak, Zabaletak bereziki. Azkenean ezkerraz dejada eginda amaitu zuen Altunak.

Dena dela, 22. tantora iristeko lana galanki egin behar izan zuten gorriek, eta hor Joseba Ezkurdia arbizuarrak berriro maisuki jokatu zuen, bai airez, bai eta botez ere. Gorriak 21-14 aurreratu ziren, baina bi tanto kateatu zituzten Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak, tanto aldea finalari begira oso garrantzitsua izan daitekeelako.

Azkenean, zeinek bestela, Ezkurdiak atzean amaitu zuen norgehiagoka, Binakako Txapelketan egin duen partidarik onena borobiltzeko.