«Gustatu zait kondaira batzuk beste leku batzuetatik ezagunak egin izana»
Geuretik Sortuak bekari esker, Atharratzen egin zuen egonaldia Eneritz Ibarra Azpeitiak. Bertako kondaira eta kontu zaharrak bildu ondotik, “Begi hütsez ezin ikusi” komikian eman ditu, mezu misteriotsu batekin abiatuz. Gainerako bekadunen lanekin batera, “Zazpikiak bat” bildumaren parte da. KAZETArekin aritu da prozesuaz solasean.

Udalbiltzak Geuretik Sortuak bekaren zenbait deialdi atera, eta komikienera aurkeztu zen Eneritz Ibarra Azpeitia (Eibar, 1982). Gainerako guziak bezala, itsu-itsuan eman zuen izena, ez baitzekien zein herritara joatea egokituko zitzaion. Bada, beka jaso eta Atharratzerako bidean jarri zen, bertako kondaira zaharren xerka.
Bi bidaia egin zituen bertara: lehenik, 2025eko apirilaren 11tik 21era bitartean egon zen, eta ondotik, uztailaren 19tik 28ra artean. Bertan jasotako istorio horiek guziak behar bezala txukundu, eta “Begi hütsez ezin ikusi” komikira eraman ditu. Hala, iragan azaroan aurkeztu zuen Udalbiltzak Ibarrarenarekin batera beste sei bekadunen komikiak biltzen dituen bilduma, “Zazpikiak bat” izenekoa.
Eibartarrak KAZETAri nabarmendu dionez, egonaldian oso oinarrizkoa izan zuen euskara. Une batzuetan «E? Zer esan duzu»-ren bat entzun eta gaizki ulerturen bat egon baldin bazen ere, anitz maitatu du atharraztarrek laguntzeko eginiko saiakera, eta nolako «goxotasunarekin» eraman zuten zubererara. Gauzak horrela, hizkera ere komikira eraman eta bertako euskalkian kaleratzea erabaki du Ibarrak: «Komikia zubereraz egotea Euskal Herri osoarentzat opari bat da, ez baititugu euskalkiak irakurri ohi».
Harrera egin zion herrira itzuliko da hilaren 28an. Izan ere, Korrika Kulturalaren barnean, “Begi hütsez ezin ikusi” aurkeztuko du Etxahun gelan, 18.00etan. Horrez gain, martxoaren 13tik 19ra lanari buruzko erakusketa egonen da Atharratzeko herriko kontseiluko gelan.
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren egonaldia Atharratzen egitea egokitu zitzaizun. Horren aitzin, ezagutzen al zenuen herria?
Bakarrik kantuetatik ezagutzen nuen Atharratze, oso modu bukolikoan. Ez nintzen egona; inguruetan bai, baina Atharratzera heldu gabe nengoen.
Bekan parte hartzeko, proiektu bat aurkeztu behar izaten duzue lehenagotik, zein helmuga izanen duzuen jakin gabe. Zein izan zen zurea?
Nik aurkeztu nuen proiektua zen herriko kontuak eta kantuak jasotzea, eta horiek komikira eramatea. Hori zen abiapuntua, oraindik jakin gabe Atharratzera edo nora joango nintzen. Beka lekua jakin gabe eskatzen da; zuk ez dakizu proiektu hori non egingo den. Beraz, moldagarritasun handia eduki behar du: herri handiago batera, herri txikiago batera... Oso gauza irekia proposatzen duzu, baina herrira hurbiltzean ikusten duzu benetan nondik tira eta zelan heldu.
Atharratzera joatea egokitu zitzaizun zuri. Helmuga ezagutu zenuenean nola egokitu zenuen proiektua?
Gehienbat burua zabaldu nuen. Esan dizudan bezala, ez nuen ezagutzen; orduan, esan nuen: «Tira, goazen oso ondo entzutera zer esan eta zer kontatzen duen bertako jendeak, eta hortik abiatuko gara». Orduan, proiektua moldatu nuen, eta jendearengana hurbildu nintzenean gehiago heldu nien kondairei. Lekuko kontu eta pasarteei-eta jarraitu nien.
Kondaira edo kontu zaharrak lortzeko nahiarekin joan zinen. Nola bildu zenuen informazioa?
Edith Inesek [herriko etxetik izan zuen laguntzailea] egin zidan sarrera, dena erakutsi zidan eta lurreratzen lagundu ninduen, ez izateko guztiz atzerritarra. Astelehen batean azokan postua jarri genuen liburu batzuekin, zertara nentorren kontatzeko. Jendea hurbildu eta haiekin hitzorduak hartzeko aitzakia izan zen.
Hortik, banakakoekin eta Prefostakoekin-eta elkarrizketa batzuk sortu ziren. Gero, ikastola eta kolegioan ere marrazketa-kontaketa saio batzuk egin genituen. Zaharren egoitzan ere egon nintzen, eta tertulia goxo bat egin genuen, kontatzeko zeukatena jasotzeko.
Nolako harrera izan zenuen hitzordu horietan? Lortu zenuen herritarrek bertako istorioak kontatzea?
Niri oso harrera polita iruditu zait, oso etxeko sentitu naiz. Jendeak bere pasarte, bizipen eta kondairak kontatu dizkit, leku eta egoera bakoitzari dagozkionak. Oso politak izan dira harremanak.
Kontatuko kondaira horietako bat?
Pixka bat zaila egiten zait aukeratzea. Gustatu zait kondaira batzuk niri ere beste leku batzuetatik ezagunak egiten zitzaizkidala ikustea: Tartalo Iratin, Ligiko zubiarena... Berez, kondaira edo gertakari oso antzekoak dira, Altzaiko herensugearena eta horrelakoak.
Polita izan da jakitea etxe batzuetan «Basajaun etorriko da!» eta horrelakoak erabiltzen dituztela, umeari beldur puntu bat emateko; edo, oheratzeko orduan, «Basajaun etorriko da, goazen ohera!».
Denetariko istorioak egon dira; orduan, oso-oso zaila da aukeratzea.
Nola islatu dituzu istorio horiek komikian?
Apirileko egonaldia gehienbat istorioak jasotzeko eta harremanetarako izan zen. Gero, etxera bueltan, nahikotxo buelta eman nizkien istorio horiei guztiei: zer kontatu, eta nola kontatu. Garrantzitsua iruditu zitzaidan nik han bizitakoa eta ikusitakoa jasotzea, eta Geuretik Sortuaken bidez Euskal Herriko beste lekuetara eramatea.
Azkenean, komikian kondairekin lotuta dauden paisaia eta lekuak sortu ditut, Atharratzen auzolana egiteko erabiltzen diren moduak, azoka, herriko hainbat leku... Mezu ezkutu batekin josi ditut denak: mezu ezkutu bat agertzen da Atharratzen, herriko azoka plazan, eta mezu horrek zer esango duen deszifratu nahiko dute. Hortik doa komikia.
Herrian entzundako istorio horietako batetik ateratakoa da mezu misteriotsua?
Batetik baino, denen puzzle bat da, edo gehien jo nautenena behintzat. Bertan kultur ekintza batzuetan egon nintzen, eta gero, Bekat'Uros eta horrelako ekimen handietatik ere jaso dut apur bat, eta hortik dator mezua.
Ez da zuzenean inork esandako zerbait, zeharka jaso dudan mezutxoa baizik.
«Zazpikiak bat» bilduma kaleratu ostean aurkezpen batzuk egin zenituzten; adibidez, Durangoko Azokan eta Hernanikomiken egon zineten. Nolako harrera izan du orain arte?
Aurkezpenetan egon naiz, eta giro epela egon da, jendeak galdetu du. Oso polita izan da sortzaile bezala beste sortzaileek beste herri batzuetan zer bizipen izan duten partekatzea; ikustea bakoitzak nondik eutsi dion eta zein ezberdinak diren “Zazpikiak bat” bilduman gordetzen diren zazpi komikiak.
Azkenean, zazpi esperientzia, zazpi helmuga, egon dira, eta hori partekatzea oso interesgarria iruditu zait. Nik uste dut polita dela hartzaileentzat, estilo eta kontakizun desberdinen bilduma osatzen baitu.
Zazpi komiki biltzen ditu bildumak, baina badago horiek batzen dituen haririk?
Ez, ez dago hari zuzenik. Ikusten baduzu, estiloak guztiz ezberdinak dira, kolore aldetik ere ez dago batere antzekotasunik... Zazpi aletxo daude elkartuta, eta bakoitzak alde batetik atera du: batzuek historiatik, batzuek gehiago fantasiatik, beste batzuek pertsona baten bizipenetik... Oso ezberdinak dira.
Asteburu honetan bertan aurkeztu duzu Atharratzen «Begi hütsez ezin ikusi» komikia, Korrika Kulturaren barruan. Behin Geuretik Sortuak bukatuta, baduzu beste proiekturik esku artean?
Orain proiektu txikiagoetan nabil, baina honek eman dit ausardia buruan nituen beste ideia batzuk komikira ekartzeko gai naizen ikusteko: pixka bat luzetxoagoa den nire aitonaren bizipenen inguruko komiki bat, gatazka eta ikasketa batzuei buruzkoa; hori da oraintxe bertan daukadan erronka potoloena.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
17 de marzo, huelga general
