Mikel ZUBIMENDI
MUNDUKO ORDENAREN BERRANTOLAKETA

Justifikazio faltsurik ez da behar: gerrak iraungo du eta ez dauka amaiera idatzita

Khamenei aiatola hilda, herria matxinatu eta gobernua botako zuela uste zuen Trumpek, oker. Iranek AEBren baseei eraso die Qatar, Bahrain, Kuwait, Saudi Arabia, Jordania, Zipre eta Arabiar Emirreri Batuetan, baita Israeli ere. Gerra Libano, Yemen eta Irakera zabaldu da, eta Pakistan eta Afganistanen arteko Durand lerrora. Trumpek, atzera-martxa sartzen hasi, eta Teheranekin hitz egin nahi duela dio.

(Ibdul Kader AL BAY | DPA EUROPA PESS)

Agian Donald Trumpek hori pentsatu du: Ali Khamenei aiatola hil, eta kito! Garaipena aldarrikatu eta erretiratu. Baina lokatzetik hanka ateratzea baino errazagoa da lokatzetan hanka sartzea, eta, Iranentzat hil ala bizikoa den heinean, badirudi gerrak luze joko duela eta gatazkaren amaiera ez dagoela idatzita. Baita Trumpen burugabekeriak neurririk ez duela ere.

Bi hipotesirekin jokatu du Trumpek: Baga, Khamenei hilda, xiismoaren «kutsadurarik» gabe, antzinako nazio persiarra berreskuratuko duela, eta hartara Reza Pahlavi putre oportunista, Persiako azken xah-ren oinordekoa, prestatuta eduki. Eta biga, AEB eta Israelen su-potentziaren aurrean Irango Guardia Iraultzailea errenditu egingo zela. Bada, ez bata, ez bestea. Irango sistema ez da kolapsatu. Bere erantzuna iragan udakoa baino askoz gogorragoa izan da, eta denboran eutsiz gero, desestabilizaziorako potentzial latza du.

Ez dago garbi zenbateraino nahi zuen Trumpek gerra hau. Baina oso argi geratu da zein ahul eta dudatsua den, israeldarrek eta saudiarabiarrek gerrara joateko zein erraz manipulatu duten. Baita Txinak aspaldi salatzen duen «gerraren adikzioaren sindromea» noraino sartua den AEBn erraietaraino ere, nola herrialde bat gerraren menpeko den bere existentzian gerra lehentasun bihurtzen duenean.

KOSTUAK HANDITU

Erasoa ez da sorpresa izan. Nekez izan daiteke, bi hegazkin-ontzitako floten armategi itzela apuntatzen dauzkazunean. Diplomazia estalkia izan da, irandar defentsak ahultzeko amarrua. Inork ez du negoziazioen porrota iragarri. Eta ohar gisa balio beharko luke; ezin da AEBren bitartekaritzaz eta erreguez fidatu, Troiako Zaldi nagusia dira.

Teheranek orain ez du su-etenik nahi, eta Trumpen negoziaziorako proposamena atzera bota du. Arrazoia argia da: AEBri eta Israeli gerra berri baterako berriz hornitzen eta mobilizatzen uztea litzateke, hilabete batzuen bueltan berriz erasotzeko atea zabaltzea. Su-etena onartzeko, orain artekoak baino kostu askoz ere handiagoak ordainarazi behar dizkiela uste du. Bestela, gerra berriz hasiko dutela, beren kalkuluaren arabera.

Eta beste kontu bat dago: katolikoentzat Aita Santua dena zen Khamenei aiatola xiitentzat. Munduko erlijio handienetako baten (250 milioi xiita baino gehiago) 86 urteko agintari gaixotua hiltzeagatik pozez zoratzea -Trumpek sare sozialetan egin bezala-, ez da negoziaziorako aurrekari zentzuzkoena. Netanyahuk eta Trumpek martiri egin dute Khamenei. Baina Israelgo lehen ministro ohi Naftali Bennettek adierazi bezala, «[Iranek] ordezkatze plan oso landua prestatuta zeukan, kolektiboki burua mozteko Israelek gauza zezakeen operazio bati aurre egiteko».

Israelen publikoki esaten denez, «Turkia da hurrengo Iran», bere existentziarako hurrengo mehatxua. Baina Iran edo Turkia, ala alderantziz, mehatxu estrategiko bat ez da mehatxu existentziala; are gutxiago, Israel auzoko herrialdeei behin eta berriz erasotzen dien, nazioarteko agentzia nuklearraren esanetara makurtzen ez den eta 75 eta 400 arma nuklear artean dituen herrialdea izanik. Zergatik gezurra? Zergatik moral bikoitza? Zergatik hipokrisia?

GEZURRAREN FORMULA

Trump, 2025eko ekainean: «Irango hiru instalazio nuklearrak guztiz hondatuta geratu dira». Steve Witkoff bere negoziatzailea, 2026ko otsailean: «Iranek astebete barru bonba nuklearrak ekoizteko materiala izango du». Trump 2024ko hauteskunde gauean: «Ez ditut gerrak hasiko». Pete Hegseth, Gerra Departamentuko burua, iazko abenduan: «Demokrazia eraikitzen, gerra mugagabeetan eta erregimen aldaketetan ez gara distraituko».

AEBn askok ez dituzte desberdinduko fikziozkoak irudituko zaizkien eta kronologikoki urrun dauden antzinako zibilizazioen ondorengo diren Iran eta Irak. Marvelekoa ez bada, antza, ez da marabillarik. Baina bestelako fikzio batek hartu du lekua: AEBk eta Israelek munduko gaizkilearen papera beren gain hartu eta urte baten buruan bigarren aldiz Irani eraso diote, erregimen aldaketa xede 2003an Iraki eraso zioten bezala. Ezberdintasuna da ez dutela Iranera soldadurik bidaliko.

Gezurren neurria harrigarria eta ezin zuzenduzkoa da. Eta formula berak erabili dituzte: Iraken eta Iranen ahalmenak esajeratu, gerraren aldeko kontsentsua sendotzeko.

Aire erasoek presidenteak hil ditzakete. Baina lurra zapaltzeke ezin da kolapso politiko bat lortu. Herrialde bati burua mozteak nekez lortzen du erregimen aldaketa bat. Eta, sarritan, gerrak gaiztotzen ditu, era deskontrolatuan, denboran oso luze. Eta oso latz.