Ilargi AVILA
24. KORRIKAREN AURKEZPEN SOZIALA

24. Korrika, «euskararen arnasa» bermatzeko

24. Korrikaren aurkezpen soziala egin zuten atzo Iruñeko Baluarte Jauregian. Bi aste besterik ez dira falta ekimena hasteko eta «euskararen arnasa» Euskal Herriko leku guztietara eramateko. Antolatzaileek hizkuntzaren izaera irekia nabarmendu zuten eta euskalduntzea bermatzeko erremintak eta hizkuntza politikak eskatu zituzten.

Baluarteko Jauregian eginiko 24. Korrikaren aurkezpen soziala.
Baluarteko Jauregian eginiko 24. Korrikaren aurkezpen soziala. (Iñigo URIZ | FOKU)

Baluarte jauregiko Luneta aretoa jendez gainezka zegoen atzo arratsaldean. 24. Korrikaren aurkezpen soziala han egitea erabaki zuten AEK-ko kideek, bertatik Nafarroako euskal komunitateari jaian parte hartzeko gonbita luzatzeko xedez.

Aretoan, zenbait mahairen gainean, Errigorako jakiak eta edariak aurkitu zituzten bertaratu ziren herritar, eragile eta komunikabideek. Aurkezpena hasteko zain zeuden bitartean, Ager eremuko produktuekin sabela eta eztarria baretzeko aukera izan zuten, zenbait ardo mota, ozpinetakoak eta kanapeak dastatuz.

Aurtengo Korrikako abestia bozgorailuetatik entzutearekin batera eman zioten hasiera ekitaldiari. Antolatzaileek ‘klip’ labur bat proiektatu zuten, ikusleei Korrikaz gozatzen duten hainbat herritarren bizipenak erakusteko, jaiak euskaldunengan pizten duen ilusioa irudikatuz.

Era berean, komunitatearen indarra azpimarratu zuten, hizkuntza eraikitzeko herria egin behar dela esanez.

EUSKARA ESKURAGARRI

Xabi Gartziak, AEKren Nazio Kontseiluko kideak, ohartarazi zuen Korrika abiatzeko «hamahiru egun eta ordu batzuk» besterik ez direla falta: martxoaren 19an abiatuko da lekukoa Atharratzetik, eskuz esku Euskal Herrian barrena aurrera eta atzera ibiltzeko. Aurtengo edizioan, Korrikaren ibilbideak 2.180 kilometro izango ditu eta 3.436 lekuko-hartze egingo dituzte guztira, inoiz izan direnak baino gehiago.

Gartziak, «euskaldunon komunitateari euskararen ezagutza unibertsala zor» zaiola adierazi zuen. Hain zuzen, Korrika hastapenetik Euskal Herri osoan herritar guztiek euskaraz eroso bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko egiten hasi zela gogoratu zuen.

Ildo beretik, AEK-ko kideak azpimarratu zuen hizkuntza politika eta erreminta «ausart, sendoak, doakoak eta guztiontzat eskuragarriak» oso beharrezkoak direla, baldin eta hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntzea bermatu nahi bada.

«EUSKARA ARNASA DA»

24. edizioa “Euskara gara” lelopean egingo da, komunitatearen izaera irekia eta askotarikoa azpimarratzeko. Korrikako arduradun Ane Elordik esan zuenez, «euskara ez da muga, arnasa baizik; zubi gisa landu behar da, kohesio sozialerako tresna moduan». Hitz horiekin aditzera eman nahi izan zuen herritarren jatorria edo ezagutza-maila edozein dela ere euskararen herrian denontzako lekua dagoela. «Euskararen herrira jausi nahi duten guztien herria gara, bertan jaioak izan zein kanpotik etorritakoak».

Elordik iragarri zuen aurten hainbat ekimen eta keinu berezi izango direla eta bestelako aldarrikapen sozialak eta edizio honetako omenduari, hots, Errigorari, lotutako ekitaldiak gauzatuko dituztela.

Esaterako, Errigorako ekoizle, sarekide eta bidelagunen artean kilometro bat egingo dute eta Gasteizko Bake kalean “Palestina gara” lelopean lekuko-hartze berezia izango da, Euskal Herriko komunitate palestinarra erdigunean jartzeko.

Bukatzeko, Korrikak ospakizuna eta aldarrikapena, biak, batzen dituela gogorarazi zuen Elordik. «Ez gara folklorea, euskara gara. Horregatik, dei egiten dizuegu Korrikan parte hartzera, Korrikaz gozatzera. Baina baita ere Korrikaren mezua zuena egitera, eta zabaltzera», azpimarratu zuen.